Albistea entzun

Makrojaialdi pribatuen argien atzealdean

Mikel Ruiz Oar-Arteta - Eragin-eko kidea

2019ko abuztuak 2

A zken urteetan makrojaialdien booma bizi izan da panorama musikalean, eta, testuinguru horretan, Bilbok protagonismo handia eduki du «Bilbao BBKLive» festibal ezaguna dela eta. Uztail erdialdean, egun gutxi batzuez, Bilboko kaleak eskuan eskumuturreko koloredunak daramatzaten gazte (eta ez hain gazteen) presentzia nabaria izaten da. Udal arduradunek ez dute beraien aukera galtzen, eta jaialdiak Bilbo eta Bizkaian «aberastasuna» sortuko duela lau haizeetara zabaltzeko abagunea aprobetxatzen dute. Baieztapen horri ordea hordago argi bat egin beharrean gaude: Norentzat da aberastasun hori?

Sistema ekonomiko horren logika zentralari jarraikiz, makrojaialdi pribatu horietan helburua bat eta bakarra da; irabaziak handitzea, mozkinak maximizatzea. Edozein negoziotan bezala, enpresariek — kasu honetan, Last Tour enpresak— dirua inbertitu egin behar dute: artista famatuak, instalazioak, ordainketa sistema modernoak, publizitatea… eta, azkenik, langileak. Sobran dago esatea zeinetan egiten duten inbertsiorik handiena, eta zeinetan txikiena.

1.200 langile inguruk parte hartzen omen dute Bilbao BBK Live jaialdian, gutxi batzuk Last Tour enpresak zuzenean kontratatuak, eta gainontzekoak, gero eta ohikoagoak diren azpikontraten bidez. Azpikontrata horiek erabiltzeak bi helburu ditu: 1- Langileen kontratazioa delegatzea; 2- Enpresa antolatzailearen «izen ona» ez zikintzeko, langileen esplotazio eta prekarizazioa inork ezagutuko ez dituen azpikontrata horiei leporatzea.

5 euro orduko soldatak, 14 orduko lanaldiak, jateko tarterik eza, lan ikuskaritzari gezurra esateko agindua, protesta minimoaren aurrean kaleratzea… Bilboko makrojaialdian agerira atera diren arren, lan baldintza lotsagarri horiek Euskal Herri osoan zehar topa ditzakegun festibal pribatuetan errepikatu egiten dira. Ez da soilik BBK Live jaialdiaren arazoa, babes publikoarekin jaialdi horiek antolatu eta diru beharrez dauden langileak esplotatuz dirutza irabazten duten enpresariena baizik (Baliteke kasualitatea izatea, baina Azkena Rock, BBK Live, BIME eta Donostia Festibalak antolatzaile bera dute).

Last Tour promotoreak esplotazioaren erantzukizuna azpikontraten gain jartzen zuen bitartean azpikontratako langileak gurekin kontaktuan jarri ziren. Horien salaketa argia zen: Last Tour-ek azpikontrataren esleipena egiteko orduan, kontratazioaren prezioaren jakitun izanik, sobran daki, edo 1- ezingo direla eskatzen diren langile guztiak kontratatu, edo 2- kontratatuz gero, horien lan baldintzek lan legedia goitik behera urratuko dutela. Alegia, promotoraren «izen ona» ez zikintzeko esplotazioa azpikontratatu egiten da.

Hori gutxi balitz bezala, Bilboko kasuan jaialdiak 1.400.000 euroren diru laguntzak jaso ditu. Helburua? «Gure hiria sustatzea», eta Bilbo eta Bizkaian aberastasuna sortzea. Last Tour promotorarentzako «txeke zuri» bat, inongo exijentziarik gabekoa, jaialdiaren izenean «Bilbao» hitza agertzea besterik ez. Ziurrenik, laguntza ekonomiko horren faltan, jaialdia bideraezina edo garestiegia litzateke.

Bestalde, jaialdiak hirian «aberastasuna» sortzea bera ere zalantzan jarri beharrean gaude. Bestelako ekitaldietan gertatu bezala, aberastasuna gutxi batzuen eskuetan geratu da. Gainera, kasu honetan agian esku gutxiagotan, kaletik zihoazen gazte eskumuturrekodun horiek hoteletik/hostaletik Kobetamendirako bidea egiteko baino ez baitute gure hiria zeharkatu. Beraz, tabernak onuradun atera izana ere zalantzan jarri beharrean gaude, etekinik handienak (berriz ere) hoteletan eta Last Tour promotorean bertan geratu direlarik.

Laburbilduz, makrojaialdi pribatu horietan, milaka eta milaka pertsonak ondo pasatzen duten bitartean, enpresari gutxi batzuek diru publikoaren bidez etekin handiak lortzen dituzten bitartean, barraren bestaldean, segurtasunean, garbiketan… diru beharrez lan baldintza lotsagarrietan lan egitera behartuta dauden ehunka langile topa ditzakegu. Jaialdiak modan dauden garai hauetan ezin dugu ahaztu festibal horiek baino «trending»-ago dagoela lan esplotazioa eta langileen prekarizazioa. Ez diegu erantzukizuna kontsumitzaileei eskatuko, argi baitugu horren erantzuleak enpresariak eta instituzioak direla, baina gure partetik ere jarrera kritikoa eta elkartasuna ezinbestekoak dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.