Koronabirusa. Andres Krakenberger. Programako laguntzailea

«Ingurukoren bat galduz gero, garrantzitsua da hitz egitea eta barrua hustea»

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun

COVID-19arengatik, ia hilabete igaro zuen Andres Krakenbergerrek (Lima, 1957) ospitalean, eta horietatik bederatzi egun zaintza berezietako unitatean. Bi senide ere galdu zituen birusaren ondorioz, eta ezin izan zien agur esan. Orain, Jaurlaritzaren Betirako programan laguntzen ari da.

COVID-19a igaro ostean, etxean zaude. Nola egon zara?

Martxoaren 23an joan nintzen ospitalera, eta momentuan erietxeratu ninduten. PRC proba egin zidaten, baina negatibo eman arren bertan gelditzeko esan zidaten, birikak oso gaizki nituelako. Handik bi egunera oso ahul sentitzen nintzen; ez nintzen gai eskuko behatza doblatzeko ere. ZIUan ingresatu ninduten berehala, eta zazpi egun egon nintzen hodiak jarrita.

Bi senide ere galdu zenituen. Nola bizi izan zenuen egoera?

Nire amaginarreba ni ospitalean sartu baino bi egun lehenago hil zen, eta emaztearen osaba bat, berriz, ZIUan nengoela. Lehenengo kasuan, ezin izan nintzen joan beilatokira, sintomak nituelako. Agurrik ere ez genion egin, eta asmoa da baldintza hobeak daudenean egitea. Osabaren kasuan, ez nintzen enteratu ere egin hil zela, inkontziente bainengoen.

Laguntzarik behar izan al duzue dolua egiteko?

Zorionez, nahiko ongi onartu dugu heriotzen kolpea, baina gogorragoa izan da nire emaztearentzat. Heriotzak ez ezik, gogorrak egin zitzaizkion ospitalean igaro nituen egunak. ZIUra eraman ninduten lehen egunean medikuek esan zioten ikusi egin beharko zela gaua pasatuko nuen ala ez; ni baino okerrago egon da. Hala ere, azkenean, uste dut ongi ari garela aurrera egiten, eta, oraingoz, ez dugu laguntza psikologikorik behar izan.

Garrantzitsuak iruditzen al zaizkizu horrelako programak?

Bai, uste dut baliagarriak izan daitezkeela egoera honetan dolua egiteko. Batetik, dolua ahalik eta osasuntsuena izan dadin, aukera eskaintzen dute psikologoekin telefonoz hitz egiteko, eta behar izanez gero, aurrez aurre. Heriotzaren kolpea hobeto prozesatzen lagundu dezaketela uste dut, eta horrek lagunduko du dolua osasuntsua izan dadin. Bestetik, estigma soziala dagoela uste dut, eta oraindik ere psikologo batengana joatea gizartean ez dago horren ongi ikusita, baina apurtu egin behar dira estigma horiek.

Zer da dolu osasuntsua?

Inguruko pertsonaren bat galduz gero, garrantzitsua da negar egitea, beste pertsona batzuekin hitz egitea eta barrua hustea. Hori da dolu osasuntsua, nire ustez. Gainera, COVID-19arekin ezin izan dira agurrak baldintza onetan egin, eta hori ere bada dolurako elementu garrantzitsu bat; jende asko dago egoera honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.