Kaietan haurrei bainatzea debekatu?

2019ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Elantxoben gertatutako istripua dela eta, udara honetan beste behin ere berritu zaigu ondorengoeztabaida: itsas portuetan bainua hartzeko dagoen debekua, betearazi behar al da?

(Hiper)segurtasunaren izenean neurri guztiak zilegitzat jotzen diren garaiotan, aldeko ahots ugari entzuten dira; baina ez litzateke gaizki egongo neurri horiek zalantzan jartzen dituzten argudioak ere mahai gainean ipintzea. Heike Freire irakasleak Berde hezi bere liburuan (HikHasik euskaraz argitaratua) oso ondo azaltzen ditu haur bat gainbabestearen (esne mamitan haztearen) ondorioak. Argitalpen horretan, haurrak arriskuak ondo kudeatzen ikasteko hainbat urrats proposatzen ditu. Saiakera eta hutsegitearen poderioz, ahaleginduz eta hanka sartuz (aurreko belaunaldikoek egin izan duten bezala) joango da pixkanaka ikasiz eta bere mugak ezagutuz eta gaindituz. Inolako arriskurik gabe hazten den haurrak zailtasunak izango ditu gero errealitatera egokitzeko.

Egungo haurrak oso txikitatik psikomotrizista eta kirol entrenatzaile tituludunen hamaika ikastaro ordaindutakotara eraman baditugu ere, esan al daiteke gure aitona-amonek adin horretan oinarrizko trebetasun motorrei dagokionez zuten maila baino hobea dutenik? Egungo umeek kaleko zein naturako jolas libreari eskainitako denbora galdu izanak bere ondorioak ditu. Eta badirudi jarduera horiek are eta gehiago kontrolatu eta murriztu nahi dizkiegula.

Gorputz hezkuntzako irakasleek jarduera gabezia horrek eragindako hutsuneei erantzun behar izaten diete. Uretara jauziak egiteko jarduerari dagokionez, aipa daiteke oreka gaitasuna eta gorputzaren pisua desplazamenduetan kontrolatzeko gaitasunarekin harreman zuzena duela, eta trebetasun horiek transferentzia positibo zuzena dutela hamaika jardueretan: atletismo, kirol gehienetan, gimnastikan, akrosport, dantzak... Eta ez dezagun ahaztu zure motrizitate mailak, besteak beste, zure sozializazioa, prestigio soziala, autoestima eta sormena baldintzatzen dituela.

Maiz kexatu ohi gara gure gazteen aisialdiko ohitura sedentarioez, (bereziki, pantailekiko eta teknologia berriekiko adikzioak), eta horiek osasunarekiko duten eragin kaltegarriez (gizentasuna, indibidualismoa…). Baina, gero, beren jarduera librea debeku eta isunen bidez mugatzen dugu: igerileku publikoetan jauziak egiterakoan abiada hartzea edo airean birak ematea, zuhaitzetara igotzea, bizikleta eta patinen erabilera, baloiak… Osasunerako Mundu Erakundeak etengabe aldarrikatzen du gure haur eta gazteentzat aisialdirako jarduera fisiko ludikoz osatutako ohitura osasuntsu eta bizi estilo aktiboak sustatzearen beharra. Ezaugarri horren garrantziaren adierazle dugu ideia hori jasotzen dela hainbat herrialdetako hezkuntza sistemetako curriculum ofizialetan.

EHUko Herran irakasleak, bere doktore tesian, haurrak psikomotrizitate gelan aztertu ondoren, jauzia «hegan egitesentsazioarekin» parekatzen zuen. Parke tematiko ia guztietan dugu erorketa librean oinarritutako atrakzioren bat, baita akuapark eta antzekoetan, edo herriko jai askotan garabi baten bidez edo prestatutako tramankuluetan ere. Gazte izatearekin eta momentuaz gozatzeko ezaugarriekin bat dator adrenalina sorraraziko dion eta arriskua duten jarduerak probatzeko grina. Itsasertzean eskura topatutako aukerez baliatuz gozatzea ez da egungo gazteek asmatu duten zerbait, aurreko belaunaldien artean ere badu bere tradizioa.

Zarauzko irakasle batek aipatzen zidan haurrei udako gogoramenik gogoangarrienen inguruan idazteko eskatutakoan batek baino gehiagok bere herriko kaian jauziak eginez pasatutako arratsaldeak aukeratzen zituela. Ez dezagun ahaztu, Orson Wellesen Kane hiritarra filmean, hain gizon boteretsu eta ustez arrakastatsuari, bere bizitzako errepasoa eginda, gogoramen bat nabarmendu behar, eta haurtzaroan elurretan leratxoarekin (trineoa) pasatutako uneak zetozkiola burura.

Marka komertzial batek babestuta Bilboko Salbe zubitik jauzi egiten duten izar batzuk ikustera mugatu gabe, eskain diezaiegun aukera ahalik eta gazte gehienei zuzenean beraiek esperimentatu eta gozatzeko (zailtasun maila egokituta, noski).

Helduok har ditzagun neurriak gure haurren konpetentzia motorra garatzeko, aldi berean beren autogestioa, autonomia eta heldutasun maila bermatzen lagunduz. Ahal den neurrian eremu naturalak presta ditzagun horretarako, besteak beste, kai eta portuetan itsasontzien trafiko gutxiko guneak egokituz gure haur eta gazteek bainatzeko aukera izan dezaten. Oro har, interesgarria litzateke gure haurren jolasaldia hainbeste ez kontrolatzea eta zero arriskuarekin ez obsesionatzea. Bertako administraziotik (EJ, Foru Aldundiak eta udal ugari) sortu dugun MUGIMENT egitasmoarekin bat eginaz, gure gazteen artean aisialdi ohitura osasuntsuak eta bizi estilo aktiboak garatu eta sustatzera bideratu behar genituzke indarrak. Beren osasunak, heziketak eta bizi-kalitateak eskertuko liguke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.