AEMk «herri presioaren» garrantzia aldarrikatu du

Erredakzioa
Donostia
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Patxi Ruiz euskal presoak gose eta egarri grebaren hamargarren eguna bete zuen atzo, Murtzia II kartzelan (Espainia), eta AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ohar batean esan du «herri presioa» garrantzitsua izaten ari dela «gaia mahai gainean jartzeko». Hala, nabarmendu du Euskal Herrian mobilizazio ugari izan dela azkeneko egunetan. Aldiz, «sistemaren» parte diren komunikabideen, alderdi «instituzionalen» eta Sorturen eta EH Bilduren jarrera deitoratu du. Atzo auto karabarana bat egin zuten Bilbon.

AEMk dio Ruizek «argi» utzi duela EH Bilduren eta Sorturen jarrera politikoak ez duela bere oniritzia. «Mundu guztiari onartu dio bere egoeraz informatzeko eskubidea, baina Patxik defendatzen duen ildo politikoaren arabera gauzatu behar da presioa. Patxik etsaiarekiko konfrontazioa defendatzen du, eta uste dugu EH Bildu eta Sortu ez direla aprobetxatzen ari konfrontazio hori aurrera eramateko dituzten aukerak eta posizioa».

AEM berriro mintzatu da presoen «irtenbide indibidualen» aurka, «haien arteko batasuna apurtzen duelako eta babesgabe uzten dituelako kartzela gehiegikerien aurrean». Haren esanetan, Murtzia II-ko euskal preso batek soilik hartu du Ruizen aldeko elkartasun jarrera publikoa.

Patxi Ruizen senide eta gertuko lagunek azaldu dute «garai latzak» direla hauek, «hil ala bizikoak». Elkartasuna eskertu dute.

Sortuk eta EH Bilduk Espainiako Gobernuari eskatu diote neurriak har ditzala Ruizen «bizitza bermatzeko». Halaber, «salbuespeneko» espetxe politika indargabetzea galdegin dute.

Sortuk Ruizen « ingurune politikoari» eskatu dio «egoeraren azterketa zintzoa» egiteko eta «arduraz» jokatzeko. «Sortuk ez du babesten eta ez du babestuko Patxiren bizitza eta haren egoera bideratzea lehenesten ez duen inolako ekimenik, are eta gutxiago halakoek Patxi irteerarik gabeko egoera batera bultzatu dezaketen honetan». Ezker abertzalearen baliabide guztiak eskaini ditu, «Patxi lagundu eta bere egoera bideratzen ahalegintzeko».

Bakegileek eta Bake Bideak «kezka» adierazi dute Ruizen egoeragatik eta horrek «sor ditzakeen ondorio latzengatik». Berriro deitoratu dute Frantziako Estatuak eta Espainiakoak osasun larrialdian «salbuespen» neurriak bukatzearen aldeko apustua egin ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.