Elkarrizketa gogoetatsua, COVID-19rako sendagai

2020ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
COVID-19a gaixotasun fisikoz harago gaixotasun ekonomiko gogorra ere sortzen ari da. Baina baita gaixotasun psiko-sozial eta mental asko ere. Munduan ikerketa ugarik erakutsi dute estresa, antsietatea, depresioa, drogamenpekotasuna eta suizidio tasak igotzen ari direla, nabarmenki. Euskal Herriko hainbat ikerketak ere, estres, antsietate eta depresio mailak aztertu dituzte. Osasungileek, sintomatologia nabarmena pilatu dute pandemia hasi zenetik. Populazio orokorrean ere sintomatologia nabarmendu egin zen konfinamenduarekin, eta pertsona gazteenek eta gaixo kronikoek erakutsi zuten sintoma gehien. Irakasleak ere ez dira sintomatologia psikologikotik at geratu, klase telematikoak, ordutegirik gabeko jardunaldiak eta pandemia erdian klaseak berriro hasteak ekarri duen estresarekin.

Baina gogorkeriak eta krimenak ere ugaritzen ari dira, eta muturretako ideologiek sustatu egiten dituzte halako jarrerak. Halako portaerak agertzearen zergatia ezagutzea funtsezkoa da haiei konponbideaemateko. Aipatutako joerak gogorkeriaz eta polizien bitartez erreprimitzeak haiek sendotzea baino ez du lortzen eta.

Carl Jung eta Jean Knox-en arabera, pertsonek COVID-19aren ondorioak trauma bezala jasotzen dituztenean, haurtzaroko erreakzio handikietara itzultzen dira, baina arketipoek eta mitoek moldatuta. Horrela, batzuk heroiaren arketipoa berreskuratzen dute, euren bizitzan zehar moldatu dituzten mito kolektiboak egokituta; batzukMitra heroi emankorra bezala, baina beste batzuk Atenea edo heroi borrokalariren bat. Jakina, prozesu hau ez da kontzientea; Jung-ek dioen bezala: «Mitoak aurrekontzientearen psikearen errebelazio originalak dira, inkontziente diren gertakari psikikoen inguruko nahigabeko adierazpenak eta prozesu fisikoen alegoriak».

Beraz, portaera baldintzatzen duen horrelako prozesu irrazional inkontziente baten aurrean, zer egin daiteke? Erantzuna erraza eta sinplea da: hitz egitea prozesua hasi baino lehenago, gertaera traumatikoari buruz dauden emozio eta sentipenez, baina benetako gogoeta egiten, solaskidearen sentipenak, nahiak eta ametsak aditzen. Gertatzen ari zaigunari buruzko beldurrak, egonezina sortzen digu. Eta egoera honetan galerak ere gertatzen ari dira, pertsona asko lana, negozioak edota harremanak galtzen ari dira, etorkizuna ilun ikusten ari dira. Gertaera horiek sortzendituzten emozio, sentipen eta ideiei buruz hitz egitea funtsezkoa da, bai osasun mental eta fisikorako, baina baita ere gogorkeriak eta portaera suntsitzaileak saihesteko. Eta, jakina, funtsezkoa da ere zein hizkuntza erabiltzen den elkarrizketa horietan. Oso baldintzatzailea izango da bizitzaren hurrengo sasoirako, zein hizkuntza erabiltzen den gertaera traumatikoak aztertzeko elkarrizketa gogoetatsuan. Beraz, elkarrizketa horiek euskaraz egitea gakoa da, bai euskalgintzarako, bai euskaldunen osasunerako. Uztai fundazioak frogatu du hau guzti hau Gogoa Euskaraz Sustatuz delako proiektuan. Oso lagungarria izan daiteke berba-lagun talde birtualak edo ez-birtualaksortzea, sei edo zortzi pertsonaren artean elkarrizketak izateko, egoerak sortzen dizkien sentipen, emozio, beldur eta desioei buruz hitz egiteko. Elkarrizketetan hitz egin euren amets eta desioei buruz, eta etorkizun positiborako portaerak pentsatu eta proiektuak egin. EHUn ere Uztaik sortu du nazioarteko mintegi bat COVID-19aren eragin psiko-sozialaz eta ondorioztatu daiteken etorkizunari buruz.

Elkarrizketa hauetan euskal hiztegi emozionala aberastuko da. Horrela, haserreari, beldurrari, pozari, ezustekoari, tristurari, jelosiari, maitasunari, samurtasunari eta emozio guztiei izena jartzeko. Gauden egoeran halako ekintzak online, Internet erabiliz, izan beharko dira, baina pentsatu behar dugu, ahal den arinen, ekimenak bultzatu behar direla, aurrez aurre bilduz, eta hobeto naturaz inguraturik,Uztai Fundazioak bultzatutako Naren programa bezalakoetan.

Deskribatu ditugun bezalako elkarrizketak taldeetan euskaraz sustatzeko aro onena nerabezaroa eta 17-23 urte arteko aroa dira. Beraz, nerabeekin izaten diren antolamenduetan, izan kirol, izan eskaut edo eskoletan bultzatutakoak, funtsezkoa da elkarrizketa gogoetatsurako giroa sortzea, bai euskalgintzarako, bai osasun fisiko zein mentalerako; gauza bera unibertsitateko azken urteetan edo lanean hasten diren gazteekin, horrelako giroak antolatzea da gakoa euskalgintzarako eta osasun mentalaren sustapenerako programetan.

Estrategia politikoek eragin erabakigarria dute euskalgintzan, eta, alderantziz ere, euskalgintzak eragin sakona dauka estrategia politikoetan. Ildo horretatik aztertu beharko lirateke arlo gako batzuk azkeneko urte hauetako estrategia politikoetan, haien eragina euskalgintzan adierazteko, zeren eta ondorio sakonak edukitzen dituzte euskaldunen osasun mentalean, batez ere COVID-19ak sortutakoak bezalako egoera larrietan.

Bost ikerketa ezinbestekoak ikusten ditut eginbehar horretan:

1. Noraino bete den 80ko hamarkadako euskararen legea, eta zergatik.

2. D eredua zergatik zalantzan jartzen den.

3. Noraino izan diren arduratsuak euskal irakasleen aukeraketak bai eskoletan, bai institutuetan eta baita unibertsitatean.

4. Euskal telebistaren estrategiak euskalgintzan.

5. Euskalkienganako jarrerek euskalgintzan izan duten eragina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.