Bangladeshko lehen ministroak irabazi ditu bozak, oposizioaren iruzur salaketak tarteko

Hauteskunde Batzordeak jakinarazi du ez dituela bozak errepikatuko. Indarkeria giroan egindako hauteskundeetan 17 lagun hil dituzte

Mujibur Rahman Bangladeshko nazioaren aita eta haren alaba Hasina lehen ministroaren irudiak, Dhakan. MONIRUL ALAM/EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2019ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Lehen ministroaren koalizioaren garaipena bezain sendoa da jazarpen giroa Bangladeshen. Akaso bata ezin da ulertu bestea gabe. Sheij Hasinaren Koalizio Handiaren garaipena erabatekoa izan da: Awani Ligak eta beste zenbait alderdik osatzen duten taldeak 288 eserleku eskuratu ditu. BNP Bangladeshko Alderdi Nazionalistak, berriz, zazpi ordezkari baino ez ditu lortu, eta gainontzeko bost eserlekuetatik hiru hautagai independenteen esku geratuko dira —beste biak zehaztu gabe daude—.

Hasinak, beraz, alde handiarekin lortu du garaipena, eta, horri esker, hurrenez hurrengo hirugarren agintaldiari ekingo dio orain. Hasinaren arrakastak, baina, itzalak ditu. Igandean egin ziren hauteskunde orokorretan izandako liskarretan gutxienez hamazazpi lagun hil zituzten, eta irregulartasun eta iruzur salaketak ozenak izan dira.

Kamal Hossain oposizioko buruak artean emaitzak zabaldu gabe zeudela salatu zuen iruzurra: «Boto lapurretak izan dira». Hauteskunde Batzordeari «ahal bezain laster» bozak errepikatzeko eskatu zion: «Hauteskundeak bertan behera utzi eta baliogabe uztea eskatzen dugu, fartsa bat izan da». Hauteskunde Batzordearen erantzuna irmoa izan da. Bozak ez dituela errepikatuko jakinarazi du iruzur salaketak «gezurra» direla argudiatuta.

Oposizioaren eskaera zen hauteskunde berri batzuetara deitzea administrazio inpartzial baten agintepean. Behin-behineko gobernu independente baten formulak, baina, ez dauka lekurik Bangladeshen. Hasina 1996ko bozetan iritsi zen agintera lehen aldiz, eta, berriz ere hauteskundeak irabazi zituenean, 2009an, bertan behera utzi zuen aukera hori. Oposizioak horrexegatik boikotatu zituen duela bost urteko hauteskundeak. Orain, bozetara aurkeztearen aldeko hautua egin badu ere, ehun hautagai baino gehiago erretiratu dira prozesutik.

Jazarpena

Hasinaren gobernuak jazarpenarekin egin die aurre ahots disidenteei. Prentsa askatasuna urria da, eta atxiloketak eta desagerpenak, ugariak. Bozen atarian, gainera, gaiztotu egin da indarkeria giroa. Urrian, Tarique Rahman BNPko buruzagiari bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten,ustez lehen ministroaren kontrako 2004ko atentatua sustatzeagatik. Beste bi ministro ohi heriotza zigorrera kondenatu zituzten—atentatu hartan, 24 pertsona hil zituzten—.

Igandean, hauteskunde egunean, berriz, 17 lagun hil eta 64 zauritu dira liskarretan. Dhaka hiriburuaren kanpoaldean izan dira istilu gehienak gobernuaren aldeko eta aurkako herritarren eta polizien artean. Hildako pertsonen artean, hiru lehen ministroaren alderdiko jarraitzaileak dira,eta bi, oposiziokoak; gobernuko iturrien arabera, betiere. Beste bi zibil, aktibista bat eta polizia bat ere hil direla jakinarazi dute iturri horiek.

Hasina Sheikh Mujibur Rahmanen alaba da; Bangladeshko independentzia gerraren lider eta nazioaren aitatzat jozen den presidentearen alaba. Rahman 1975an hil zuten estatu kolpe baten ostean eta orduan alabak hartu zuen lekukoa. Hasinak hamar urtean hirukoiztu egin du 160 milioi biztanleko herrialdearen barne produktu gordina, baina horrek ez ditu herritarrak miseriatik atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.