Koronabirusa

Txertoak zeharo murriztu du izurria zahar etxeetan

Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Datuek argi eta garbi erakusten dute egungo argazkia ez dela iazko bera: otsailaren erdialdean zahar etxeetako txertaketa prozesua bukatu zenetik, COVID-19a ia erabat desagertu da Hego Euskal Herriko egoitzetatik. Kasu bakan batzuk gelditzen dira Araban eta Nafarroan, baina sintoma arinak dituzte, edo asintomatikoak dira.

Nafarroan, zehazki, lau positibo atzeman dituzte azken hiru asteetan, herrialdeko 71 zahar etxe publiko zein pribatuetako 15.000 egoiliar eta langileen artean. Gaixo horietatik bat sendatu da jada, beste bik sintoma arinak dituzte, eta azkena asintomatikoa da. Inork ez du ospitaleratzerik behar izan. Atzo eguerdian eman zituzten datuok Osasun kontseilari Santos Indurainek, Eskubide Sozialen kontseilari Mari Carmen Maeztuk eta Lehen Arretako kudeatzaile Manuel Carpinterok.

«Txertaketa mugarri izan da pandemiaren aurkako borrokan», azaldu zuen Indurainek: «Esan dezakegu etapa ilun bat bukatu eta berri bat hasi dela, eta hori zor diegu hiru faktoreri: gaitza detektatzeko protokoloei, antolakuntzako neurri zorrotzei eta, jakina, txertaketari».

Abenduaren 27tik otsailaren 12ra bitartean, 8.300 egoiliarri eta 7.000 bat langileri jarri zizkieten txertoaren bi dosiak. Egoiliar guztien %93,8ri eta egoitzetako langileen %75,4ri, alegia. Sendagiri epidemiologikoak 605 dira, eta hamabi langilek etxean bakartuta segitzen dute, gaitza gainditu arren. Bestalde, elbarri eta desgaitasunak dituztenentzako 53 zentroetan ez da kasu aktiborik atzeman, eta pertsona bakarra dago ospitaleratuta.

Horrek ez du esan nahi, baina, agerraldirik gertatu ez denik: otsailean, izurriaren agerraldi bana atzeman zituen Osasunbideak Mutiloako eta Andosillako egoitzetan, baina, Maeztu kontseilariak azaldu zuenez, detektatutako 40 kasuetatik bakar batek ere ez zuen koronabirusarekin lotutako sintomatologiarik izan: «Beste egoera batean egon izan bagina, agerraldi horiek eragozpen ugari eraginen zituzketen, baina, txertaketari esker, halakoak saihesteko gai izan gara».

Datu berrien argitara, zahar etxeetako neurri murriztaileak malgutzeko asmoa agertu du Maeztu kontseilariak. Otsailaren 26an egin zituzten lehen urratsak: egoitzetatik ateratzeko baimena eman zieten egoiliarrei, itzultzean PCR proba egiteko beharrik gabe. Gainera, itxiera perimetrala ezarri zenetik lehen aldiz, beste erkidego batzuetan bizi diren senitartekoek aukera izanen dute Nafarroara joan eta egoiliarrak bisitatzeko, datorren astetik aurrera.

Azken kasuak Araban

Gipuzkoako eta Bizkaiko zahar etxeetan ere nabaria da txertaketaren eragina, eta, oraintxe, ez dago erregistraturik COVID-19aren kasu bakar bat ere. Araban, berriz, lau kasu aktibo daude, bi zentrotan: Gasteizko Roure zahar etxean (kutsatutako egoiliar bat) eta Ekorako egoitzan (hiru positibo). Sintomak arinak dira kasu guztietan, eta espero izatekoa da datozen egunetan sendatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.