ATZEKOZ AURRERA. Idoia Tapia. Abeslaria eta aktorea

«Nahi duguna kontatzen ari gara; ari gara tokia hartzen»

Komun batean girotutako obra bat eskainiko dute gaur Iruñeko Kondestable jauregian: 'Komunetik'. Batik bat, intimitatea, gorputzaren aferak eta gai sozialak ditu hizpide. Idoia Tapia da aktorea.

GARAZI VELASCO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Berdin dramatizazioan edo Skabideanekin egiten dituen kontzertuetan; Idoia Tapiak (Iruñea, 1998) biziki maite ditu oholtza gainean sentitzen diren denak. Azkenaldian, pandemiak nabarmen baldintzatu du bere ibilbide artistikoa, baina aurrera ari da halere, pauso irmoz. Aktore gisa arituko da gaur, Komunetik ikuskizunean, Iruñeko Kondestable jauregian. Garaikidea 2021 zikloaren parte da emanaldia.

Zer abiapuntu du Komunetik-ek?

Hatz(a)marka kolektiboaren lanetik tiraka sortu da Komunetik; hau da, kolektiboak sortutako olerki eta ilustrazio liburutik. Hori du abiapuntu, eta, era berean, baita sortzen segitzeko aitzakia ere. Hatz(a)markako Iñigo Satrustegik pentsatu zuen ez zuela nahi errezital soil bat izatea; haratago jo nahi zuen, eta, horretarako, askotariko elementuak batu dira. Antzezlana izanen da, zuzeneko musika, olerkiak... eta inprobisazioa ere bada.

Komunean da girotua, zergatik?

Komunak dena orokortzen du: gure intimitatea, erraietan dugun guztia, gorputzarekin zerikusia duten aferak, baita kontu sozialak ere. Munduak komun zulo bat ematen du batzuetan. Oso espazio interesgarria da aspektu asko lantzeko. Ezerk gutxik elkartzen gaitu gizakiok komun baten moduan.

Kartelean diozue gogoeta espazio ere badela komuna. Zer motatako hausnarketak izan daitezke?

Esaterako, nik komuna asko lotzen dut lotsarekin, baita lotsa gainetik kentzearekin ere. Oso lotua dago nire gorputzarekiko daukadan harremanarekin, hilerokoarekin adibidez. Komuna da biluzik denbora gehien ematen dudan tokia, eta, absurdoa badirudi ere, lagundu dit neure burua ezagutzen. Maiz komunera egiten dugu ihes bakarrik egoteko, ezkutatzeko, lasaitzeko. Nork bere modura ikus dezala.

Bakarrik arituko zara aktore gisa. Gustuko duzu horrela jardutea?

Bere alde onak eta txarrak ditu. Beste pertsona batzuekin lan egiteak asko laguntzen du gauza askotan; beti xurgatzen duzu zerbait ondokoarengandik. Erronka handia da, baina, aldi berean, gustatzen zait bakarrik aritzea. Askatasuna ematen dit,eta konturatzen zara zeure buruak nola erantzuten duen egoera bakoitzean. Gainera, oholtza gainekoa ni neu naiz; hala sentitu dut.

Diziplina askotako jendea bildu zarete obrarako; gehienak, iruindarrak eta gazteak. Bada zerbaiten seinale?

Uste dut jendea bere buruari permititzen ari zaiola nahi duena egiten. Batzuetan hain itxia den gure euskal kulturan, geure buruak zentsuratu izan ditugu, eta askotan jo dugu gauza antzekoetara; euskaldunak euskal aferei buruzko euskal antzerkian. Baditugu sustraiak, baina zergatik ez egin beste zerbait? Begira Chill Mafia, esaterako. Orain, nahi duguna kontatzen ari gara, eta ari gara tokia hartzen.

Ahotsa jarri zenion azken Euskaraldiko kantuari. Zer moduzkoa izan zen esperientzia?

Oso prozesu ederra izan zen. Egia esan, Jon Celestino jenio bat da, eta dena egina eman zitzaigun. Oso pozik nago; ezin besterik esan.

2020ko otsailean aurkeztu zenuen Izaera diskoa Skabideanekin, baina pandemiak segituan eten zuen dena. Nola egon zarete?

Hasieran, kolpe moduko bat sentitu genuen, eta nahiko itzalita egon ginen zenbait hilabetetan; egoerak eragina izan zuen taldean. Pena handiz, ezin izan genituen egin Donostiako eta Bilboko kontzertuak. Gero, udan, hasi ginen gure artean biltzen; talde bezala baino gehiago, kuadrilla modura. Azkenik, egin ditugu kontzertu gutxi batzuk.

Oholtza gainera gutxitan igota ere, harrera ona izan du diskoak.

Bai. Konfinamenduan nabaritu genuen batez ere. Sekulako energia ziztada izan zen. Gainera, uste dut etxean itxita ginenean jendeak aukera izan zuela diskoa benetan aditzeko, edo, agian, ohituak ez gauden modu batean, intimoagoan.

Zer asmo duzue orain?

Lasaitasunez jokatu nahi dugu, presiorik gabe; uste dut hori dela garrantzitsuena. Egia esan, zalantzan gaude. Azken batean, diskoak ez du izan birarik. Zentzua du orain kantu gehiago ateratzeak? Ez gaude ziur. Dena dela, sortze lana etengabea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.