Herriko plaza

Inhar Agirrezabal eta Garbiñe Pedroso
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Gure herrietako auzo berriak marrazten hastean, bada hitz oso garrantzitsu bat: dentsitatea. Parametro ezberdinen arabera neur daiteke, baina, oinarrian, sustatzailearen balizko mozkina metro karratuko zenbat euroren zifran laburbiltzen da. Teddy Cruz arkitektoak, ordea, dentsitate kontzeptu berri baten beharra aldarrikatzen du. Hektareako gauza —edo unitate— kopuruaren ikuspegi zaharraren ordez, proposatzen du hektareako hartu-eman sozial kopurua neurtzea.

Manuel Delgadok, berriz, argi utzi zigun espazio urbanoaren modelatze kultural eta morfologikoa elite profesionalen gauza dela; plangintza, eta haren kudeaketa politikoa, erabiliz gutxiengo menderatzaileen interesetara hiria menderatzeko. Halere, bere iritziz, beste morfologia batek—sozialak— du azken hitza, eraikitako leku jakin baten erabilera eta esanahia erabakitzeko orduan.

Bere azken liburuan, Joseba Sarrionandiak antologikotzat jo ditu John D. Rockefeller aberatsaren ondorengo hitzak: «American beauty delako arrosa-loreak aparteko edertasuna eta usaina lortuko ditu jabearentzat, baina inguruan hazten diren beste pipilak sakrifikatuz lortzen da hori». Alegia, urtearen lehen bi asteotan kalean jada hil diren bi lagunak gure hirigintzaren pipil sakrifikatuak lirateke. Jatorrian elkar topatzeko eraikitako espazioan, ez gara topatzeko gai izan, hilotzak ez besterik.

Honekin guztiarekin, ordea, ez dugu esan nahi sinplea denik espazio publikoaren diseinua. Jardunak ukitutako zeharkako eremuen adierazgarri, adibidez, ohikoa da proiektuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea; iritsi berriak, aldiz, generoaren araberako eragina neurtzea edota ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa). Idatzitako ingurumen txosten bakoitzeko, dena den, naturak atzerapauso bat eman behar izan duela kontuan hartuta, ez dugu asko ospatzeko.

Beste traza bateko herriguneen bila, eredu eder ugari, hainbat proposamen interesgarri, eta aukera eraldatzaile asko daude munduan zehar; arlo teorikoan zein praktikoan lekua hartu dutenak. Besteak beste: Tonucci ezaguna, haurren beharrak lehen lerroan jarrita, guztiontzat herri bizigarriagoak irudikatuz; edo Jan Gehl, espazio urbanoaren izaera gizatiarra aldarrikatuz eta horretarako gakoak azalduz; baita hirigintza barneratzailea ere, zaintza erdigunean jarrita, kolektibo guztien ongizatea bilatuz; Charles R. Wolfe, esfortzu gabeko hirigintzatik, jatorrian hiriak sortzeko eman ziren lehen oinarrizko printzipio haiei berriz heltzeko ideiak emanaz; Salvador Rueda, hainbat adierazleren azterketa sakonetatik eratorritako hirigintza ekologikoan oinarrituta, eta super-etxe-irlak baliatuta, Bartzelonaren tamainako hirien bizigarritasuna eraldatuz.

Denok, abiapuntu ezberdinak izan arren, funtsean, ondorio bertsuetara iristen gara. Guztiontzako herri, auzo edo hiri bat, espazio publiko bat, eraikitzeko hartu beharreko irizpide nagusiak luzaz definituta daude. Lehentasun kontua baino ez da.

Goian aipatutako gisan, azken hitza herriarena izan arren, lehen hitza dutenak sakoneko beste oinarri ideologiko batzuetatik abiatuz gero, oso bestelakoa litzateke bizitza; aringarri aritu beharrean, hartu-eman sozial aberatsak eta eraldatzaileak lekutu ahal izango baikenituzke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.