Donostiako Zinemaldia

Teshigahararen hogei pelikula erakutsiko ditu Zinemaldiak

Jaialdiak zinemagile japoniarrari eskainiko dio aurtengo atzera begirakoa. Liburu bat plazaratuko dute hari egindako elkarrizketekin

Hiroshi Teshigahara zinemagile japoniarra. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Donostiako 71. Zinemaldiak Hiroshi Teshigaharari (Tokio, 1927 - 2001) eskainiko dio aurtengo atzera begirakoa, eta irailaren 22tik 30era bitarte, zinemagile japoniarrak ondutako hogei film erakutsiko ditu denera. 1953tik 1992ra bitartean zuzendutakoak, hain zuzen. Euskadiko Filmategiarekin, Etxepare Institutuarekin eta Japan Foundationekin elkarlanean antolatu dute zikloa, eta, osagarri moduan, Crónicas de vanguardia. Conversaciones con Hiroshi Teshigahara liburua argitaratuko dute. Inuhiko Yomotak egindako elkarrizketen liburukiaren gaztelaniazko itzulpena da argitalpen hori; Daniel Aguilarrek ekarri du gaztelaniara.

Tokion jaio eta hil zen Teshigahara. Arte Ederrak ikasi zituen, eta 1950eko hamarkadaren erdialdean hasi zen dokumentalgintzan murgiltzen. Erresistentzia mugimenduek Bigarren Mundu Gerran erakutsi zituzten Mendebaldeko joera zinematografikoenganako interesa agertu zuen: Italiako neorrealismoak eta garai hartako Frantziako zinemak eragin zioten, besteak beste.

Zinemaldiko antolatzaileen arabera, 1960ko hamarkadako Japoniako zinemako «ezinbesteko egileetako bat» da Teshigahara. Hokusai (1953) izan zen haren ibilbideko aurreneko film laburra; eta handik bederatzi urtera ondu zuen lehendabiziko lan luzea: Otoshi-ana (1962).

Kobo Aberekin elkarlan oparoa izan zuen: hark idatzi zuen Otoshi-ana filmeko gidoia, baita Suna no onna (1964), Tanin no kao kao (1966) eta Moetsukita chizu (1968) filmek oinarri dituzten hiru eleberrien egokitzapenak ere.

Telebistan ere aritu zen lanean, dokumentalgintza alde batera utzi gabe: film labur, ertain eta luzeak ondu zituen. Besteak beste, bi film egin zituen Jose Torres boxeolariaren inguruan; Jean Tinguely eskultore eta margolariari buruz ere egin zuen bat, baita Tokiori buruzko bat ere, 1958an. Dena den, Antonio Gaudí (1984) izan da haren dokumentalik ezagunena, kataluniar arkitekto modernistaren irudia eta obra erakusten dituena. Rikyu (1989) eta Go-hime (1992) izan ziren haren ibilbideko azken lanak.

Zinema egiten ez ezik, Japoniako artean sona duen lan batean ere aritu zen Teshigahara, lore apainketan. Ikebana Sogetsu eskola zuzendu zuen, baita The Art of Ikebana (1997) liburua argitaratu ere.

Hauek dira erakutsiko dituzten hogei filmetako batzuk: Hokusai (1953), Juninin no shashinka (1955), Ikebana (1957), Tokyo 1958 (1958), Hozee Toresu (1959), Otoshi-ana (1962), Inochi. Sofu no chokoku (1963), Suna no onna (1964), Ako, episodio de La fleur de l'âge (1964), Hozee Toresu II (1965), Tanin no kao (1966), Indi-reesu, Bakuso (1967), Moetsukita chizu (1968), Sama Soruja (1972) eta Shin Zato-Ichi. Niji no tabi (1979).

Datorren urtekoa, erabakita

Hurrengo urteko atzera begirakoak ere badu gaia: Italia biolentoa. Polizia-zinema italiarra izendatu dute, eta herrialdearen erretratu egoki bat egiteko balioko duela uste dute antolatzaileek. Betiere, ikuspegi garaikide batetik berrikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.