Hamaika urte eta hamaikatxo berba alperreko

Doro Zobaran Kaltzada
2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Hzara non 2010. urtean ETBko Kalaka programan esan genuen gauza bera diogun gaur berriro. Orduko informazio berdina daukagulako, hau da, ezer ez, pontifizeen goramenak besterik ez.

Orduan ere esan genuenez, ez dugu uste Guggenheimek Busturialdeako gainbehera ekonomikoa konponduko duenik, baldin eta gainbehera benetakoa bada, hori ere demostratu beharra baitago. Zeren argudio berdinarekin esan dezakegu Busturialdeak bere horretan, eskura dituela baliabide guztiak, baldin eta martxan jartzeko ausardia balu eta Godoten esperoan ez balego.

Guggenheim museoak munduan, hiru dira; New Yorkekoa, Guggenheim fundazioarena, beronen egoitza nagusia; Veneziakoa, Peggy Guggenheimek XVIII. mendeko jauregitxoa kanalaren alboan erosi eta zabaldu zuena; hirugarrena Bilbokoa denon artean egina eta Guggenheim familiari izena erabiltzearren frankiziaz ordaintzen dioguna, zuzendariak ezetz dioen arren. Laugarrena Abu Dhabikoa izango delakoan daude, baina hori hor dabil 2008tik bueltaka, 2022an bukatuko dutelakoan, hidrokarburoen krisian itotzen ez bada behinik behin.

Beste guztiek, hagatik edo honegatik, jarduera utzi dute.

Kronologikoki lehena dena, Museo Guggenheim Hermitage, Nevadako Las Vegas Nevada The Venetian hotelean zegoen; 2001ean zabaldua, 2008an itxi zuten.

Bigarrena, Deutsche Guggenheim Deutsche Banken aretoan zegoena, 2013an zarratu zuten.

Guggenheim Helsinki Plana, 2011n Helsinkiko Udalari aurkeztua; 2016an udalak bertan behera utzi zuen.

Mexikoko Guadalajaran egin gura zutena ez dugu aipatuko. Antza Vidarte jaunak ezezko iritzia eman zuen.

Bizkaitarrona handia da gero! Alemanak, mexikarrak, Nevadakoak, helsinkiarrak baino abilagoak gara. Hemen Guggenheim familia eta bere meza-mutilak aberatsago egiteko gai gara. Besteak ez, gu bai!

Bolo-bolo dabil herritarron ahoetan Bilboko Guggenheim museoaren ereduzko gestioa, guk prediku mediatikoetatik kanpo sekula santan zenbaki fidagarririk ikusi ez dugun arren.

Hori horrela bada eta Bilbok hain garbi badauka Guggenheimen kudeaketak onura baino ez duela ekarri, zer dela eta jarri da Busturialdera begira? Elkartasunagatik? Busturialdeko neba-arrebak gosez hil ez gaitezen? Ala konforme eduki behar delako nagusia, eta Guggenheim familiaren askara arrimatukoak aitabitxiri emandako hitza betetzeko gai ez direlako.

Itzela da kontua! Aurreko lau ereduei adituz gero, Guggenheim familiaz kanpo bilbotarrek baino ikusten ez dutena eskualdearen salbaziotzat saldu gura digute. Antza Deutsche Bank eta Guadalajarako (Mexiko), Las Vegaseko (Nevada, AEB) eta Helsinkiko udalak baino argiagoak gara gu.

Gure uste apalean museoa baino askoz gorago doa erreserban konpondu beharrekoa. Gai guztietan elkarbizitza arautzeko hartutako erabakiak betearazteko gai den kolektiboa eta informazio fidagarria behar ditugu. Ezin dugu jasangarritasuna ahotan hartuta eredu kontsumista bat defendatu. Gainera Guggenheim Fundazioaren kultur eredu neoliberala, epe ertainari begira, gainbehera datorren eredua da, hemen eta munduan, beraz, zertarako denbora galdu, beste eredu solidarioago bat posible bada? Lagunak informatu, populazio zentsatuari galdetu eta erabaki.

Zibilizazio krisia delako aroan ze onura lekarkioke Busturialdea eskualdeari eta hemen bizi garen espezie guztiei Guggenheim batek?

Horra galdera. Betor erantzuna.

Bitartean, hamaika urte hamaika galdera alperreko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.