Ikastola: Euskal Eskola Nazionala, edo «zentro publiko ez-estatala»

Mirari Bereziartua Arotzena - Erretiratua

2021eko urtarrilak 9

Ikastolen elkarteak publifikazioa aldarrikatzen dutenen aurrean bere iritzia kaleratzeak poz handia eman dit. Baina ondorioztatzen duen proiekzioan dagoen ikuskerak gogoeta egitera bultzatu nau, zuekin partekatuz ez adostasun bila, baizik norbera bere gogoetatik ondorioak ateratzera animatuz. Publifikazioaz argi ikusten dudana da publikoaren alde daudenek ikastolei hasiera eman zioten bide berdina dela idatziak dioen «geurea den hezkuntza sistema bat behar dugu» eta «publiko berria». Eta buztan horri helduz etorri zaigu, behin eta berriz, aldarrikapen bera.

Herrigintzatik, XVII. mendetik euskal familiak hezkuntzaz arduratzen ari dira. Gero Kontzejuetara pasa eta, konkista ondoren, menpeko hartu gintuzten Estatuen esku geldituta. Hala ere auzolanean, behin eta berriz oztopatu arren, jarraitu da.

Zerbaitetan aritu bada gure herria, hezkuntza eremuan, oztopo guztien gainetik, geure euskal hezkuntza sistema egiten eta eskutik eramaten izan da. Ikastolen mugimendua dabilen herria da. Ez dira gutxi herritik eta herriarentzat egindakoak eta gauzatukoak Euskal Hezkuntza Sistema Nazionala osatze lanetan. Gogora ekarriko ditut zenbait: hogeita bat ekimen gauzatuta eta lau bete gabe, esango nuke. Besteak beste: lurralde osoan egituratua auzolanaren erabakimena; euskal curriculum propioa; lan hitzarmena egitasmoari egokitua; zuzendarien prestakuntza; Artezkaritzakoei lidergo berrirako prestaketa, egitasmoaren independentziatik aritzeko; geure kulturan oinarritutako ekimenak irakaskuntza orduetarako eta ordutik kanpoko zerbitzu, ekimen kultural eta kiroletako. Hori guztia, geure hezkuntza sistema ez bada, zer da ba?

Nire ondorioa da, gure herrigintzatik egiten jarraitzeko, argiago izan behar dugula zertarako ari garen lan horretan, eta arnasa eman etengabe beti berri diren herrigintzako familiei. Zentzuan sustraiturik biziberritzen den horrek bakarrik eman dezake etorkizuna bermatzen digun fruitu berria.

Gaudi handiak zioen bezala, «sortzaile izateko, sorburura jo behar da». Bereziki zaindu ikasiak izan beharrik ez dagoela herrigintzan; bai, ordea, burujabetzatik egitasmoaren zentzuz motibatuak, profesionalen esku uztearen tentazioan erori gabe. Sindikatuen eraginez, gehiegitxo gertatzen ari delakoan dago gaur egun ikastolakide asko. Familien herrigintzan oinarritzen laguntzen digu, ulertzean Euskal Eskola Nazionala zergatik duen ikastolak bere izen propioa. Eta begira zer dagoen gure herriaren sorburuan. Gure ipar-oinarriak ziren printzipio eta balioagatik, Europa osoan miretsiak ginen Nafar Estatuak bakarrik zituelako. Zer dela eta? Euskaldunon egitura politikoaren lehenengo eremu erabakigarria Herritarron Nazioa zelako, arauak markatzen zituena: hain zuzen ere, gure konstituzioa ziren Foruak. Ondoren bigarrena, estatu egitura. Eta hirugarrena, erregea: herriak erabakitako foruak betetzeko administrari izendatua zena. Inolaz ere ez herriari agintzeko denen gainetik berea ez duen boteretik arituz.

Zuzentasun zientifikoz jasotako datuak ematen dizkigu Xabier Irujoren Protocolos sobre la independencia del Reino de Navarra y sus relaciones con Francia liburuak, Nabarraldek argitaratu berri, Polverel sindikoaren idatziak atalean. Hara nola hor, argi agertzen duen Polverelek, gogoratzen ari garenean 400. urteurrena, Frantziako Erresumak euskaldunon irizpide hori ez onartzeagatik, Nafar Erresumari independentzia kendu ziola. Eta horrela jarraitzen dugu.

Orain dauzkagun zerbitzu administratiboen egituretan etxekoak eta konprometituak diren pertsonak egon arren, daukagun arazoa ez da pertsonena, egiturazkoa da. Espainiako Estatuak, guretzako autonomia erkidegoak sortu eta hezkuntzari dagokionez ahalmenak transferitu gabe, bakarrik kudeaketa maila bat baimendu zigunean Adolfo Suarezen gobernuan, 1977-1979an Hezkuntza ministroa zen Iñigo Caverok ikastolei izen hau eman zien: «ikastolas, centros públicos no estatales». Hara nola gaur egun noraino ailegatu garen: etxeko-etxekoak izaera espainolizatu eta frantsesten duen jarrera hartzera, euskal herritarrok elkarren aurka ipiniz. Publikoa, komunal ulertzetik, kolonizatzaileen eskutik ulertuz. Gure herriaren milaka urtetako sustraietatik dugun bizi-indarra, herria bera dela alboratuta. Horrela esaten zidan Juan Mari Torrealdaik, Kilometroetan omendu genuenean: «Garesti ordainduko du Euskal Herriak, herrigintzarekin egiten ari garena», herritarrak esanetara ipini nahian.

Argi ikusi dugu herriko familien luzerako estadista ikuskerak salbatzen gaituela behin eta berriz. Seme-alaben etorkizuna bermatzeak gurasoei sortzen dien kemenak, berezko jakinduria indartuta herrigintzari helduz, ikastola mugimendua indartzen du, dabilen herria bihurtuz. Horren indarrez motibaturik, modu pragmatikoz bide berriak egiten ari zaretenok, boterea alboratuz, esanetara ibili gabe, askatasunez eta ausardiaz jokatuz, ondare immaterial komunalari, herrigintzaren auzolanetik erantzunez asmatzen duzue, behin eta berriz, historia luzean zehar. Nire eskerrik beroenak familia guztioi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.