Venezuela. Elkarrizketa. Ernesto Villegas. Venezuelako Kultura ministroa

«Chavismoa indartu egiten da gobernua estu hartzen duten bakoitzean»

Villegasek dio konstituzioarekiko «erabat kohesionatuta» dagoela armada. Haren iritziz, ekonomia da «zailtasunik handiena», eta uste du hori «aldatzeko» gai izan behar dutela.

Jon Artano Izeta.
Caracas
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Kazetaria eta idazlea da Ernesto Villegas (Caracas, 1970), eta urteak daramatza aginte politikoa eta komunikazio lanak uztartuz. Venezuelako Alderdi Sozialistako Komunikazio, Propaganda eta Agitaziorako presidenteorde izan zen, eta, egun, Kultura ministro da. Hizketan hasi da blokeo finantzarioagatik Veneziako Bienalean (Italia) pabiloia jartzeko izan zituzten zailtasunez eta petrolioaren industriari esker aberastutako familiek erositako Picassoren koadroekin egin duten erakusketa batez, baina berehala egin du bira gaur-gaurko auzi politikorantz.

Zer iritzi duzu Juan Guaidok eta Leopoldo Lopezek gidatutako altxamendu saialdiaz?

Pailazokeria bat izan zen, iruzur bat. Goizeko lehen orduan larri ginen. La Carlota basean altxamendua egiten ari zirela zabaldu zuten, baina soldadu taldea oso txikia zela ikusi genuen, eta, gero, argi geratu da gehienak engainatuta eraman zituztela. Indar Armatu Bolivartarrak erabateko kohesioadute konstituzioarekin, eta Nicolas Maduro komandanteburuarekiko leial dira. Kolpe saialdia huts egite bat izan zen, baina egia da tematuta daudela ildo horretan. Erabakiak [Donald] Trump, [Mike] Pence, [Mike] Pompeo, [Elliott] Abrams eta [John] Bolton jaunek hartzen dituzte.

Hipotesi asko haizatu dira asteartekoa azaltzeko.

Indar armatuen barnean aginte handiko figuren babesa espero zuten. Esperoan jarraitzen dute.

Etxe Zuritik esan zuten Maikel Moreno Auzitegi Goreneko buruarekin, zerbitzu sekretuetako arduradunekin, eta zenbait jeneralekin adostua zegoela kolpea. Vladimir Padrino Defentsa ministroa ere jakinaren gainean zela. Zer sinesgarritasun du bertsio horrek?

Barregarria litzateke, hain tragikoa ez balitz. Demagun Pompeok esandakoa egia dela, Maduro herrialdetik joateko prest zela eta azken-azkenean errusiarrek eragotzi zutela ihesa. Hori hala balitz, zertara joan ziren Lopez eta Guaido Carlotako basera, mukizapiez Maduro agurtzera?

Orduan, oposiziokoek eta Etxe Zuriak chavismoaren agintari gorenetako inorekin ez al dute hartu-emanik izan?

Nik ez dakit nori, baina, seguru asko, eskaintzak egiten ariko dira. AEBetako inteligentzia zerbitzuek militarrak errekrutatzen dihardute mundu osoan, batik bat Latinoamerikan, beren aldeko kolpeak eman ditzaten. Gringoak belarrira xuxurlatzen aritzen dira, jeneralak erosi eta beren komenentziara erabiltzeko. Hori ez da albiste.

Begibistakoa da Guaidok liztor-habia astindu duela. Zergatik ez dute atxilotu?

Horri botere judizialak eta fiskaltzak erantzun behar diote. Gobernuak, presidenteak, ez ditu atxiloketak agintzen. Dena dela, esan beharra daukat justizia eske sumatzen ditudala herritarrak, inpunitatea amaitu dadin zain.

Lopez etxeko atxiloalditik irten eta Espainiako enbaxadorearen egoitzan babes hartuta da orain.

Justiziatik ihesi dabilen morroi batek periplo diplomatikoa egin zuen, hainbat enbaxadatatik pasatuz, eta ez zitzaion ezer gertatu. Bai kontu xelebrea diktadura batean gertatzeko, ez? 2002ko kolpearen ostean, Venezuelako eskuineko agintariek jarraitzaileei dei egin zieten Kubako enbaxada setiatzeko, han agintari chavistak zeudela zabalduz! Ura eta argindarra moztu zizkieten, eta mehatxu egin zieten alfonbrak jan beharko zituztela esanaz. Horrelako pasarteek argi erakusten dute iraultza bolivartarraren aldartea baketsua dela, eta oposizioko agintariek jokabide faxistak dituztela, tamalez.

Zer diozu Espainiaren jarreraz?

Atzerri politika Trumpen menera jarri dute. Nazioarteko zuzenbide publikoan aurrekari iluna ezarri zuten Guaidoren presidentetza onartuz; horrelako aitorpenak lurralde jakin bateko kontrola zuten gobernuekiko egiten dira. Hanka sartze hori da Pedro Sanchezen Azoreetako argazkia.

Lopezen jardun politikoa mugatuko dutela esan dute.

Berandu. Espainiako enbaxadorearen etxea Lopezen eta Guaidoren alderdi Voluntad Popularren egoitza da jada. Gauza bera egin genezake guk Madrilgo gure enbaxadan: [Carles] Puigdemont hartu, eta handik jarraitu dezala manifestazioak deituz independentziaren alde... Espainiak bere erregeordetza balitz bezala jokatzen du Venezuelarekin.

Asteburu honetan, Herri Boterearen Elkarrizketarako jardunaldietara deitu du Madurok, «batailaren erdian egindako okerrak zuzentzeko plan bat» diseinatzeko. Zein dira oker horiek?

Asko dira, baina gehiagotan asmatu dugu. Ekonomia da zailtasunik handiena, eta hori aldatzeko gai izan behar dugu, AEBen jazarpenaren gainetik. Herritarrek kexa segida luze-luzea izan dezakete hainbat konturekin, baina duintasunik ez dute galduko. Kontzientzia maila hori ez balego, gure iraultza hondoa jota legoke. Asteartean milaka lagun bildu ginen Miraflores jauregia babesteko. Zer pentsatuko ote dute oposizioarekiko akritikoa diren medioak baino kontsumitzen ez dituztenek? Nola azaldu herritarren bat-bateko erreakzio hori?

Oposizioak mantra gisa darabil Kubako agenteek itzelezko agintea dutela Venezuelako Gobernuan. Zer elkarlan duzue Kubarekin segurtasun gaietan?

Kubatarrak? Non daude kubatarrak? Hara, ni ez naiz espioitza filmen zalea. Eremu militarrean atzerritarrek izandako eraginaz ari bagara, nabarmenena chavismoa sortu aurretik AEBek hemen Tiunan izandako misio militarra da adibiderik handiena.

Zenbaterainokoa da higadura hainbeste denboran talka politiko betean egonik?

Chavismoa indartu egiten da gobernua estu hartzen duten bakoitzean. Aste honetan, adibidez. Chavismoa da Venezuelako politikaren ardatza, eta, azkenaldian, baita munduko politikarena ere!Nola liteke hainbeste herrialde daudenean gurea baino barne produktu gordin handiagoarekin, petrolio ekoizpen handiagoarekin, guk ditugunak baino askosaz ere defizit demokratiko handiagoekin, plazan jendea urkatzen dutenak? Horietako demokraziak eta giza eskubideek ez dute inporta itxura denez.

Oposizioak ba al du aukerarik gobernua eskuratzeko?

Ez dut uste lor dezakeenik; are gutxiago, orain ari diren bidetik. Venezuela ez da AEBen hatzaparretan eroriko, horixe baita Guaidoren proiektuak ezkutatzen duena. Herrialde hau muin-muinean da antiinperialista. Oposizioko agintariek eta herritarrek Abramsen ahotik jakiten dute nolakoa izango den chavismo ondorengo balizko Venezuela hori, Abramsek ematen dituelako Guaidok deituko omen dituen boz horien inguruko azalpenak. Eskandalagarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.