Ez jenderik etxerik gabe, ez etxerik jenderik gabe

Begoña Olabeaga, eta Armando Valbuena
2019ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ulertu ahal izateko zer arazo duten Gasteizen etxebizitza eskuratzeko, eta horretaz gogoeta egin ahal izateko, datu batzuk gogora ekarri behar dira:

-Eusko Jaurlaritzak inkesta bat egin zuen 2018an pobreziaren eta desberdinkerien inguruan, eta, horko datuen arabera, bai pobrezia erreala eta bai pobrezia arriskua —eta abar— oraindik ere handitzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

-2016an, 122.566 pertsona zeuden «pobrezia errealean»; 2018an, berriz, 130.955 ziren guztira. 2016an, 151.112 pertsona zeuden «pobrezia arriskuan»; 2018an, berriz, 484.571 pertsona.

-Foessa-Caritasek VIII. txostena aurkeztu zuen 2019ko uztailaren 22an, eta, hor jasota dagoenez, «bazterketa soziala enkistatu egiten da gero eta barne lotura ahulagoak dituen gizarte batean: Espainiako biztanleen %18,4 (8,5 milioi pertsona) bazterketa sozialean daude, krisi garaiaren aurretik baino 1,2 milioi gehiago, eta etxebizitza bihurtu da bazterketa sozialaren lehen eragilea, etxerik gabe geratuko ote diren ez dakiten bi milioi pertsona ere egoteraino gaur egun».

-Foessaren VIII. txosten horretan, azalduta dago zenbaterainokoa den desberdinkeria Espainiako Estatuan. Zehazki eta etxebizitzari dagokionez, desberdinkeriaren eragile funtsezko bihurtua da, eta bazterketa sozialeko dinamiketarako eragile giltzarri. Etxebizitza duin bat izatea eskubide eskuraezin bihurtu zaie familia askori; ondorioz, segurtasunik eza eta bizileku egokirik eza pairatzen dute, eta horrek eragin nabarmena du gazteenen baliabide ekonomikoetan, osasunean eta bizi proiektuetan.

-Gasteizen, 10.000 etxebizitza huts daude (Gasteiz Hoy, 2018-10-03). Datu hotz horien atzean, baina, egoera ankerrak daude, sistema kapitalistari berezkoak zaizkion erabaki ekonomiko eta politikoen biktima diren emakume, gizon eta haur horiek guztiek jasan behar izaten dituztenak, hots, praktikan, honako hauek: bizitzea merezi duen bizimodu duinik ez izatea, eta pertsona pobre, bakartu eta sozialki estigmatizatu eta baztertu bihurtzea. Gure hurbileneko testuinguruan, batetik, Gasteizko Olarizu auzoko etxebizitza hutsetan bizi diren pertsonen egoera dugu: beren burua behartua ikusi baitzuten etxebizitza horiek okupatzeko, premiarik larrienean aurkitzen zirelako, kalteberatasun egoera erabatekoan eta inolako bizileku alternatiborik ez zutela. Bestetik, pertsona horien inguruan zabaltzen ari diren erreakzio klasistak ditugu, aurreiritziz zeharo josiak. Hurbileko egoera horiek kezkatu egiten gaituzte, asaldatu, eta enbarazu egiten digute, beharbada uste dugulako egunen batean, gutxien uste dugunean, geuri ere beste horrenbeste gerta dakigukeela, edo oraintxe halako egoera bat jasaten ari garelako, edo geure burua ispilatua ikusten dugulako noizbait bizi izandako egoera bat dela-eta, ahantzi nahian gabiltzana, edota beharbada…

Uste dugu ahalegin bat egin behar dugula zer gertatzen ari den ulertu ahal izateko, halako egoerak jasan behar dituzten horien larruan jartzeko, haien arrazoien berri izateko, eta egia «ofizialak» zalantzan jartzeko, gero eta gehiago gertatzen ari baita pertsonak arazo bihurtzen ari direla pertsona izateari utzita. Eta, hortik jota, dinamika arriskutsu batean sar gaitezke. Halaxe egin zuen nazismoak ere juduekin, komunistekin, homosexualekin, ijitoekin eta beste hainbat jende motarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.