Bizkaiko ostalaritzaren sektorean akordiorako oinarria egin dute

Irati Urdalleta Lete.
2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ELA, CCOO eta UGT sindikatuek patronalarekin egindako Bizkaiko ostalaritza hitzarmenaren aurreakordioak 23.000 langileri eragingo die. 2018tik 2020ra iraungo du itunak, ultraaktibitate mugagabearekin; hau da, beste hitzarmen bat sinatu artean izango du balioa.

Horrez gain, %2 igoko zaie soldata sektoreko langileei 2018an; eta KPIa+%0,15 2019an eta 2020an. Gainera, klausula bat egongo da hitzarmena aplikatzen dela ziurtatzeko, eta enpresek hilean 25 euroko plusa izango dute ez badute betetzen langileek sektorearekin lotutako formakuntzak jasotzea. Hitzarmen horrek jatetxe arloko eta pisu turistikoetako langileei ere eragingo die Bizkaian.

Azpikontratazioak araututa

Azpikontratazioak eta subrogazioak ere arautuko ditu hitzarmenak. ELAk aitzindaritzat jo du testua, hitzarmena ostalaritzako kolektibo guztietan lan egiten duten beharginei aplikatzen zaielako. Sindikatuaren arabera, testu horren bidez «azpikontratatutako beharginen lan baldintzen prekaritatea» gelditzea lortuko da, ostalaritzan azpikontratazioak areagotzen ari diren garai berean. Akordio hori bete beharko dute azpikontratatuta dauden enpresa guztiek. Hitzarmena uztailaren 24an sinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.