Albistea entzun

Gartxot: konkistatik hamar urte

Aitor Castañeda - EHUko irakaslea

2021eko martxoak 4

Hamar urte dira Asisko Urmenetak bere animaziozko metraje luzea estreinatu zuenetik, Gartxot, Konkista Aitzineko Konkista, Juanjo Elordi produktorearekin batera. 2D digitalean ekoitzitako pelikula da, Gipuzkoan sortua Somuga S.L. ekoiztetxe ohiaren eta REC Grabaketa Estudio donostiarraren arteko elkarlanarekin. Hauez gain, ETBren produkzio-atxikia ere izan zuen, eta baita Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren sostengua ere, BERRIA eta Argia-renakin batera.

Filmak bitxikeria anitz ditu, horien artean, euskaraz guztiz ekoitzi eta zabaldu zela. Euskararen aldeko bultzada izateaz beste, lehenengo saria ere irabazi zuen 2012an, non eta Bordelen, berton egin zen XXII. Animazio Filmaren Nazioarteko Festibalean. Eta urte berean, Auburneko (Australia) XV. Nazioarteko Zinema Festibalean ere lehenengo geratu zen, Haur eta Gazte-helduen kategorian. Halaber, Bulgarian, Brasilen, Espainian eta Italian ere aurkeztu zen filma, bere hedapena areago zabalduz.

Izan ere, euskaraz egindako pelikula honek azpititulu lan mardula hartu zuen. DVD formatuan saldutako aleek hemezortzi hizkuntzatan jarri zituzten tituluok, horien artean estatu-mailako bost, eta hamahiru gutxitu. Horrek balio izan zion mundu mailan ibiltzeko, eta Nafarroako herri txiki Itzaltzuko Bardoaren kondaira zaharra harat-honat eramateko herri hartako udalak ere lagundu zuen filma.

El Bardo de Itzaltzu Arturo Kanpion (1854 1987) poligrafo eta akademiko nafarrak 1918an plazaratutako kondaira da, Zaraitzuko Ibarreko (Nafarroa) ahozko tradiziotik hartu zuena, Iruñeko Artxiboko dokumentazioaz lagunduz —Ibarrak filma ere sostengatu zuen. Benito Lertxundik berak kondaira berreskuratu zuen Altabizkar diskorako (1981), Itzaltzuko Bardoa balada sortuz, filmaren soinu-banda. Eta Asiskok berak Marko Armspach eta Jokin Larrea ilustratzaileekin komikia ere argitaratu zuen 2003an. Izatez, filma komiki hartako esperientzian —eta estetikan— dago oinarritua, eta hau, halaber, Kanpionen kontakizunean.

Gartxoten kondaira, Kanpionen zein Asiskon, erresistentziarekin jasaten duen herriaren alegoria da, inposatzen dizkioten hizkuntza eta bizimoduen aurka. Hala bada, lehenengoaren kondaira mito-biltegi kontsidera badaiteke —Orreagako Gudaren mitifikazioa (euskaldunak Karlomagno enperadorea garaitzen), Euskal Herria erlijio- eta bizimodu-inposizioen kontra...—, beste horrenbeste filma. Komikiaren estiloari leial, 1110. urteko Iruñeko Erresumako hainbat sinbolo ere badarabiltza —arrano beltza, ilargi iraulia eta izarra...—, pelikulako hainbat eszenatan agertzen direnak.

Halaber, Erdi Aroan Zaraitzun hitz egin zitekeen euskarari gerturapena egiten dio; komikian ere Asiskok, Markok eta Jokinek egin zuten ahalegina. Honela, bikoizleen euskalkia errespetatu zen pelikulan, horietariko asko Zuberokoak eta euskara eta euskal kantutik oso gertuko artistak. Iparraldearen presentzia, babesaz gain —Euskal Kultur Erakundeak ere filma lagundu zuen—, ahotsetan da nabarmen, horien artean Mikel eta Maika Etxekopar, Gartxot eta bere seme Mikeloten bikoizle, edo Marko bera, Bordelen jaioa baina Uztaritzen bizi dena, Turoldo eta Peyré pertsonaien ahots.

Ezin daiteke esan 2011ko filmik ikusiena izan zenik: 32.093 ikusle bildu zituen zinema-geletan, Espainiako Ikus-entzunezko Kultura eta Arteen Institutuaren arabera. Hala ere, bere publiko espezifikoa hartu behar da kontuan, bai eta nazioarte mailan lortutakoak ere. Ez dira ahaztu behar izan zituen baliabide urriak, hainbat erakunderekin crowfounding ahaleginek egin baitzuten posible filma; horien artean, aipatzekoak dira Ikus-entzunezko Arteen Nafar Institutua, Udalbiltza eta Udalbide.

Film honek Itzaltzuren, Nafarroaren eta Euskal Herri osoaren memoria kolektiboari egindako mesedea aipagarria da oso. Ez da gutxiagorako Kanpionen memoria ere berreskuratu izana, gure historiako pertsonaia bitxia, baina akademiko aparta Nafarroako Historiari dagokionez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...