Xabier Lete, iraultza gustatzen ez zitzaion poeta

2020ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Azaroko arratsaldean elurra ikusi dut
Bianditz mendiaren hegal-gailurretan,
Xuri hartan begirada itsatsirik
«berriz ere negu atarian»
esan diot ahots apalez nere buruari

Hitz hauek XabierLeterenak diraLourdes bere emaztearen heriotzaren urtemugan, beregaztaroko mendimitikoa elurrez zurituak ikusita idatziak.

Xabier hil eta egun batzuetara Durangoko azokak omenaldia prestatu zion. Bertan, idazle, abeslari eta pentsalari zenari omenaldi sentikorra egin zioten euskaltzale askok. Nik, berriz, bere azken liburua motxilan, mendira jo nuen Bianditzeko aiekara. Mendi txango hark bere obran murgiltzetik asko zuen. Ordurako Xabierren obra osoa irakurrita nuen. Baina, dela elurretan belaunetaraino sartuta ibiltzeak sortzen duen nekeak eraginda, dela paraje txundigarriek eragiten zidaten harriduragatik, kontua da geldialdietan berrirakurritako zenbait pasarterekin zelai mistikoetara hegaldatu nintzela. Ez naiz mistikoa, baina une mistikoak oso bereziak eta txundigarriak suertatzen zaizkit.

Geldiune berezia Agiñakoa. Oteizaren obraren atalaiatik zabalera begira imajinatu nituen Mikel, Xabier eta Artze anaiak. Bataren sorgin letania garratzak, besteen otoitz gartsuak eta txalapartaren ttakunak behe erreken murmurioz kanta bihurtuz.

Lesaka eta Oiartzungo mugetako mendi eta basoetako haize uluak eta gure hizkuntzaren zurrumurruak letania antza hartzen dute nire belarrietan.

Egun zoragarria egiten zuen. Eguzkianagusi, ez lainoa. Elurrari distira zerion eguzki azpian. Dena zen ezohiko, desberdin. Erbinude zuriz jantzita, zein eder eta zoragarri azaltzen zen begi-bistan nuen oro! Une gogorangarri hura Xabierri zor diot.

Neguak badu heriotik asko; eguzkiak, berriz, bizitzatik. Heriotza eta bizitza, hutsa eta betea. Agiñako gunean Oteizak antzina eta geroa bildu ditu zirkuluaren inguruan. Berak hutsa ikusten zuen tokian nik bete-betea ikusten dut. Izan ginelako omen…

Oraindik mortalen lurraldean zegoela, bazirudien bizitzaren nekeak eta ajeak jainkoen altzoetara eraman zuela gurepoeta; gure herriarekikoak, berriz, bihotza uzkurtu: Euskal herri nirea ezin zaitut maite, baina nola biziko naiz zugandik aparte… Kantuak asko zuen garrasi mingarritik. Min etsitutik askatasun griñagotik baino esango nuke.

Aitortu behar dut, Izarren hautsa denboran zehar bihurtu zen bizigai poema liluragarri eta materialista sortzeko gai izan zen poeta gazte errebelde existentzialista hura oso gogoko nuela, ni ere gazte nintzen garai haietan. Adindutakoa, mistiko bihurtu gerokoa, ez hainbeste.

Batez ere, lebitazioetatik lurrera jaisten zenean munduarekiko zuen iritzia ematen ausartzen zenean. Ia enfat terrible izandako gazte hura, hain kontserbadore bihurtutako zahar abaildua azaltzen zitzaigunean.

Bere hitzak dira:

«Niri iraultzak ez zaizkit gehiegi gustatzen. Egitura bat ipurdiz gora jartzea da iraultza, modu bortitz batean».

Bistan da Iraultza desastrearekin lotzen zuela. Alabaina, desastrea gehienenetan iraultza ez egitetik dator.

Izan ere, egiturak ipurdiz gora jarriz edo gizartea zilipurdika irauliz, krisian eta desegin bidean dauden egiturak beste egitura berriekin ordezkatzeko egiten dira iraultzak. Egitura sendoak dituen gizartean iraultzak jai du. Eta aldaketa-haustura prozesuan sortzen den bortxakeria iraultzailea gehienetan boterearen aldetik datorrenari erantzuteko izaten da.

Iraultzak zirkunstantzien seme-alabak dira.

Hor ditugu baketsuak nahi izan, baina utzi ez zieten iraultza asmoak. Allenderi gertatu zitzaiona Txilen, adibidez. Gogoangarria Xabierrek berak Isabel Allenderi egindako kanta zoragarria. Galdetzen dut: mundu bortitz honek bere horretan jarraitzea baino gauza bortitzagorik ba ote?

Iraultzak ez dira inoiz konspirazio baten ondorio izaten. Ez du punch-arekin zer ikustekorik edo estatu kolpearekin. Izan helburu bera edo kontrakoa, Estatu kolpea eta Iraultza oso bestelakoak dira.

Iraultzak gertatzen dira «gehiengo zapalduak bere horretan jarraitu nahi ez duenean, eta gutxiengo zapaltzaileak nahi bezala agindu ezin duenean». Lenin dixit.

Inor gutxik harrikatzen du demokrazia, nahiz eta jakin nola sortu zen. Frantses Iraultzarekin, historiako iraultzarik odoltsuenetakoarekin, hain zuzen. Demokrazia lepo mozketak espektakulu bihurtuz sortu zen.

Beste iraultza motak, sozialistak, hain zuzen, horiek gupidarik gabe harrikatzen dira, baina denok dakigu zergatik. Ez direlako egokitzen egungo statu quo-ra. Frantziako Iraultza integratua dago kapitalismoaren ortzimugan. Beste mota bateko iraultzak, ez, ordea. Helburuek bereizten dituzte.

Eric Hobsbamn historiagileak dioen bezala: «68ko Maiatzak, garaitu ez bazuen ere, frogatu zuen ahal zela herrialde industrial garatu batean, bake, prosperitate eta itxurazko egonkortasun politiko egoeran, iraultza egitea».

Inork ez daki zeren antza hartuko duten etorkizuneko iraultzek, nahiz eta badakidan izan izango direla. Utopia askatzailea edo distopia beldurgarria. Horra gakoa.

Gaur ez dago iraultzarik, baina gauza asko daude ipurdiz gora.

Sozialismoa ala basakeria! Aldarrikatu zuen Rosa Luxenburg-ek duela ehun urte. Walter Benjaminek, «amildegira doan trena hondoratu baino lehenago, segurtasun balazta jartzera iritsi den humanitatea» bezala irudikatu zuen Iraultza.

Xabierren heriotzatik hamar urte igaro dira, iritzi asko plazaratu dira Xabier zena gogoan. Izan ere, Xabier handia ertz askoko pertsona genuen. Bakotzari berea, horra gizalegea.

Xabierren omenezko mendi txango eder bezain neketsuaren ondorengo burutazioak, hauek nireak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.