Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Zergatik ditu Alemaniak hain hildako gutxi?

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
COVID-19 gaixotasunarengatiko heriotza-tasa ezberdinak ikusten ari gara Europako herrialdeetan; egungo datuak ikusita, Italian %9, Espainian %6, Erresuma Batuan %4,9 eta Frantzian %4,2. Euskal Herriko heriotza-tasa %4,2koa da. Alemaniaren kasua bitxia da: 25.000 kasu diagnostikatuak ditu, eta bakarrik 94 hildako. Hipotesi ezberdinak aurreikus daitezke gertaera xelebre hori argitzeko.

Lehen hipotesian, baliteke birusa geroago agertu izana Alemanian. Europako lehen kutsatze-agerraldi lokala Italian aurkitu zen, eta oso aurreratuta zegoen azaleratu zenean; horregatik, bertan hildakoak bizkor iritsi ziren. Horrek esan nahi du agerraldiak aste batzuk zituela aktibo, gaixotasunak bizpahiru aste behar baititu heriotza eragiteko. Espainian ere detektatutako kasuak biderkatu egin ziren, agerraldia bertan zegoelako. Alemanian ere hauteman ziren lehen kasuak, baina haien agerraldia, seguru asko, hasi berria zen. Bertako birologo batek, Christian Drostenek, hala esan zuen: «Diagnostiko asko egin genuen, asko testatu genuen. Lehenengo fase horretan ez dut uste kasu garrantzitsu asko galdu genuenik».

Horrek azal lezake heriotza-tasa txikiagoa izatea. Bi arrazoirengatik. Lehenik, Alemaniak kasuak hasieratik atzeman baditu, gazte kutsatu gehiago aurkituko dituelako, gehiago bidaiatzen dutenez eta atzerritarrekin harreman handiagoa dutenez badirudi haiek direla kutsatzen lehenak. Heriotza ohikoagoak dira birusak aurrera egiten duenean eta pertsona zaharragoak kutsatzen direnean.

Beste arrazoi bat da hiltzeko denbora bat behar dela; horregatik igo da herrialde batzuetan heriotza-tasa denborarekin. Alemaniako agerraldia Italiakoa edo Espainiakoa baino berriagoa bada, haren heriotza-tasa handitu egin daiteke hurrengo egunetan.

Beste hipotesi bat izan daiteke alemaniarrak gu baino gazteagoak izatea. Herrialde bakoitzeko populazioaren piramideak eragina izan dezake heriotza-tasan. Baina horrek ez dirudi Alemaniako kasua azaldu dezakeenik, bertan populazioaren %25ak 65 urte baino gehiago ditu, eta Italian, esate baterako, %26ak. Gainera, Alemaniako hildakoen batez besteko adina 47 urte dira, eta bakarrik %20k dituzte 60 urte baino gehiago.

Beste hipotesi batek dio honen guztiaren atzetik testak egitea dagoela, hau da, ahalik eta gehien diagnostikatzea. Alemaniak badirudi 4.000 test egiten dituela milioi biztanleko, Espainiako Estatuan 625 egin dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan 3.000. Infekzio guztiak antzematen badira, arinenak ere, hildakoen erlazioa baxuagoa izango da infektatu guztiekiko.

Litekeena da Alemanian birusak sorrarazitako hilgarritasun baxu hori hainbat gauzaren nahasteak eragindakoa izatea. Proba asko egiten jarraitzen badu, haren datuak gure datuetatik oso urruti egongo dira, baina hango agerraldia gurearekin konparatuta hasi berria bada, hildakoen kopurua handituz joango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.