ATZEKOZ AURRERA. Iker Aramendia. Gozogilea

«Ez da batere gozoa 124 urteko familia negozioa ixtea»

Aramendiak uste du gozogintza artisaua lanbide ederra dela; lotua bai, baina esker onekoa. Bere familiak orain arte mantendu duen negozioarekin jarraitzeko lantalde egonkorrik ez du lortu.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Azkenetan da. Zangozako (Nafarroa) Aramendia gozotegiak ateak itxiko ditu otsailean, San Blas eguna pasatuta. 124 urtez lau belaunaldik eraman dute aurrera, baina Iker Aramendia (Zangoza, 1975), familiako azken gozogilea, bakarrik gelditu da. Herriko Kale Nagusiak gozoen lurruna galduko du aurki, eta barbo ezagunak ez dira salduko.

Ixtea; ez zegoen beste aukerarik?

Duela zortzi urte aitaren lekukoa hartu nuenetik, gaurko eguna begi bistan nuen, beti. Erronka handia zen, eta saiatu gara aurrera egiten, baina ezin izan dugu.

Zergatik hartu duzue erabakia?

Ez da arrazoi ekonomikoa, enpresaosasuntsu baitago. Ez dugu lantalde egonkor bat osatzeko jenderik aurkitu. Gozogile askorik ez dago, eta daudenek edo ez dute asteburuero lan egin nahi, edo ez dute Zangozan aritu nahi, edo ez dute denbora luzez gelditu nahi. Enpresa artisaua da, oso zehatza eta herri batean dago. Gizarte honetan hiru osagai horiekin zaila da aurrera egitea.

Hiri batean errazagoa litzateke?

Ez dakit, ez dut aztertu, baina ez luke horren zaila izan beharko.

Zer da itxiera hau Zangoza herriarentzat?

Kolpea izan da, gehienek ez baitzuten espero. Betiko negozioa da, eta askok eta askok esaten digute luxua dela herrian gozotegi bat izatea.

Bezeroekin zer harreman duzue?

Tratua gozoa da, hartu-emana oso esker onekoa baita. Kritika egin behar bada, egiten dute, baina gehienetan eskerrak ematen dizkigute.

Zapore txarra uzten du halako erabaki bat hartzeak?

Niri tokatu zait 124 urte dituen familia negozioa ixtea, eta kaka zahar bat da. Familia ondoan daukat; ulertzen dute; beraz, batera goaz. Horrek dena errazten du, baina ez da batere gozoa. Artisau lana oso erromantikoa da, eta erromantizismo horrek ez dizu batere laguntzen erabakiak hartzen.

Familia negozioek zaila dute gaur egun aurrera egitea?

Hasieran hamar langile aritzen ziren; gehienak familia berekoak. Familiak geroz eta txikiagoak dira, eta jendea geroz eta gehiago joaten da sorlekutik. Orain ni gelditzen naiz, eta oso zaila da familia beste langile batzuekin ordezkatzea.

Artisau lana zer da zuretzat?

Sekulakoa. Alde txar bat du: lotura handikoa dela. Baina langai dituzu testurak, proportzioak, usaimena, ikusmena, dastamena... Gozoa zure eskuekin landu eta gero jateko aukera izatea sekulakoa da. Beti bada aukera lana erdi industrializatzeko, bizitza errazteko, baina horretarako enpresa zeharo aldatu behar da, inbertsioak egin, eta artisautza galdu. Ez genuen hori nahi.

Ez da bosgarren belaunaldirik izanen, beraz?

Gure seme nagusiari sukaldean aritzea gustatzen zaio, eta iruditzen zait zerbait lapurtzen ari natzaiola, ofizioaren alde ona ederra delako. Baina, bestalde, ikusten dut zama bat kentzen diodala gainetik,nik sentitu izan dudana.

Noiz hasi zinen gozotegian?

14 urterekin egin nuen nire lehenbiziko igandea, eta, orduz geroztik, asteburuero. Ikasten edo lanean aritu naiz. Karrera kanpoan ikasi nuen; bestela, hemen aritu naiz. Guztiz sartu gabe hasieran. lanbidea erdizka ikasten nuen. Kostatu zait lanean barruraino sartzea.

Zer behar da gozogile izateko?

Lehenbizi, pastelak jatea gustatzea, hori oso garrantzitsua da. Gero, ez dakit alderaketa ona den, baina artistak bezala izan behar dugu: koloreak, usainak, proportzioak... Tartak dekoratzeko trebetasuna behar da. Bestalde, jaiegunetan lan egiteko gogoa izan behar da.

Eguneratu beharrean aritu zareteurte hauetan guzietan?

Ikusi dugu betiko produktuak, ongi eginak badaude, asko eskatzen direla. Egiteko maneran berritu daiteke gehiago. Hirian konpetentzia handia da; beti gauza berriak egin behar dira, baina ez da gure kasua.

Bezeroak ez dira berritzaileak?

Gauza berriak egin izan ditugu, eta jendeak hartu ditu, baina gero bueltatzen ziren betikoa eskatzera.

Zergatik iragarri duzue itxiera?

Denborarekin egin dugu jendeak jakin zezan. Hala ere, aukeraren bat sortzen bada denda irekita mantentzeko, aztertuko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.