ATZEKOZ AURRERA. Mixel Etxekopar. Musikaria

«Libertatea ez da eskatzen, baina bai hartzen»

Etxekoparrek kantatzen laguntzen dio kaiolako txoriari, presoei musika kurtsoak emanez. Kaiolatik kanpoko txoriak idatzi du askatasunaz eta askatasunez; bi liburu, haur eta helduendako.

BOB EDME.
Ainize Madariaga
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Txorien kantuak Mixel Etxekoparrek (Gotaine-Irabarne, Zuberoa, 1963) baino hobeki ematen dituenik, guti. Libertateak josten ditu atera berri dituen bi liburuak: Txori M, haurrei so, eta, Musikartzela, kronika liburu bat, biak ZTK argitaletxekoak.

Txori M, M, Mixelengatik?

Kur-kur. Maitasunagatik. Eta, txorietan sekula ikusten ez bada ere, hori emea zen. Jendearen erdia baino gehiago emazteak dira.

Proiektua nola hasi zen hegalka?

Birusaren alde onetik atera da hau. Bigarren konfinamendua aski pezua izan zen; adiskide on batez oroitu nintzen, Rene Martinez ipuin kontalari gaskoiaz. Hego Afrikatik Iranerat ezagutua den ipuinaren bertsioa kontatu ohi du: Txoritxoa kaiolan. Hala, baimena eskatu nion euskal erreferentziaz beteriko bertsio baten egiteko. Errege batek txoria du kaiolan, eta eman nahi dio txoriak nahi duen oro, baina egunero eskatzen duena ezin dio eman: askatasuna. Badugu gure kantu herrikoia: Txoritxoak kaiolan. Alta, bukatzen da txoritxoa kanpoan; artean zerbait gertatuz.

Zubereraz egitea hautatu duzu.

Zuberoako txipiek ere izan dezaten libertatearen urrina zuberotarrez.

Libertatea ez da aski ederra izatearekin, desiratzearekin, eskatzearekin...

Libertatea ez da eskatzen, baina bai hartzen. Dena zen eta dago istorio horretan [Txoritxoa kaiolan]. Bertsio ezberdinak badira ere, funtsa bera da orotan. Ez da estonagarri munduari itzulia egiten badio; libertateak mintzaira guziak ematen baititu. Orain, bat gehiago: euskara.

Liburuak audioa ere badu.

Maika Etxekoparrek eman dio boza kantuari; nik testuari, eta, Tahar Hacinik cor tronpari. Horri François Rosse adiskide alsaziarrak gehitu dio elektro akustikoa.

Ilustrazioak figuratibotik aske dira, irudimenari bide emateko?

Christian Vieussens adiskidea musikari eta ilustratzaile ederra da, eta hamar marrazki igorri dizkit! Beraz, denak sartu ditugu, eta Paxkal Indo editore laminari igorri diogu dena.

Figuratiboak dira, bai. Atharratzen [Zuberoan] bazen ardo bat lehen, Bera mintzo izenekoa; ilustrazio hauetan ere, hitza bera mintzo da. Hautu hori egin dugu. Ene arra-haurrari kontatu diot, eta ez du eskatu non zen txoria, berak aurkitu baitu! Hitza eta irudimena aske. Ikusten ez den txoria da, Txori erresiñula kantuan bezala: nik hari hurran, eta hura urrunago!

Musikartzela kronika liburua ere argitaratu berri duzu.

2004an, Didier Agerrek eskatu zidan txirula erakats niezaion, kartzelan. 2008ko neguan hasi ginen, hasieran ez baitziguten baimenik eman. Geroztik, urte oroz ikastaldiak egin ditugu. Hartatik jalgi genuen Musiheska diskoa, 2018an. Kartzelatik ilkitzen nintzen aldi oroz, ariketa bat egiten nuen bide bazterrean; gertatua idazten nuen, lasaitzeko. Hitzezko argazkiak ziren, irudiak eta oroitzapenak atxikitzeko. Kronikak metatuz joan dira, eta Agerre iaz askatu zuten. Hala, pentsatu dugu garaia zela liburua ere ateratzeko.

Idazle bakarra zara, beraz.

Bai. Kronika ttipiak dira, eta batzuetan potoloagoak, zeren eta urte oroz kontzertuak antolatu izan baititugu; kanpoko airea sarrarazi eta barneko leihoak ireki nahian: Amaren Alabak, Jean Mixel Bedaxagar eta Mixel Arotz, Niko Etxart eta Anje Duhalde, Xiberoots, Kabaret, Ortzi Idoate eta Amets Arzallusen bertso saio mundiala... Nondik-nahi, liburua hetsi behar izan dugu argitaratzeko, baina segitzen dut: 2022rako ere baitugu proiektua, denak ez baitira oraino kanpoan.

Sentitu izan duzu libertatea pribilegio bat zela?

Bai, sartzen nintzen bakoitzean bainekien ateratzeko txartela banuela. Eta, pribilegioa ere bai, zeren eta une eta gune indartsuak baitira han, testuinguruak ematen du halako indarra, tentsioa bada nahi ala ez. Horrek inarrosten zaitu. Irakaslea banintzen ere, gehienik ikasi duena ni izan naiz, musikaren biziaz eta biziaren musikaz!

Hau batuaz duzu izkiriatu?

Hastapenean zubereraz, baina, gero, Iparraldeko batuari hurbiltzen entseatu naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.