Sorterriko albisteak? Bai, noski

Maialen Goirizelaia Altuna, Kattalina Berriochoa
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Sorterriko albisteak kontsumitzea informazioa jasotzea baino askoz gehiago da, herrialde bateko eta bertako errealitatearen parte izateko era bat ere bada.

Diaspora bateko kideak, gehienetan, komunitate transnazional bateko kide izaten dira. Hanka bat herrialde bakoitzean dute, bata sorterrian, bestea egun bizi diren herrialdean. Komunitate transnazional bateko kide izateak, aldi berean leku batean eta bestean egotea suposatzen du, bi errealitate ezagutzea, bietan bizitzea. Horrela izanik, euren sorterria atzean utzi eta herrialde berri batean dauden komunitate horietako kideek askotan (ez beti) harremana mantentzen dute euren jatorriarekin, bertako albisteen berri izan nahi dute eta egunerokotasunaren parte izan nahi dute.

Gauzak horrela, kontsumitzen ote dituzte Estatu Batuetan bizi diren euskaldunek hemengo komunikabideak, egunkariak eta telebista kateak? Komunitate transnazional bateko kide izanik, kontsumitzen dituzte sorterriko albisteak? Eta, horrela bada, bada desberdintasunik lehen belaunaldiko eta bigarren, hirugarren edo laugarren belaunaldiko euskaldunen artean?

Erantzun bakar bat eman beharko bagenu, erantzuna bai izango litzateke; izan ere, galdekatuen %80k Euskal Herriko albisteei jarraitzen diete. Nola egiten dute hori? Batez ere sare sozialen bitartez, baina egunkari digitalak eta telebista ere kontsumitzen dituzte.

Idaho, Kalifornia, Florida, Nevada, New York, Utah, Oregon, Massachusset, Rhode Island eta Connecticut-eko estatuetan dauden euskal komunitateak aski ezagunak dira, baina badaude euskaldunak Ipar Karolina, Arizona, Washington, Texas, Virginia, Wyoming, Illinois eta Ohion ere. Eta ia %80k Euskal Herriko albisteei jarraitzen diete. %20,2k EITB kontsumitzen dute eta %24,5ek, egunkari digitalak. Orokorrean, El Diario Vasco, El País eta BERRIA dira gehien kontsumitzen dituzten egunkariak.

Emigratutako garaiaren eta arrazoien arabera, sorterriarekin dagoen harremana desberdina da. Estatu Batuetara joandako euskaldunak garai desberdinetan banandu ditzakegu, eta, ondorioz, belaunaldi desberdinetako euskaldunak topa ditzakegu. Lehen belaunaldiko euskaldunak dira Euskal Herrian jaio eta arrazoi desberdinengatik Estatu Batuetara joan behar izan zuten horiek. Bigarren+ belaunaldikoak dira euren gurasoak, aitita eta amama edo birraitona eta birramona Euskal Herritik joan ziren horien ondorengoak. Aztertutakoen artean %18,6 lehen belaunaldiko euskaldunak dira eta %81,3 bigarren, hirugarren edo laugarren belaunaldikoak.

Egunerokotasunaren eta albisteen kontsumoan desberdintasunak daude bataren eta bestearen artean. Lehen belaunaldiko euskaldunen artean gehien irakurtzen dituzten egunkariak El País, El Diario Vasco eta BERRIA dira. Bigarren, hirugarren eta laugarren belaunaldikoen artean, ordea, El País, El Diario Vasco, El Correo eta Deia dira, ordena horretan, gehien kontsumitzen dituztenak. Ikusten da, beraz, bai lehen zein bigarren+ belaunaldiko euskaldunen artean El País egunkaria dela gehien irakurtzen dena. BERRIA egunkariaren kontsumoan, ordea, desberdintasun bat dago lehen eta bigarren+ belaunaldikoen artean. Lehen belaunaldikoen artean gehien irakurrietan hirugarrena den bitartean, bigarren+ belaunaldikoek El País, El Diario Vasco, El Correo eta Deia dituzte aurretik. Horren azalpena erraza da: lehen belaunaldikoek euskara «beti» edo «askotan» erabiltzen dutela erantzun zuten, eta bigarren, hirugarren eta laugarrenekoek, «gutxitan». Euskararen ezagutzak euskara hutsean argitaratzen den egunkari baten kontsumoan eragin dezake. Hala ere, kontsumitzen duten egunkari bat da.

Ikusi daiteke Estatu Batuetan dauden euskaldunek badutela Euskal Herriarekin konexioa eta albisteak kontsumitzen dituztela. Ia %100 euskaldun sentitzen dira, eta hemengo egunkariak irakurtzen dituzte gertatzen denaren berri izateko. Sorterriko albisteak kontsumitzea informazioa jasotzea baino askoz gehiago da, konexioa eta identitatea mantentzearekin zerikusi handia daukan zerbait da, eta diaspora eta komunitate transnazionalen integrazioan laguntzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.