Etxegabetasuna desagerrarazteko apustu irmo eta bateratuaren alde

Aizpea Otaegi
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Gure herrian, Arthur, Matilde edo Jesus etxegabeek bizi duten gizarte-bazterketaren aurpegi ageriko eta latzena dira. Etxebizitza duina izateko eskubide-urraketaren icebergaren tontorra dira, bestelako faktoreek are larriagotua; inon errotuta ez egotea, harreman-sarerik eza, arazo fisikoak edo buru-osasunekoak, kontsumoak, narriadura kognitiboa edo emakumeek pairatutako are zaurgarritasun eta bazterketa handiagoa.

2014. urtean Europako Parlamentuak Europako Batzordeari eskatu zion atzerapenik gabe etxegabeentzat estrategia bat garatzeko. 2015. urtean, Espainiako Estatuak Etxerik Gabeko Pertsonentzako Estrategia Nazionala onartu zuen. Eta, EAEn ere, 2018. urtean Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia erakunde arteko akordioa onartu zen. Agerikoa denez, estrategia horiek guztiek ez dute balio izan errealitate hori desagerrarazteko, ezta murrizteko ere, datuek areagotzen ari den errealitate bat islatzen baitigute.

Gipuzkoan, 2019ko SIIS zentroaren txosten batean, gizarteratzearen esparruan gizarte zerbitzuetan ditugun gabeziak jasotzen ziren, nabarmenduz: esku hartzeko eredu komun eta partekaturik ez izatea; baliabideen lurralde-desorekak; murrizketa ekonomikoak; eginkizunak mugatzeko zailtasunak lehen mailako arretaren (udal-ardurakoak) eta bigarren mailakoaren (foru-ardurakoak) artean; koordinazio- eta kogestio-formula egonkorren gabezia; eta sistema antolatzeko lidergo falta. Paradigma berriak aplikatu beharra ere jasotzen zen.

Etxebizitzarik ez izan arren gure herriak bizileku gisa aukeratu dituztenei bizimodu duinak eta eskubideak bermatzearen aldeko apustu politiko argia egiten dugun udalontzat gabezia eta ahuleziak areagotu egin dira:

COVID-19aren eraginez, kalean egotea zaildu eta aterpe-eskaera handitu denean, aforo-mugek eragin dute ohiko baliabideekin premia guztiei ezin erantzun ahal izatea. COVID-19a iritsi aurretik, Errenteriak Gaztelutxo aterpeko 23 toki eta hotzaren protokoloa aktibatzen zenerako 3-4 ohe gehigarrirekin bermatuta zuen eskatzaile guztientzako tokia. Egun, Belabaratz aterpe berria (29 plaza) eta aldi baterako 5 etxebizitza (16 plaza) baliatzen ari gara premiei erantzuteko. Toki horiek guztiak beteak ditugu eta ohe gehigarriak ere badira, larrialdi edo premia berriei aurre egiteko. Horrenbestez, bikoiztu egin da artatzen ari garen pertsona-kopurua.

Gero eta gehiago dira toki berean luzaroan geratzea erabakitzen duten etxegabeak eta horrek aukera ematen digu pertsona horiek ezagutzeko, loturak sortzeko, egoera bakoitza baloratu eta denboran iraungo duten esku-hartze sozialei ekiteko. Baina intentsitate handiagorekin jarduteak baliabideak eskatzen ditu: lotarako tokiez harago, ibilbide bakoitza baloratu, planifikatu eta lagunduko duten profesionalak; eta profilen araberako eguneko zentro eta jarduerak.

Kale egoeran dauden pertsonen artean, badira osasun mentaleko gaixotasunak edota urritasun psikikoak dituzten pertsonak, eta horiek osasun arloarekin lankidetzan tratatu beharko liratekeen arren, zailtasunak ditugu. Kasu horiei eustean, udalerri bateko gizarte zerbitzuentzat sostengaezina izateaz gain, babesgabetasun- eta arrisku-egoerak sortzen dira, pertsona horientzat beraientzat, baita udalerriko elkarbizitzarentzat ere.

Eskumenak eskumen, herritarrek udaloi eskatzen dizkigute erantzunak. Eta, eskubideen bermatzaile izan nahi dugulako, azkartasunez egokitu eta sistemaren akatsak estaltzeko prest egon ohi gara udalak. Etxegabeekin ere, hala ari gara: gure baliabide mugatuekin modu desorekatuan estaltzen sistema gabeziadun batek betetzen ez duena.

Baina lurralde-politika koordinatua, orekatua eta eraginkorra behar dugu. Eta, horretarako, ezinbestekoa zaigu Foru Aldundiaren apustu sendoagoa, udalak irmoki babestuko dituena. Izan ere, zaurgarritasun handiko errealitate sozial bat dugu parean, itxura guztien arabera handitzen joango dena. Eta, zalantzarik gabe, etorkizuneko dimentsioak izatea erabaki dugun gizarte mota islatuko digu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.