Koronabirusa

Jaurlaritzak 'Betirako' abian jarri du, doluan arreta emateko programa bat

COVID-19arengatik hil direnen hurbilekoei eskainiko diete arreta. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 400 familia inguru izan daitezke hartzaileak. Omenaldi birtualak egingo dira

Gasteizko Salburua parkeko Ataria interpretazio zentroan egin zuten Betirako programaren aurkezpena, atzo. IREKIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
COVID-19aren ondorioz inguruko pertsonaren bat galdu dutenei doluan laguntzeko, Betirako programa abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Eskainitako datuen arabera, aurreikusten dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hurbilekoren bat galdu dutenen %30ek beharko dutela laguntza psikologikoa, «depresio, antsietate edo insomnio sintomei» aurre egiteko, besteak beste. Hain zuzen, jakinarazi dute 400 familia baino gehiago izan daitezkeela programaren onuradunak, eta 303.000 euro jarriko dituztela. Horretarako, psikologo talde bat jarri dute herritarren eskura. Jaurlaritzak uste du profesionalen laguntza jasotzeak dolu prozesuan eta etorkizunean egon daitezkeen «ondorio psikologikoetan» lagundu dezakeela.

Hain zuzen, atzo egin zuten programa aurkezteko agerraldia, Gasteizko Salburua parkeko Ataria interpretazio zentroan. Han izan ziren, besteak beste, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Gorka Urtaran Gasteizko alkate eta Eudeleko lehendakaria, eta doluaren inguruan lan egiten duten erakunde batzuetako ordezkariak. Koronabirusagatik hil diren pertsona batzuen senitartekoek ere ekitaldian parte hartu zuten; izan ere, hildakoak ere omendu zituzten.

Hiru taldetan banatu dituzte programaren hartzaileak. Batetik, azaldu dutenez, COVID-19aren garaian birusarengatik edo beste gaixotasun batengatik hurbilekoren bat galdu dutenek arreta jasotzeko aukera izango dute; bestetik, dolu prozesua egiteko ingurukoren batengatik kezkatuta daudenek ere jasoko dute arreta, informazioa eskuratzeko. Azkenik, osasun, gizarte edo hezkuntza eremuetako profesionalek ikusten badute norbaitek laguntza behar duela, programara jotzeko aukera izango dute. Blanca Angulo Betirako programako psikologoa da; haren ustez, «komenigarria» da profesionalengana jotzea: «Pertsona gehienek beren familiarteko edo hurbileko pertsonen laguntzarekin egin ahalko diote aurre galerak dakarren minari, baina komeni da profesionalen laguntza ere izatea, heriotzak egoera traumatiko batean gertatu baitira». Telefono zenbaki bat jarri dute herritarren eskura, eta arreta jaso nahi duen orok 900-908 744 zenbakira deitu dezake. Zerbitzua, gainera, doakoa da.

Are, herritar askorentzat zaila izan da hil direnei agurrak egitea pandemiaren garaiotan, eta, horri irtenbide bat emateko asmoz, Agurrak egitasmoa abiatu du Jaurlaritzak. Hain zuzen, omenaldi birtualak egiteko aukera eskaini du. Beatriz Gazquez proiektuko kideak eman du horren berri: «Doluaren prozesuan agurra baldintza onetan egin ezin izanak arazoak sor ditzake; proiektuaren bitartez, familiei eta lagunei aukera emango zaie agur horiek era birtualean egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.