Abizena zigorbide

Taleb Ali Salem El Kori
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ezin harriaz kezkatu, oraindik mendia dugu-eta aurrean. Arabiarren atsotitz hori agian lagungarria izango da azaltzeko ezin dugula «mikrorrazismoaz» hitz egin, oraindik ere arrazismorik anker eta basatiena gizartean oso presente dagoen honetan.

Etxe bat alokatzeko asmoa duen edonori ez dio aparteko lanik eskatzen horrek: etxe egokia aurkitu, Interneteko atariren batean edo etxe agentzia batean; egin beharreko tramiteak egin jabearekin edo dagokion etxe agentziarekin; eta etxe berrira aldatu, aparteko zailtasunik gabe.

Abizen arabiarrak dituen edonorentzat, berriz, lan hori amesgaizto bihurtzen da: etengabeko borroka bat aurreiritzien aurka, frogatzeko abizen arabiarra izan arren garaiz egingo dituzula ordainketak, abizen arabiarra izan arren ez duzula inoiz liskarrik izan bizilagunekin, abizen arabiarra izan arren ez duzula etxea hondatuko, abizen arabiarra duzula eta, azken batean, pertsona bat zarela.

Larriena da normalizatzen ari dela jokaera arrazista eta klasista izatea eta pertsonak aurrez epaitu eta kalifikatzea soilik haien izenean, abizenetan edo aurpegieran oinarrituta. Gero eta ohikoagoa da etxejabeek eta agentziek erabat gutxiestea pertsona horiek, batere lotsarik gabe, eta inork ere ez du ezer egiten horren aurka.

Argi utzi nahi dut errealitate hori bistakoa dela kalean: hori sufritzen dutenengana hurbildu besterik ez da behar konturatzeko etxebizitzen sektorean apartheid beldurgarri bat normalizatzen ari dela, ia isilean. Nire kasuan, bi hilabete baino gehiago daramatzat alokairuko etxe baten bila; izan ere, amarekin eta arrebarekin bizi naizen etxea oso zaharra da, eta hondatuta dago zeharo: 11 urte baino gehiago daramatzagu hor bizitzen.

Etxe bila hasi nintzenean, ez nuen uste arrazakeria topatuko nuenik aurrez aurre; ez nuen uste pertsona jakin batzuk horren nabarmen mespretxatuko zituztenik soilik haien abizenetan edo aurpegieran oinarrituta; ez nuen sinistu nahi hazi eta hezi nauten herrialde honek, zeinaren parte sentitzen naizen eta zeinari ekarpena egiten diodan sozialki eta ekonomikoki beste edozein herritarrek bezala, bat-batean seinalatu egingo ninduela, baztertu, eta ia gurutziltzatu. Eta zergatik? Nire izena Mohamed, Ali, Ahmed, Taleb, Said delako. Zer axola dio; izan ere, etxe agentzia ezagun bateko harrerako langileak esan zidan moduan: «Beti berberak zarete, eta hemen ez dugu arazorik nahi».

Bilbotik gertuko herri bateko etxe agentzia ezagun horrek hiru etxe zituen errentan jarriak. Bost aldiz jarri nintzen harremanetan haiekin, eskuragarri zeuden edo agentziakoak alokatzeko prest zeuden etxeetako edozein ikusteko asmoz. Deitu nuen bost aldietan, galdera berak egin zizkidaten: Zer herrialdetakoa zara? Nominak badituzu, edo laguntzarik jasotzen duzu? Zenbat pertsona biziko dira etxean? Izena eta telefono zenbakia? Galdera horiei bost aldiz erantzun ondoren, ziurtatu zidaten etxe horien arduraduna nirekin harremanetan jarriko zela txanda emateko, baina inongo agentek ez zidan ezer esan. Hortaz, etxe agentzia horretara joan nintzen zuzenean, jakiteko zer gertatzen ari zen; izan ere, etxe horiek, nik deitu eta zortzi egunera, oraindik eskuragarri ageri ziren etxeak alokatzeko webgune guztietan.

Agentziaren bulegoetara iristean, harrerako langileak datuak hartu zizkidan berriz, eta galdeketa bera egin zidan; bost aldiz erantzuna nuela azaldu nion, baina ez zidan kasurik egin. Agurtu egin ninduen, «honetaz arduratzen den agentea jarriko da harremanetan zurekin» esanez, modu ia robotikoan, kontu handirik gabe eta batere interesik azaltzeko asmorik gabe.

Handik hiru egunera, inor ez zen nirekin harremanetan jarria; beraz, erabaki nuen deitzea eta argi eta garbi hitz egitea: Zergatik ez nauzue, benetan, beste edozein bezero bezala artatu? Nire izenagatik da, aurpegieragatik? Hori esandakoan, erantzun zidaten ez zutela arazorik nahi eta beti «berberak» garela, eta, segidan, moztu egin zuten. Hori guztia jasan behar al dut etxe bat alokatzeko asmoa erakusteagatik soilik? Erdeinua eta irainak jasan behar al ditut izen edo abizen arabiarrak izateagatik soilik? Jasan behar al dut?

Erabaki nuen mezu elektroniko bat idaztea gertatutako guztia azaltzeko, eta agentziara bidali nuen esanez eskura ditudan tresna guztiak erabiliko ditudala hango agenteek emandako tratu arrazista,klasista eta iraingarria salatzeko. Handik hamar minutura, dei bat jaso nuen. Agentziaren jabea zen: 30 minutuko elkarrizketa bat izan genuen, eta beraiek arrazistak ez direla justifikatu besterik ez zuen egin andreak, eta «lagun afrikarrak» zituela esan. Gogorarazi nion nire kexa ez zela bere aurkakoa, ezta harrerako langilearen aurkakoa ere, baizik eta agentzia gisa funtzionatzeko duten moduaren aurkakoa, arrazakeria normalizatu egiten baita eta tratua eta arta aldatu egiten baitira bezeroa zein den. Barkamena eskatu zidan, eta esan zidan langileei helaraziko ziela mezua, «berriz gerta ez dadin». Nik hitzeman nion ez nuela agentzia zuzenean salatuko.

Argi utzi behar dut hau ez dela kasu bakana, eta etxea bilatzeko prozesu honetan beste egoera eta ekintza arrazista batzuk ere bizi izan eta jasan ditudala. Kezkagarria da, gainera, immigrante arabiarrek berek ere onartu egiten dutela hori: uste dut, arrazakeria hori etengabe sufritzearen ondorioz, azkenean normaltzat hartzen dela nolabait. Askotan, herrikideekin topo egiten dudanean, galdetzen diet: «Aizu, ba al duzu alokatzen den etxeren baten berri?». Eta erantzuna hau izan ohi da: «Bai, nire etxe ondoan bat dago, baina guri ez digute alokatzen».

Guri ez digute alokatzen. Agian esaldi horrek dena laburtzen du.

Uste dut tokiko agintariek eta gobernuak arazo honen berri izan behar dutela eta neurriak hartu behar dituztela gizartea eta sektore horretako enpresak kontzientziatzeko. Neurriak hartu behar dira etengabe jazarria eta gutxietsia den gutxiengo hau babesteko, eta nolabait bermatu egin behar da ez etxebizitza bat edukitzeko eskubidea, baizik eta pertsona gisa tratatuak izateko eskubidea. Uste dut, horrez gain, komunikabideek tokia eman beharko lioketela arazo horri; izan ere, lehen esan bezala, ez dira kasu bakan edo partikularrak, baizik eta gizartean guztiz hedatu eta ia normalizatutako arazo bat.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.