Euskarak zientzia (ere) behar du

Joanes Lameirinhas Ortuoste
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Nire lagunek ikertzaile gisa zertan aritzen naizen galdetzean, besteak beste, ebaluazio tresnak kultura artean egokitzen jarduten dudala erantzuten diet. Beren harridura aurpegien aurrean, eginkizun hori xehetasunez azaltzen ahalegintzen naiz, baina zenbaitek ez dute bere funtsa erabat ulertzea lortzen. Ondorioz, askorentzat ezezaguna edota ulergaitza den jardun horren arrazoia eta helburua mahaigaineratu nahi nituzke hurrengo lerroetan.

Psikologook —beste hainbat profesionalek bezala— galdetegiak erabili ohi ditugu gure lanean; ikerketa arloan, bereziki, baina baita hezkuntza zein klinika arloetan ere. Onartu behar da horiek ez luketela inoiz profesionalen begi klinikoa ordezkatu behar, baina, haatik, metodologikoki egokiak badira, oso erabilgarriak izan daitezke profesionalentzat informazio baliagarria lortzeko.

Zoritxarrez, galde-sorten baliagarritasuna gutxietsi izan ohi da, hainbat arrazoirengatik. Batetik, pentsa daiteke tresna horiek hutsalak, edukirik gabekoak direla. Zentzu horretan, esan behar da galdetegiak osatzen dituzten galdera guztiek beren izateko arrazoia dutela, ebidentzia zientifikoetan oinarritzen baitira. Sintomatologia depresiboa neurtzen duen galdetegi baten kasuan, adibidez, galdera guztiak depresioaren diagnosi irizpideetan oinarritzen dira, zientifikoki frogatuak izan direnak. Bestetik, argudia daiteke galde-sorten batez ere aldagai psikosozialak neurtzen dituztenek aplikazioak informazio eskas eta mugatua ematen duela, galderak itxiak hots, aldez aurretik finkatuak diren heinean. Argi dago galdetegiak bere horretan aplikatzeak mugak izan ditzakeela, eta, horregatik, horien aplikazioa kasuan-kasuan moldatu beharko litzateke. Gogora bedi galde-sortak erreminta bat gehiago direla, profesionalen jarduna errazteko asmoarekin sortuak. Azkenik, uste daiteke galdetegietan lortutako emaitzak zehaztugabeak eta alborapen handikoak direla. Pentsa daitekeenaz bestera, ebaluazio tresnen baliozkotze prozesuak urteak eraman ditzake; izan ere, beroriek osatzeaz gain, askotariko analisi estatistikoak egin behar dira beren egokitasuna bermatzeko. Gainera, analisiak burutzeko datu ugari behar izaten dira, eta, hortaz, ehunka pertsonarekin frogatzen da beren funtzionamendu egokia.

Ondorio gisa, baiezta dezakegu baliozkotze prozesu bat jarraitu duten eta emaitza sendoak lortu dituzten galdetegiak fidagarriak eta baliagarriak direla. Halabeharrez, egun oraindik ere euskaraz eskuragai dauden ebaluazio tresnen eskasia nabarmena da. Oso gutxi dira jatorriz euskaraz eraikitakoak; ohikoagoa da atzerriko hizkuntza batean daudenak euskal hizkuntzara eta kulturara egokitzea, izan ere, ez dauka zentzu handirik galde-sorta berriak etengabe sortzeak, dagoeneko fidagarriak diren beste batzuk egonez gero. Azpimarratu nahi nuke ebaluazio tresnen egokitzapena ez datzala hizkuntza batetik bestera itzultze soilean; aitzitik, helburu den kultura horren elementu semantiko eta sinbolikoak kontuan hartu behar dira, eta, gainera, arestian azaldutako baliozkotze prozesu luzeari ekin behar zaio tresna fidagarritzat jo eta esparru praktikoan erabiltzeari ekin aurretik. Halere, euskaldunon kasuan, itzulpena bera jadanik erronka handia da, euskal hiztun guztiek ulertuko duten itzulpen bat erabaki behar delako.

Prozesua luzea izan arren, ebaluazio tresnen euskararanzko egokitzapenean aritzen garenok argi dugu: euskarazko galdetegiak eskuragai izatea funtsezkoa da euskaldunon hizkuntza eskubideei erantzuteko. Norbere ama-hizkuntzan ebaluatua eta artatua izatea eskubide bat baita. Halaber, ezin ahantz daiteke euskara ez den beste hizkuntza batean komunikatzeko ezgai diren pertsonak egon badaudela. Hortaz, gure ikergaiak bestelakoak izanagatik ere, ikertzaile euskaldun bezala, egokitzapenak burutzea gure betebeharra ere badela sentitzen dugu, eta jardun horretan tinko jarraituko dugu. Ikerketak aurrera eramateko, haatik, baliabideak behar ditugu eta, horretarako, finantzaketa ezinbestekoa zaigu. Tamalez, euskarak zientzia (ere) behar duen honetan, ez dirudi zientzia lehentasuna denik.

Laburbilduz, ebaluazio tresnen kultura arteko egokitzapena ziurrenik ez da ikerketa modalitaterik miresgarriena askorentzat, baina, ezbairik gabe, beharrizan bat da; euskal gizarteak duen beharrizan bat. Eta beharbada ez da pausorik garrantzitsuena izango, baina ezinbestekoa zaigu euskararen normalizazioa erdieste aldera. Balioetsi dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.