Gutxieneko ezagutza unibertsala, 'belarriprestak'

2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Zenbait arrazoi direla medio, azkeneko urteetan etxetik oso kilometro gutxira ari naiz mugitzen. Egoeraz baliatuz, zenbait gertaera eta aldaketa behatzeari ekin diot. Besteak beste, inguruan azken hamarkadan euskararen erabileran izan diren aldaketei erreparatu diet.

Itxuraz, Gipuzkoan ipar-ekialdeko eskualdeetan ez dago baldintza txarrik euskararen ezagutzan eta erabileran aurrerapenak izateko: euskararen ofizialtasuna, aldeko jarrera soziala, hiztun kopuru handia, behar komunikatiboa, eskola eta euskaltegien sare zabala, D eredu ongi errotua, diru-laguntzak... Duela hamar urte euskararen loraldi bat antzeman genuen. Hamar urteren buruan, azkeneko bietan bereziki, kontrako norabideko jarrerak susmatzen dira. Adibidez, oso zaila da nerabe kuadrillak euskaraz entzutea. Antolatutako ekimen batean edota heldu euskaldun hiztun aktibo batekin mintzatzen ez badira, gazte hauek gaztelera baino ez dute erabiltzen ohiko komunikazioan, eta euskararen erabilera urria bezain itxurazkoa da.

Duela hamar urte euskarak bultzada handia izan zuen. Lau aldagai aipatuko ditut: egoera politiko baikor eta positiboa, euskalgintzak Euskaraz bizi nahi dut lelopean egin zuen paradigma aldaketa, baby boom garaian jaiotako guraso euskaltzaleen seme-alaba andanaren jaiotza, eta titulazioaren beharra. Aspaldiko partez, ume gehiago jaio ziren urte horietan, D ereduko gela berriak zabaldu behar izan ziren eta heldu askok euskaltegien atea jo zuten.

Hamar urte pasa direlarik, berriz, faktore horiek aldatu direlakoan nago. Eraldaketa politikorik ez da suertatu, eta indar politiko euskaltzale-subiranisten gaitasuna neutralizatu dute; Euskaraz bizi nahi dut elastikoa jantzita hiztun aktibo bilakatu ziren askok amore eman dute; jaiotze tasa apaldu da; titulazioaren beharra, azkenean, ez da horren handia izan.

Bereziki goibeltzen nau guraso euskaltzaleen seme-alabak gazteleraz eta frantsesez gizarteratzen ari direla ikusteak. Aspaldiko ariketa matematiko hark (7 euskaldun + erdaldun 1 = 8 erdaldun) bere horretan darrai. Aski da lagun bakar bat erdalduna izatea, edo euskaraz deseroso aritzea, talde osoan erdara nagusitzeko. Bistan da: egun, lagun hori kuadrilla guztietan dago, familia guztietan dago. Izan ere, ezinezkoa da hori ez gertatzea, gure herria askoz pluralagoa eta konplexuagoa baita duela hamar urte baino. Noski, erantzuna ezin da izan hiztun-komunitatea ixtea, erabat ezinezkoa izateaz gain, heriotza ekarriko liokeelako euskarari.

Azkenekoetan arretaz jarraitu ditut hiru soziolinguistaren ekarpenak: Kike Amonarriz, Patxi Saenz eta Pello Jauregirenak, hain zuzen ere. Kikeren mezu baikor, alai, maitekorra; Patxiren ohar zorrotzak eta mezu sakona; eta Pelloren proposamen eraikitzaile eta berriak.

Baikortasuna behar dugu, jarrera atsegina, autoestimua. Kikek dioen moduan, jakitea euskara ez dela horren txikia, Txapeldunen Ligan ari garela, gaztelerari, frantsesari eta ingelesari aurre egiteko gai. Euskara jakiteak eta erabiltzeak plus bat ematen digu, Jon Maia bertsolariak ederki adierazten duen bezala: «begirada berezia» ematen digu. Begirada argia, sakona, luzea, mundu aldakor eta hauskor honetan hankak sendo finkatzeko eta nahi dugunean, nahi dugun norabidean, mugitzeko.

Zorroztasuna ere behar dugu. Euskara ez baita oraindik ofiziala Euskal Herri osoan, hizkuntza gutxitua da, larriki zauritua, gure eskubideak ez dira bermatzen. Estatuen konstituzioek eta euskal erakundeek elebiduntasun desorekatua bereganatu dutelarik, erdaldun elebakarra izateko «eskubidea» bermatzen dute. Euskarari bizkarra eman diotenek badakite, eta horregatik, ez dute ikasten, badakite-eta boterea dutela gure hizkuntz-hautua oztopatzeko.

Proposamen eraikitzaileak ere ezinbestekoak dira eta arlo honetan biziki interesgarria izan da aho bizi / belarri prest kontzeptuak garatzea.

Mundua erabat aldatu da, gehiago aldatuko da. Euskal Herria zeharo aldatu da eta gehiago aldatuko da. Aurreko artikulu batean aipatu nuen moduan, ziurki, orain Euskal Herrian historia osoan lehenengo aldiz aspalditik etorritakoen ondorengoak etorri berriak eta etorri berrien ondorengoak baino gutxiago dira. Horregatik eta beste hamaika arrazoirengatik, garai bateko lan ildoak, estrategiak eta erreferenteak dagoeneko existitzen ez den Euskal Herri bati zuzenduta daude. Globalizazioaren etapa labainkor horretarako egokitutako joerak, xedeak eta estrategiak behar ditugu, mendearen bukaerarekin batera euskararen amaiera etor ez dadin.

Euskara berriro Euskal Herriaren ohiko hizkuntza izan dadin lanean ari garenok erronka berriak ditugu. Ez da aski euskara kultur baliabide gisa poltsikoan gordeta dagoen zerbait izatea, egunerokotasunean normala izan behar du, esparru guztietan. Ezin dugu ontzat eman bi erdaren normalizazioa. Ezin dugu ontzat eman elebiduntasun desorekatua. Ahobiziok jarraitu behar dugu gure eleaniztasunetik, egoera, une, gune euskal elebakarrak sortzen. Landu behar dugu gune, eremu, ekintza horiek erdaldunentzat erakargarriak izan daitezen, eta jakin-mina zein beharra sortzen. Soilik 300.000 bat omen gara euskaldun hiztun aktiboak. Litekeena da portzentualki inoiz egon den tasarik baxuena izatea; baina, bide batez, paradoxikoki, 300.000 horien baldintza, ezagutza eta prestakuntzagatik euskara ez da egon inoiz egun bezain sendo.

Gune euskaldun elebakarrak sortzen jarraitu behar dugun legez, egoera komunikatibo elebidunak ere landu behar dira, baina ahobizi/belarriprest ikuspegiari eutsiz, elebiduntasun desorekatua ekiditen, egoera komunikatibo berriak sortuz. 1+7=8 gehiketa (kenketa) behin betiko ezabatu behar dugu eta hautu garbia egin, erakunde guztietatik, gutxieneko ezagutza lehenbailehen bermatzeko eta eskatzeko, euskararen bizitza eta garapena belarripresten esku ere bai baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.