Orain dela 25 urte Filtron; abuztuaren 23an Hendaian

Mikel Arkauz
2019ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte igaro dira munduari Uruguaiko herriak emandako duintasun erakustaldiaren ondotik. 1994ko abuztuaren 24an, gertakari batek Euskal Herria eta Uruguaiko herria astindu eta bide batez bi herrien arteko harremana betiko elkartasunez lotu zituen. Milaka uruguaitar Filtroko ospitaleko ateetan bildu ziren Josu Goitia, Luis Mari Lizarralde eta Mikel IbaƱez euskaldunei elkartasuna adierazteko. Haiek gose eta egarri greban zeuden borrokan, estatu espainiarrak beraien estradizioa eskatu ondoren. Era berean, han bildutakoek Uruguain aspalditik ezarritako asilo eskubidea mantendu zedin aldarrikatzen zuten. Poliziaren basakeriak bi hildako eta ehundaka zauritu utzi zituen Montevideoko kaleetan.

Orain, 25 urte igaro eta gero, eta ez soilik duintasunaren izenean, gertakari hura gogoratu eta omenduko dugu, urtero legez.

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu Fernando Morroni eta Roberto Facal eta bortizki jazarriak izan ziren pertsonak, egiazko elkartasuna eta internazionalismoaren benetako praktika aurrera eramateagatik. Fernando eta Robertok dena eman zuten.

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu duela 25 urte kalera irten ziren milaka uruguaitarrak. Arduraz, duintasunaz eta kontzientziaz, irmoki estatuen injustizia eta interes politiko zekenen aurka borrokatu zirenak.

Gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu, gaur egun munduaren edozein txokotan inposatutako inperio kapitalista eta munduko ordena txikitzailearen errealitatea aldatzeko borrokan diharduten esperantza izpi guztiak.

Eta nola ez, gogoan izango ditugu eta omenduko ditugu Norma Morroni eta Filtroko martxa urtero antolatu eta hauspotzen duten kideak, benetako militantzia internazionalistaren adibide praktikoa eginez denontzako eredu eta ikur bilakatu direnak.

Era berean, gogoan izango ditugu, eta ez ditugu barkatuko Uruguaiko herriaren subiranotasunaren eta asilo eskubidearen aurka Estatu Espainiarrak egindako bortxaketa, poliziaren errepresioa eta erantzule politikoen inpunitatea.

Ekitaldia G7ren aurkako kontragailurraren barnean izango da. Duela 25 urteko sarraskiak ez du gaurkotasunik galdu; zoritxarrez, ez zen gertakari bakan bat izan. Gaur egun ere, nonahi ageri dira injustizia, inpunitatea eta eskubide urraketak sistematikoki. Gurean omenaldiei jazartzen diete, Espainiako eta Frantziako Estatuak eredu dira gizarte zibilari inpunitate osoz jazartzen. Negozioak agintzen du mundu osoan, gudaz konkistatzen dira merkatu berriak. Politikaren molde burges klasikoen agorpena gertatu dela edonon dago agerian. Demokraziarenak egin du. Botere ekonomikoak gainerako botere guztiak bahitu ditu; legegilea, exekutiboa, judiziala, mediatikoa. Herritarrak kontuan hartu gabe nazioz gaindiko erabakigune kapitalistek gobernatzen dute mundua, aberatsen nahierara egin eta deseginez, eraiki eta suntsituz, bere garro hiltzaileak planeta osora hedatuz. Hori ikusten ez duena zeharo ezjakina da edo itsututa dago.

Guk argi daukagu, duela 25 urte Uruguaiko herriak azaldu legez; inperialismoaren aurrean, internazionalismoa eta herrien independetzia aldarrikatuko dugu. Ezinbestekoa da. Herri guztietako matxinoen saretzea, elkartasuna eta borroka beharrezkoak izango dira orain eta etorkizunean.

Hau honela, herriari omenaldira bertaratzeko deia egiten diogu. Hilaren 23an 13:00ean izango da zita, Hendaiako portuan (Kaneta gunean). Ezin dugu hutsik egin.

Bide batez, bejoindeiela eta agur bat urtero-urtero, umiltasun osoz, Askapenako brigadetan parte hartu duten denoi! Bertan ikusiko dugu elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.