Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA. Aitor Perez. Haizeberriko gaita jotzailea

«Gure ohiko eszenatokia kolpean kendu ziguten: kalea»

Hamar urte dira Haizeberri dultzainero taldea sortu zutela. Kalera atera ezinik, urteurrenean disko bat grabatzea erabaki dute. Perezek esan duenez, gaita ezagutarazi nahi izan dute.
IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko irailak 1 - Iruñea

Gaita eskolak ematen hasi zen Aitor Perez (Iruñea, 1995), eta, azkenerako, haiekin talde bat sortu zuen Iruñean: Haizeberri. Kalea da haien habitat naturala, baina pandemiak errotik moztu dizkie doinuak. Auzolan diskoa kaleratu dute hamargarren urteurrena ospatzeko; 22 musikarik osatutako lana.

Karrikan jo ezinda erabaki duzue grabaketa estudioan sartzea?

Urteurrenerako zenbait gauza antolatu nahi genituen, baina pandemiarekin asmo guztiak pikutara joan ziren. Diskoa zen geure kabuz, eta inori baimenik eskatu gabe, egin genezakeena. Zailena kudeaketa izan da, muga asko zeudelako. Izenak dioen bezala, auzolan bat izan da, urte osokoaren emaitza.

Ez da gaita hutsezko diskoa. Zergatik?

Gaita nahiko zorrotza da entzuteko, eta disko hau entzuteko erosoa izatea nahi genuen, eta gaita ezagutzen ez duen horri ere zuzendu. Gaita eta atabala formatu tradizionalean erabili ditugu, baina baita beste musika tresna batzuk ere: bateria, tuba, bonbardinoa, tronboia, akordeoia, gitarra...

Musika ere askotarikoa, ezta?

Gaitak daukan errepertorioaren lagin bat bildu dugu: dianak, erraldoien musikak, dantza herrikoiak, habanera, mexikarrak... Musika batzuk ere sortu ditugu.

Auzolana kontzeptua zuen filosofiari ere badagokiola esan izan duzue. Zein da filosofia hori?

Beti funtzionatu dugu auzolanean. Proiektua sortu zen lagun talde baten bidez, gaita erakustea proposatu zidatelako. Hasieratik xumea eta herrikoa izan da talde hau.

Transmisio kateari eustea garrantzitsua da zuenean?

Bai. 2013an eskola sortu genuen, eta proiektu xume batetik talde handi bat sortu zen. Taldea jendez hornitzeko eta transmisio lan horretarako ireki genuen eskola.

Zerk bereizten zaituzte?

Batetik, gaita taldearen funtzionamenduak: gaita beti izan da oso itxia eta hermetikoa, eta hori apurtu nahi genuen, halako demokratizazio bat eman. Gaitaren musika beste musika tresnen mailan jarri nahi genuen, eta festa ofizialetatik kanpo ere kalean jotzen dugu. Bestalde, errepertorioaren aldaketa; ikusi genuen, Iruñean behintzat, ez aurrera, ez atzera zegoela.

Zergatik da hermetikoa gaita?

Tradizioz, gaiteroen ogibidea beti izan da familiako kontu bat; horrela transmititu zen. 1960ko hamarkadan Iruñeko gaiteroek puskatu zuten hori, eta talde batzuk sortu ziren. Baina talde hermetikotasun hori mantendu egin da, nolabait. Taldeak berak ziren luthierrak; autogestio erabatekoa zuten. Bakoitzak gaita ezberdin bat sortzen du; beraz, zaila izaten da bi gaita ezberdin batzea. Nire ustez, funtzionatzeko maneragatik da, bakoitzak berean pentsatzeagatik, eta ez osotasunean. Horri buelta eman nahi genion: gaita kanpora atera nahi dugu eta jendeari egiten duguna zabaldu.

Zuek zer gaita erabiltzen duzue?

Ezpela artisautza tailerrarekin egiten dugu lan. Zarauzko fabrika bateko makinak hartu zituen, eta tresna garatzen lagundu genion.

Zuen emanaldi gehienak kalean dira. Bestarik gabe, nola zaudete oraingo egoeran?

Gehienbat kalean jotzen dugu, eta Iruñean. Pandemiarekin gure ohiko eszenatokia kolpean kendu ziguten. Gauza gehiago egin nahi genituen, baina trabak jarri dizkigute.

Dantzaleku eta ostatuetan debekaturik dago dantzatzea. Zuekin jendeak dantzatzen du?

Erraldoiak bezala geratzen dira, geldi. Ohituta gaude jendez inguratuta jotzera. Dianak jotzerakoan ez, bakarrik goaz, baina eguerdian jendea urrutitik begiratzen egotea pixka bat traumatikoa da, gaitaren musika festa eta alaitasuna baita.

Baten batek eskertuko zuen dianarik ez egotea?

Pentsatzen dut baietz; kar, kar, kar! Normalean ongi hartu gaituzte joan garen lekuetan; gustatzen zaie egiten duguna. Behin Gorraizen jo genuen, eta norbait kexatu omen zen.

Hemendik aurrera, zer?

Diskoaren aurkezpen kontzertu bat egin nahiko genuke, kalean. Urria hasieran eginen dugu seguruenik, baina ikusiko dugu nola.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Orein arrek orein emeak erakartzen dituzte orroekin eta adarrekin; adibidez, Gasteizko Salburua parkean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Orein arrak, norgehiagoka

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Oreinen marrualdiaz gozatzeko bisitak egiten dituzte Gasteizko Salburua parkean udazkena iristearekin batera. Animalia horien ugaltzea da aldi honetako helburu nagusia.
 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Grabatua beti erronka berriak planteatzen dituen diziplina bat da»

Amaia Igartua Aristondo

Unibertsitatean izan zuen grabatuaren teknikaren berri, eta, harrezkero, hura jorratu izan du gehien. 2010ean Bilbon La Taller gunea sortu zuenetik, dibulgatzailea da batez ere, sortzailea bainoago. «Orain, hori da nire proiektu artistikoa».
Kritika soziala egiten duen komedia bat. ©SERIESLAND

Umorezkoak, euskaraz ere bai

Urtzi Urkizu

Seriesland nazioarteko jaialdia bihar hasiko da, Bilbon. Lau websail euskaraz ikusi ahalko dira

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna