HILBERRIA. Simin Behbahani

Emari handiko idazle eta borrokalaria

Araitz Muguruza.
2014ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Etxetik jaso zuen idazteko grinaSimin Behbahani poetak. Ama Fakhr Ozma Arghon zuen (1898—1966), idazle, kazetari eta irakaslea; aita ere, Abas Jalili (1893—1971), idazle eta kazetaria. 12 urterekin idatzi zuen Behbahanik aurreneko poema, eta 14 urte zituen lehenengoz olerki bat publikatu ziotenean. Handik aurrera seiehun poematik gora publikatu zituen, hemeretzi liburutan banatuta, Pertsiako literaturaren ikurretako bat bihurtu arte. Lanik esanguratsuenak Tar-e Shekasteh (Dolumin hautsia), Jay-e Pa (Zure oinaren aztarna), Chelcheragh (Berrogei lanpara) eta Marmar (Marmola) dira, besteak beste. Birritan egon zen Literaturako Nobel saria irabazteko zorian: 1999an eta 2002an. Hilaren 6an ospitaleratu ondoren hil zen, atzo, Teheranen, 87 urte zituela.

Idazteaz gainera, Irango egoera soziopolitikoaz kezkatzen zen. Izaera aldarrikatzailea ere etxetik bertatik jaso zuen, ama Irango feminista nabarmenenetako bat izan baitzuen. Behbahanik ere bide hori jorratu zuen, eta behin baino gehiago salatu zuen Irango adierazpen askatasunik eza. Horregatik hainbat sari jaso zituen: giza eskubideen aldeko Hellman-Hammett saria, 1998an; Carl von Ossietzky saria, 1999an; eta Norvegiako Idazleen Biltzarreko Adierazpen Askatasunaren Saria, 2007an. Hitzaldiak emateko deitzen zioten sarri, mundu osoko leku askotatik. Duela lau urte, feminismoari buruzko hitzaldi bat ematekoa zen Frantzian, baina Irango Gobernuak ez zion eman baimenik herrialdetik ateratzeko, eta pasaportea konfiskatu zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.