Belateko tuneleko lanak lizitatu dituzte, 2028an bukatzea helburu

Nafarroako Gobernuak esan du lanek 95 milioi euroko kostua izanen dutela. Tunelak Europako legedira egokituko dituzte, hogei urte berandu

Belateko tuneleko lanak lizitatu dituzte, 2028an bukatzea helburu.
Ion Orzaiz - Paulo Ostolaza
Iruñea
2023ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Argi printza bat, Belateko tunelaren bestaldean. Nafarroako Gobernuak iragarri du tunel hori berritzeko eta bikoizteko obrak lizitaziora atera dituela, eta, hortaz, aurten adjudikatuko dituela, urtea amaitu aurretik lanei heltzeaxede. Almandozko tunel berriaren proiektua ere mahai gainean du Maria Txibite lehendakariaren kabineteak, baina lan horiek geroago hasiko dituzte: 2024ko erdialdean, dena ongi bidean. Luze joko du proiektu osoak, 2028. urterako espero baitute amaitzea.

Lan horiekin, eta Iruñea eta Behobia (Gipuzkoa) lotzen dituen N-121-A errepidean egiten ari diren gainerakoekin, «puntu beltz bat» konpondu nahi du gobernuak, eta «zor historiko bat kitatu» Baztango eta Bidasoko herrietan bizi diren 22.000 herritarrekin.

«Nafarroan azken hamarkadetan eginiko lan konplexuena eta garrantzitsuena» dela esan zuen Txibitek atzo, proiektuaren aurkezpenean. 95 milioi euroko kostua izango dute Belateko zatiko lanek, eta iragarri dute 45 hilabeteren buruan amaitzea aurreikusi dutela.

Bi helburu nagusi ditu Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko proiektuak: batetik, errepide istripu ugari dituen puntu beltz bati konponbide iraunkor bat ematea, eta, bestetik, EB Europako Batasunak ezarritako segurtasun legeekin behingoz konplitzea. Izan ere, Europako Errepide Sareko tunelen segurtasun baldintzak arautzen dituen 2004/54 zuzentarauaren arabera, luzera eta trafiko kopuru horretako tunelek larrialdiko irteerak eta pasabideak eduki beharko lituzkete oinezkoentzat, eta noranko bakoitzeko hodi bat. Zuzentarau hori 2004. urtean onartu zuen Bruselak, baina orain arte ez dute N-121-A errepidean aplikatu.

2018an, egokitze lan batzuk egin zituen Nafarroako Gobernuak, baina, Txibiteren esanetan, «adabakiak» izan ziren. «Europako araua indarrean sartu eta ia hogei urtera, konponbide iraunkor bat izanen dugu, azkenik». Belateko eta Almandozko tunelen lanak amaituta, Europako legeak «Nafarroako errepide guztietan» beteko direla gaineratu zuen lehendakariak.

Bi tunel, bost zati

Tunelak berritzeaz gain, horiek «bikoiztea» da atzo lizitatutako proiektuaren muina: egungoen parean bide paralelo bat eraikitzea, alegia, noranzko bateko eta besteko trafikoa banatzeko. Horrez gain, egungo tunelak ere goitik behera berrituko dituzte, segurtasuna handitzeko eta Europako arauetara egokitzeko.

Faseka egingo dituzte lanak, eta 2028. urte hasierarako amaitzea da asmoa. Bost zati izanen ditu proiektuak: Belateko tunelaren aurreko zatia, Belateko tunela bera, tunelen arteko zatia, Almandozko tunela eta Almandozko tunelaren ostekoa. Belateko tunel barruko lanei ekinen diete lehenbizi, «zati luzeena eta konplikatuena delako». Horren ostean, Almandozkoarekin hasiko dira. 2024. urtearen erdialdean adjudikatuko dituzte lan horiek, eta 28 hilabete iraungo dutela espero dute; bi tunelen arteko tartea eraikitzeko lanak, berriz, 2025ean emanen dituzte, eta 20 hilabete iraunen dute; eta, azkenik, gaur egun eginak dauden tunelak egokitzeko lanak adjudikatuko dituzte, «2026 amaieran edo 2027 hasieran». Horiek egiteko urtebete beharko dutela aintzat hartuta, proiektu osoa 2028rako prest egotea espero dute.

Lanen lehen fasearen aurrekontua 95 milioi eurokoa da, eta horrela banakatu zuen Txibitek: 35 milioi hondeaketa lanetarako, 16 sostengua indartzeko lanetarako, 10 estalduretarako, eta 7 segurtasun instalazioetarako, besteak beste. Tunel berria 2.885 metro luze izanen da, gaur egungoa bezala, gutxi gorabehera, eta egungoaren alboan eraikiko dute. Hala ere, bi tunelak ez dira erabat paraleloak izanen: bien artean 30 eta 150 metro arteko tartea egonen da. Tarte horretan, larrialdietarako pasabide bat ere eraikiko dute, oinezkoak igaro daitezen.

Belateko eta Almandozko tuneletan egin asmo dituzten lanez gain, N-121-A errepide osoan ari dira egokitzapen lanak egiten, errepidea zabaldu eta «2+1» erraileko bide bihurtzeko.

Segurtasunik eza, agerian

Behobia Iruñearekin lotzen duen errepide nagusia da N-121-A, baina azken urteetan izandako istripuek agerian utzi dituzte bidearen segurtasun arazoak. Egunean 11.000 ibilgailutik gora pasatzen dira errepide horretatik, eta haietatik 2.800 inguru dira astunak. Errepidearen inguruko herrietako alkateek deituta, protesta ugari ere egin izan dituzte Belateko eta Almandozko tunelen segurtasun falta hori salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.