Juan Antonio Letamendia

Jose Antonio Mujika
2020ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Joan den urteak azken egunak zituela etorri zitzaigun Hondarribitik Juan Antonio Letamendia euskaltzalearen heriotzaren berria. Euskaltzale fina eta euskara irakasle trebea izan zen Juan Antonio. Euskalgintzaren alor batean baino gehiagotan eskaini zituen bere lanaren fruituak. Metodo eta testugile argia izan zen, itzultzaile zehatza, eta ikerketa lanak ere egin zituen. Haren lanen ezaugarriak hitz bitan aipatu behar banitu, honako hauek aukeratuko nituzke nik, zalantza handirik gabe: txukuntasuna eta bikaintasuna. Perfekzionista izan zen hura bere lan guztietan, hitzaren zentzurik onenean.

Donostiako Santo Tomas Lizeoan euskaraz ikasten zuten ikasleei Euskara irakasgaia ematea egokitu zitzaion. Artean ez zen irakasgai horretarako testulibururik. Berak sortu zuen bat, guztiz egokia, azalpen argi eta behar bezalako ariketa eta ilustrazioez hornitua, marrazten ere trebea baitzen Juan Antonio. Euskara 6 zuen titulua liburuak. Asko aurreratu da ordutik hona euskal testugintzan, baina lan hura aitzindari bikaina izan zen.

Hurrena, berriz, Irakasle Eskolan euskara bigarren hizkuntza gisa irakatsi zien irakaslegaiei. Hizkuntza modernoen metodologien berri jakiten saiatu zen, eta, talde bat osatuta, euskararen irakaskuntzarako egokitu zuten metodologia haietako bat. Jalgi hadi zuen metodoak titulua, Etxepareren kontrapasa gogoan. Bi maila egin, eta ondoren sakabanatu egin zen taldea. Ikasleak hasieratik euskaraz mintzatzen jartzea zuen helburua metodoak, oinarrizko elkarrizketa batzuk errepikatuz. Euskararen doinuetara eta oinarrizko egituretara ohitzen joango zen ikaslea horrela. Erdarazko azalpenen beharrik ez izateko, berriz, marrazkiez baliatzen zen metodoa. Marrazkien egilea eta metodoaren egile eta eragile nagusia Juan Antonio izan zen.

Geroago Urrutiko Batxiler institutuan izan zen irakasle, eta han urrutiko ikasketetan erabiltzen zen lan sistemara egokitutako metodoa egin zuen, Bakarka izenekoa. Azalpenak, ariketak eta irakurgaiak kontu handiz egokituak daude, bakarka ari den ikasleak ikaste prozesuan urrats sendo eta ziurretan aurrera egiteko modua izan dezan. Lehen hiru mailak egin zituen Juan Antoniok. Laugarrena eta bosgarrena egitea niri egokitu zitzaidan, haren lan bikainari nolabaiteko segida emanaz. Lehen mailako liburukia 1984an argitaratu bazen ere, eta geroztik euskararen metodologian asko aurreratu den arren, oraindik ere liburu dendetan aurki daitezke hura eta ondokoak, Elkar argitaletxeak argitaratuak, erabiltzaileek eskatzen dituzten seinale. Auskalo zenbat euskaldun berriren lehen urratsak gidatu eta bideratuko zituzten Bakarka liburuki horiek!

Euskara ez zekarren Juan Antoniok etxetik. Gaztetan euskaldundu zen, baina ez zen horretan gelditu; euskararen ezagutzan sakontzen jarraitu zuen betiere.Auñamendi entziklopediak jasotzen duenez, ipuin sariketa batzuk irabazi zituen eta Zeruko Argian ere idatzi zuen, Intxorta ezizena erabiliz. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1975. urtean, eta haren batzorde batzuetan aritu zen.

Gorago aipatu diren irakaskuntza lanez aparte, itzulpenetan ere saiatu zen. Lehen itzulpena, 1965ean egina, Arthur Miller-en All my Sons antzerkia izan zen, Donostiako Jarrai taldeak antzeztu zuena, Denak nire semeak izenarekin.

Geroago, 1972an, Koldo Mitxelenak hizkuntzalaritzari buruz Donostiako EUTGn erdaraz eman zituen hitzaldi batzuen euskarazko moldaketa argitaratu zuen, Zenbait hitzaldi titulupean, «magnetofoian eta esku oharrez hartutakoa nolabait antolaturik». Mitxelenak gainbegiratua eman zion lanari, eta behar ziren zuzenketak eginda, ontzat eman zuen hura argitaratzea.

Sei urte geroago, 1978an, Euskaltzaindiak argitaratutako El libro blanco del euskara liburu aipatuan parte hartu zuen Juan Antoniok itzultzaile lanetan. Koldo Mitxelenaren sarrera mamitsuaEl largo y difícil camino del euskara itzuli zuen, Euskararen bide luze bezain malkarrak tituluarekin. Mitxelenaren euskal prosa aberats eta konplexuaren ezaugarriak ondo aztertuak zituen, eta ezin egokiago islatu zituen sarrera biribil haren itzulpenean.

Geroago, berriz, Ortega y Gasset-en La rebelión de las masas liburu ezaguna itzuli zuen, 1994an, Klasikoak sailean, Masen errebolta izenarekin. Niri egokitu zitzaidan itzulpen horren berrikusle izatea, eta argiro esan dezaket, berrikusi baino gehiago ikasi egin nuela itzulpen hura aztertuta.

Ikerlan batzuk ere egin zituen Juan Antoniok. Hala, 1998-2003 urteetan Euskaltzaindian liberatu gisa aritu zen, Euskal Herriko Hizkuntz Atlasaren lanetan parte hartuz. Auñamendik aipatzen duenez, bestalde, 1968 urtean Idazleen Elkarteak Ermuan egin zuen sorrera bilkurarako Zenbait iritzi batasunari buruz laburpena prestatu zuen. Filologia ikerlan batzuk ere argitaratu zituen, Leizarragaren eta Axularren testuak gai hartuta. Eta Hondarribiko euskarari buruz, berriz, bi lan eman zituen argitara; haietako bat Euskaltzaindiak antolatutako Nazioarteko Dialektologia Biltzarrean aurkeztu zuen, 1992an, Txomin Sagarzazurekin batean.

Aipatutako alor horietan guztietan maila handiko lanak egin zituen Juan Antoniok, txukun eta bikain betiere, gorago esan dudan bezala. Ondo irabaziak ditu, bada, zalantzarik gabe, euskaltzaleon ezagutza eta esker oneko aitortza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.