LABek proposatu du hizkuntza ereduak «gainditzea»

Sindikatuak EAEko hezkuntza akordioari begirako dekalogoa aurkeztu du. Langileen egoeran eta antolaketan eragin nahi du

Garbiñe Aranburu eta Irati Tobar LABeko ordezkariak, atzo, proposamenaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
«Euskal Herrirako Hezkuntza Sistema propio eta burujabea eraikitzea da gure helburua», adierazi zuen atzo Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak. Hori lortzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioari begirako dekalogoa ondu du sindikatuak, eta, besteak beste, proposatu du hizkuntza ereduak «gainditzea».

LABen arabera, EAEko hezkuntza akordioaren inguruko eztabaida ireki izana «aukera» bat da «hezkuntza eraldatu» nahi dutenentzat. Sindikatuaren proposamenak, esaterako, euskal hezkuntza sistemak zeri erantzun beharko liokeen planteatzea du oinarri, eta indar «euskaltzale, feminista, ezkertiar, antirrazista eta eraldatzaileak aktibatzea» du helburu.

Hezkuntza sistema antolatzeko orduan ituntze unibertsala «amaitzea» garrantzitsua dela uste du LABek. Izan ere, Irati Tobar LABeko irakaskuntzako arduradunaren arabera, 78ko itunen ondorioz Espainiako Estatuan ezarri zen «hezkuntza sistema duala eta hizkuntza eredua gainditu beharra dago».

Horrez gain, eskola publikoa ardatz duen «publikotasun berri» baten alde egin behar dela nabarmendu du sindikatuak, eta gaineratu du euskalduntzen duen «eredu orokortu» bat ezarri behar dela, hezkuntza «formalean eta ez-formalean» eragingo duena.

Langileen parte hartzea

Hezkuntza antolaketan ez ezik, langileen egoeran ere eragin nahi du LABek, aurkeztutako dekalogoaren bitartez. Horregatik, langileen «parte hartzerako espazioak» eskatu eta erabiliko ditu, beharginek itunean parte hartzeko aukera izan dezaten. Era berean, uste du langileen aitortza eta baldintzen «hobekuntza» lortzeko ratioak jaitsi behar direla, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.