Teknologia 'garbien' matazan

2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Albiste dira egunotan klima aldaketari buruzko berriak, urtearteko konparazioak, eta aurten izan ditzakegun aurreikuspenak. Zer egin dezakegu tenperatura igoera eragozteko? Bada, neurri berriak datoz: Espainiako 1055/2022 Errege Dekretuaren arabera, Hego Euskal Herrian jada gure tuperrarekin sartu ahal izango gara bilgarri gisa supermerkatuetara, berrerabilpena sustatzeko. Erosketaren frogagiri papera ere kentzekotan dira, klima salbatzearren beste bultzadatxo bat emateko, eta komuneko paperaren patua ere zein den...

ExxonMobil erregaien korporazioaren ikerketek (1977-2003) jada zehaztasun handiz aurreikusi zuten klima etengabe berotuko zela, baina nahiago izan zuten ezkutuan utzi. Hala argitaratu berri du Science aldizkariak, munduko zientziaren totemak. Aldiz, negozioari kalteak eragin ziezazkiokeela eta, ExxonMobilek ez zituen argitaratu ikerketaren emaitzak. Bagenekien erregaiak eta oihalgintza industriala ez zirela inondik inora onena gure klimarako. Erregai fosilak baztertze aldera, orain auto elektriko eta hibridoen erabilera sustatzeko neurri berriak datoz, eta murriztu egingo da hirietara ibilgailu ez oso berrietan sartzea.

Teknologiari eman zaio azken hitza, teknologia dugu ustezko lagun, garbi eta efiziente (ingurumen-salbatzaile). Pixkanaka besterik agertzen ari dira gauzak, ordea, itsusi eta lohi, Arte kateak (streamingez!) Frankenstream seriean argitaratu dituen datuen arabera. Gailu digitalak eta Internet dira munduko kutsatzaile handienetakoak. Smartphoneek bideoak barra-barra ikusteko modua eman dute, streaminga da jaun eta jabe, eta bi teknologia horiek bat egin zutenetik goranzko joera etengabea izan da berotegi efektuko gasen emisioan.

Kutsadura digitalean, Youtube da erantzule nagusienetako bat, urtero 11.000 milioi tona CO2 isuriz atmosferara, Glasgow edo Frankfurt hiriek beste. PornHub, besteak beste, izango da beste erantzuleetako bat; izan ere, munduan kontsumitu streaming bidezko pornografiak 18 milioi tona CO2 inguru askatu ditu 2022an, Belgikak beste. Guztira, gailu digitalek munduko berotegi efektuko gasen %6 askatzen dute, abiazioak eta ia auto trafikoak beste.

Aldiz, etengabe xaxatzen gaituzte teknologiaren kontsumora. Hara, oso garbiak dirudite, zikin arrastorik ez gure begietara, ez-fisikoak, ia etereoak: hodeia. Badator 5G («pasa zaitez 5Gra!») eta hurrengoa, 6G. Ia denok gaude Interneteko matazan harrapaturik, nekez bekatutik libre. Datu goseak ez du mugarik. Bideo bereizmena hobetuz doa, datu emaria handituz, eta Gargantua digitalaren munstroa ere bai.

Streaming-ak 5G teknologiaren bidez datu zentro gehiago eskatzen ditu, eta horiek beharrezko dituzte aldamenean energiaz hornitzeko zentroak. Datu zentroak estrategiko bihurtu dira korporazio eta estatuentzat, eta haizatu egin behar dira gehiegi berotu ez daitezen. Smartphoneetako harritxo preziatuek (koltan...), bestalde, ingurumen suntsipen handia dakarte, eta berotegi efektuko gas gehiago atmosferara.

Ongi dago bakoitzak geure aletxoa jartzea, baina, benetan, Espainiako tuperren legea edo erosketaren paperezko frogagiria kentzeko aukera zenbateraino dira ingurumenaren aldeko ekarpen, eta zenbateraino teknologia kontsumoaren festak jarraitzeko distrakziorako kea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.