ATZEKOZ AURRERA. Eneko Arrate. Animatzailea

«Bertsotik ere asko du 'Urpekakariak' ikuskizunak»

Antzezlan bat izan arren, protagonismo handia du bertsoak 'Urpekakariak' ikuskizunean. Bi lagunen istorioak kontatzen ditu, publikoarekin hartu-emanean. Gasteizen egingo dute larunbatean.

BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Igerilekura joan, urpean sartu, eta, tartean, errealitate ezberdinekin topo egiteko aukera dute Galtzerdik eta Leotardok, gorputzen inguruko hausnarketa egitearekin bat, Urpekakariak haurrentzako bertso antzerkian. Eneko Arrate animatzaile eta dinamizatzaileak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1989) jokatzen du pertsonaietako bat, Aissa Intxausti alboan duela. Bada, ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da larunbatean, 18:30ean, Gasteizko Aldabe gizarte etxean.

Bertso antzerki bat da Urpekakariak, baina nondik sortua?

Lanku bertso zerbitzuaren egitasmo bat da. Haurrentzako ikuskizun batzuk ditu, eta orain bi urte inguru ekin zion honi. Miren Amurizak eta Ane Labakak jaso zuten gidoia egiteko enkargua, eta helburuetako bat zen generoa txertatzea, gure gorputzei begira jartzea. Ondoren, aktoreen lana izan zen hori oholtzara eramatea. Ni hasieratik nago, baina antzezleak aldatuz joan dira, eta, orain, Aissarekin batera nabil.

Hain zuzen, Galtzerdi eta Leotardo zarete. Zer asmo duzue?

Igerilekuan elkartzen diren lagun bi dira. Beren gorputzei begira hasiko dira, hein batean, leku publikoetan banaketa bat dagoela jabetzen, aldageletatik hasita: mutilak batera, eta neskak bestera. Zalantzak dituzte, eta galderak egiten dizkiote publikoari. Hortik abiatzen da jolasa, baina bada garrantzitsua den beste figura bat ere: soroslea.

Oztopo bat al da?

Pipermin samarra da. Gainera, apropos jarri genion gizon maskulino baten off ahotsa, sendoa, bozgorailutik entzuten dena. Sorosleak ez du gustuko jolastea, bakoitzak bere lekuan egon behar du, eta, aldi berean, hori bada gizartearen isla ere: haurrek debekuak dituzte jolasteko, gozatzeko eta esperimentatzeko. Beraz, esperimentazio, jolas horretan Galtzer-ek eta Leo-k tranpatxo bat egiten dute igerilekura sartuta: bainuontzi bat balitz bezala, tapoia kentzen dute, eta igerilekua hustu egiten da.

Bitartean, errealitate ezberdinekin topo egiteko aukera ere izango dute.

Pertsonaia ezberdinak agertzen dira. Urepel, adibidez, itsua da, kanpoan nekez ibiltzen da, baina uretan artista handia da. Berarekin batera lantzen dugu gauza batzuetan onak garela eta beste batzuetan ez hain abilak. Eta, tarte horretan, bertsoak protagonismo handia du.

Bertsotan aritzen al zarete?

Ikuskizun bat da, baina off ahotsean eta zuzenekoan bertso dezente daude. Gidoiaren zati handi bat ere, elkarrizketak-eta, bertso doinuez daude osatuta.

Eta inprobisazioak ba al dauka lekurik?

Amaieran, bukaera berezia izan dadin, zuzenean egiten dugu bertsotan, publikoari errimak eta hitzak eskatuz, bertsoaren bat-batekotasunari eusteko; izan ere, bertsotik ere asko du ikuskizun honek. Bertsolari batek egingo lukeen eran, publikoarekin hartu-emana ere bilatzen dugu, gertuko interakzioa, eta unean unekoa. Era honetan, bertsoa plazaratzea ere bada asmoetako bat: bertso plaza bat gehiago da.

Are, beste ikuskizun batekin ere bazabiltzate: Alpistegia.

Lankutik sortu da hori ere, eta iazko azaroan estreinatu genuen. Bertsotik asko du, baina gehiago eman diogu antzezlan ukitua, azken urteetakoei ez bezala. Alaia Martinena da gidoia, eta Amancay Gaztañaga aktore eta zuzendariak zuzendu du. Are, elkarlana egon da antzezleekin, eta emandako pautekin taularatu dugu Aissak eta biok ikuskizuna. Lauron arteko lan bat izan da.

Nolakoa izan da harrera?

Euskal Herriko hainbat herritan gabiltza, eta ezberdina da egoera lekuaren arabera. Ez da gauza bera umeak euskaldunak diren eta bertsoa gehiago edo gutxiago ezagutzen duten toki batera joatea, edo errealitatea pluralagoa den eremu batera. Baina nahaste hori polita da, eta ikuskizuna dagoenera egokitzen dugu. Bertsolaritzak, gainera, hori du alde: moldagarria da. Beti esaten da ez dela gauza bera ermita baten aurrean abestea edo areto batean; bada, gure kasuan ere hala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.