Hizkuntza politika «proaktiboa» izateko zirrikitu bila, udaletan

Euskara zerbitzuen eginbeharrez eta euskaraz lan egiteaz gogoetatu dute zenbait teknikarik Donostian, 'Udalak eragile' jardunaldietan

Iñaki Arruti, Idoia Zabaltza eta Maite Zarate euskara teknikariak, atzo, Donostiako Miramar jauregian. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Tokiko hizkuntza politikatik abiatuz nola eragin euskaran. Gai horren inguruko arituen eta adituen iritzi trukerako gune da atzo eta gaur Donostiako Miramar jauregia. Udalak eragile jardunaldiak egiten ari dira han Euskalgintzaren Kontseilua eta Eusko Jaurlaritza. Soziolinguistikoki oso egoera desberdinetan dauden lau herri edo ingurutako euskara teknikariak hizketan jarri zituzten atzo eguerdian.

Udal zerbitzuak euskaraz emateko aukerez, euskara udalen jardunean zehar-lerro moduan txertatzeko moduez eta legediaren bermeez eta zirrikituez aritu ziren Iñaki Arruti Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Udaleko Euskara Zerbitzuko burua eta Idoia Zabaltza Agoitz eta Aezkoako (Nafarroa) Euskara Zerbitzuko teknikaria. Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioaren arabera, bi eremu administratibotan jarduten du Zabaltzak: eremu mistoan dago Agoitz, eta euskaldunean, berriz, Aezkoako ibarreko herriak. «Egitura sozialei» begiratuta ere egin daiteke banaketa, Zabaltzak azaldu zuenez. Landa giroko herriak dira Aezkoakoak, eta populazioa galtzen ari dira; Agoitz, ordea, biztanleria gazteagokoa eta «egitura sozial sendoagokoa» da, dioenez; gainera, azken urteetan geroz eta immigrante gehiago jasotzen ari da.

«Ertz askoko» errealitate horrek hizkuntza politika berezituak aplikatu beharra dakarrela azaldu zuen Zabaltzak; batzuetan, «hizkuntza eskubideak bermatzen» saiatzea izaten dela helburua, eta, beste batzuetan, «eskubideetatik haragoko» xedeetan, eragitean, indar handiagoa egiteko aukera dutela. «Egitura sozialaren» araberakoa da hein batean, haren arabera. Izan ere, zenbait herritan langile bakarra izaten da udalean. «Alferrikakoa da hizkuntza politika pentsatzea eta aplikatzea langile bakarreko udal batean».

Hain justu, euskara zerbitzuek zenbateraino izan behar duten udalaren hizkuntza politika lantzeko arloa eta zenbateraino gainerako zerbitzuak busti eta horietan eragiteko sailak, horren inguruan ere aritu ziren hizlariak. Lasarteri dagokionez,«eboluzioa» ikusten du Arrutik. Hasieran, euskarazko egitasmoak antolatzean zentratzen zirela zehaztu zuen, baina ohartarazi horren helburua «erresistitzea» dela, eta ez «hizkuntza normalizatzea». Egun, «ahalik eta gutxien egiten eta ahalik eta gehien eragiten» ahalegintzen direla adierazi zuen; hots, udalaren zerbitzu guztiak euskalduntzen saiatzen dira.

Horretarako dauden korapilo nagusietan eraginkor jokatzeko beharra azpimarratu zuen Arrutik. Herritarrekiko harremanak sarritan modu elektronikoan egiten direla zehaztu zuen, esaterako, eta alor hori «operatibizatu» beharra dagoela: «Informatikari euskaltzaleak behar ditugu». Bestalde, esan zuen sarritan udaletxeko leihatila hartzen dela adibidetzat herritarren arretaz aritzean, eta gogorarazi zuen intentsitate eta iraupen handiagoko bestelako komunikazioak ere izaten dituztela udalek, eta modua dagoela horietan euskarari zentralitatea emateko. Horretarako, baina, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «hizkuntza eskubideen defentsatik» harago jo behar dela adierazi zuen, «proaktibitatera» igaro behar dela: «Administrazioak ezin du izan neutroa. Hizkuntza normalizazioak behar duen eraldaketa sozial ikaragarriko prozesu bat ez da aktibatzen posizionamendu neutro batekin, ez da katalizatzen».

Gainera, ziurtatu zuen legediak modua ematen duela sarritan udalek herritarrekin egiten duten baino euskara gehiago egiteko; are, esplizituki adierazten duela Euskal Autonomia Erkidegoko Udalen Legeak —Espainiako Auzitegi Konstituzionala aztertzen ari da, konstituzioaren aurkakoa den ala ez ebazteko—: «Esaten du udalek herritarrak lehendabizi euskaraz artatu behar dituztela aurrez aurreko harremanetan, eta, gero, herritarrak egiten duen hizkuntza hautua errespetatuz. Hori paradigma aldaketa bat da. Normalean, herritarren hautuaren arabera jokatzen da».

Ordenantzen beharra

Zabaltzak gogoratu zuen Nafarroako egoera oso bestelakoa dela. Hark lan egiten duen eremuan udal ordenantzek duten garrantzia balioetsi zuen, hizkuntza irizpideak zehazterako orduan, nahiz eta gabeziak ere badituztela onartu: «Oso eraginkorrak izan dira, zeren bete beharrekoak dira; oinarri bat jartzen diete herritarrei, eta ez dira unean uneko erabakiak hartu behar». Lanpostu publikoetan euskara eskakizuntzat hartzeko erabili izan dute, azaldu zuenez, eta horrek herritarrak euskara ikastera bultzatu izan dituela azpimarratu zuen. Hala ere, erantsi zuen ez dutela «segurtasun juridikorik», eta ziurgabetasuna ematen diela horrek.

Euskara udaletako lan funtzionamenduan txertatzearen inguruan aritu ziren, bestalde, Maite Zarate Bemeko Udaleko Euskara Zerbitzuko burua eta Manex Agirre Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara Zerbitzuko teknikaria.Tokian tokiko administrazioan euskara lanabes izateko bideanzer urrats egin dituzten azaldu zuten, nork bere lan eremuko berezitasunak kontuan hartuta.

Gaur izango dute segida Udalak eragile jardunaldiek. Zenbait eremu administratibotako teknikarien testigantzak jasoko dituzte, eta baita Jaurlaritzakoena ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.