Mesfidantza gailentzen da Nafarroako akordio programatiko berria irakurtzen denean. Déjà vu sentsazio mingotsa nagusitzen da. Hezkuntza alorrean bete ez ziren puntu batzuk errepikatzen dira, adibidez, Hezkuntzan BPGaren %5 inbertitzeko asmoa. Aurrekoan lau urte izan zituzten egiteko eta hutsean gelditu zen. Bide batez, Unescok gomendatzen du gutxienez BPGaren %6 inbertitzeko Hezkuntzan. Beste behin ageri da ahal diren lanpostu gehienak oposizioetan ateratzeko nahia, baina egonkortze prozesuan gehienbat PAIko lanpostuak agertu dira, eta interinitate tasa %52koa da.
2019-2023ko akordio programatikoan ez zen ageri PAIren Legea, baina PSNk aurrera atera zuen Navarra Sumarekin. EH Bilduk eta Geroa Baik PAIren Legearen indargabetzea defendatzen zuten haien hauteskunde programetan. Indargabetzea ez da hitzartu akordio programatikoan, nahiz eta Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak PAIren Legearen aurka bozkatu (gobernuari eutsiko dioten hemeretzi parlamentari eta PSNkoak hamaika). PSNk etengabe erabili du eta erabiliko du UPNren, PPren eta Voxen sostengua, erregimenaren zutabeek irmo iraun dezaten: zerga sistema atzerakoia, banku publikorik ez, obra faraonikoak (AHTa, Nafarroako Ubidea, etab.), zerbitzu publikoen pribatizazioa, euskararen zonifikazioa eta apartheida, makropoligono eolikoen eta fotovoltaikoen hedadura neurrigabea, etab.
Puntu batean adierazten da Hezkuntza Publikoaren eta Pribatuaren itunak eguneratuko dituztela. Maila berean jartzen dira zerbitzu publiko baten lan baldintzak eta enpresa pribatuenak. Onartuko ote litzateke horrelakorik beste sektoreetan, osasungintzan adibidez? Gobernuak ez du bete Nafarroako Hezkuntza Publikoa Hobetzeko Ituna. Eguneratu behar dela diote orain. Aurretik oso-osorik bete beharko litzateke, eta hobetu gehiengo sindikalak egindako aldarrikapenekin: ratioen jaitsiera lineala, langileen egonkortasuna, erosahalmenaren berreskuratzea eta gainzama kentzea. Inondik inora ez da azaltzen sindikatuekin izan beharreko negoziazioa.
Hezkuntza alorreko lehen puntuan aipatzen dute Hezkuntzaren aldeko Itun Sozial eta Politikoa garatzeko asmoa. Bertan euskara ez da existitzen eta oso kontraesankorra da beste puntu batekin, non idatzi den euskararen erabilera sustatuko dela ikastetxeetan; ordea, ekainean bertan PSNk erabaki zuen geldiaraztea Musikariak Ikastetxeetan Programa. Nolatan sinetsi puntu hori?
Ez da deus aipatzen eskoletako erizainen inguruan; berdin gertatzen da ikastetxeetako jantokien, garbiketa zerbitzuen eta garraioen publifikazioarekin. Haur eskoletako hezitzaileei ez zaie aitortuko irakasle funtzioa eta hezkuntza-laguntzako espezialistak ez dira Hezkuntza Departamentura igaroko.
Berriro ezarriko dira eskuineko politika pribatizatzaileak, murriztaileak eta euskarafobikoak. Progresista hitza eskuineko politiken mozorro bilakatu da. Beraz, ustezko gobernu progresistaren alde bozkatu behar da, gobernu horrek UPNren antzeko politikak gauzatzen baditu ere?
Nafarroako akordio pragmatikoa: lehengo lepotik burua, edo okerrago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu