ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Azkoaga. Komunikazioan aditua

«Azkenean, izen berriak normalizatzen dira beti»

Euskal probintzia guztiak izendatzeko hitza falta dela argudiatuta, 'Baskonia' izena proposatu du Azkoagak izen bereko liburuan. Uste du bertokoen erabilerak adiera berria egonkortuko lukeela.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Euskal herritarren lurraldeari izen zehatza falta zaio, nahas-mahasik eragingo ez duena, komunikazioan aditu Iñaki Azkoagaren arabera (Arrasate, Gipuzkoa, 1952). Badu proposamen bat: hainbat izendapen aztertu ondoren, Baskonia jo du egokientzat. Euskadi lausoegia iruditzen zaio, eta Euskal Herria asko aldatzen ei da hizkuntzaren arabera. Ikerketaren nondik norakoak Baskonia liburuan argitaratu ditu (Ediciones Beta, 2022).

Diozunez, ez dago izen bateratu eta onartu bat zazpi euskal probintziak izendatzeko. Horrek zer arazo du?

Euskal Herria identifikatzeko arazo argiak eragiten ditu, barruan eta kanpoan. Barruan, eraman gaitu izen asko erabiltzera; gainera, ideologiaren arabera izen bat hartzen du. Eta ez hori bakarrik: esate baterako, oraingo antolaketa administratiboa ezarri zenetik, nahasgarria da esparru bakoitzaren definizioa. Euskal Herria esaten denean , askotan ez dakizu osotasunaz ari diren, edo zati batez; berdin Euskadi hitzarekin. Orain, batzuek diote Nafarroa deitu behar zaiola zazpi probintzien osotasunari.

Eta kanpora begira?

Arazo are gehiago daude. Lehenengo, euskara hitza geuk erabiltzen dugu bakarrik. Euskara ez diren hizkuntzetan beti gara basko-tik datorren zeozer: vasco, basque, basken... Beraz, ondo definitzeko, erabili beharko genuke basko horrekin koordinatutako hitzen bat. Euskal Herria kanpoan erabiltzea hitz maitatu hori porrotera bultzatzea izango litzateke. Instituzioak Euskadi erabiltzearekin tematuta daude, baina, hemendik kanpo ez denez ulertzen, Basque Country erabiltzen dute: bi izendapen kontzeptu bera plazaratzeko. Diru pila bat gastatzen ari gara identifikatzen ez gaituen kontzeptu batekin.

Halako eragina du nazioartean?

Ospearen aldetik, izen bakarra ez edukitzeak galdera handiak ekartzen dizkigu. Esate baterako, bilatu nuen Googlen zenbat aldiz aipatzen ziren Eskozia hitzaren forma batzuk, emaitzak gehitu, eta kalkulatu nuen han bizi den lagun bakoitzeko zenbat aldiz aipatzen den. Gure kasura aplikatu nuen, eta ikusi dut izen bakarra edukiko bagenu, eta eskoziarren ratioan, hiru aldiz gehiago aipatu beharko gintuzkeela. Aukera galtzen ari gara.

Sei izen aztertu dituzu liburuan: Euskadi, Euskalherria, Nabarra, Baskonia, Baskonabarra eta Waskonia. Zer irizpideren arabera?

Erabiltzen diren hitzak aukeratu ditut. Beste baldintza batzuk ere egon dira: konpaktua izatea —eta horregatik batu dut Euskalherria, batuaren aurretik oso ohikoa zelako—; identifikagarria; berdina hizkuntza guztietan; inklusiboa; eta erabilera historikoekin bat etortzea: ezin ziren asmatuak izan.

Eta nola erabaki duzu egokiena?

AMIA bat aplikatu diet: hau da, bakoitzaren aukerak, mehatxuak, indarguneak eta ahulguneak aztertu ditut. Ikusi dut izen bakoitzak zer erabilera izan duen historian eta zer erabilera egiten den orain, ISO kodeekin zelan koordinatzen den, eta Interneten zelan dagoen. Ezarpen horien arabera, 24 faktore atera ditut, izen bakoitzarekin gurutzatu, eta balio bat atera da. Baskonia izenak izan du baliorik handiena.

Zaila izango da ohiturak aldatzea eta denek Baskonia erabiltzen hastea. Nola egin daiteke hori?

Lehenengo, norbaitek erabaki behar du. Nik uste dut Eusko Ikaskuntzak, Jakiundek, Euskaltzaindiak edo halako instituzioren batek erabaki beharko lukeela. Baina, mesedez, politika ez dadila sartu. Politikariek onartu dezatela kultura eta gizarte munduan erabakitakoa. Hortik aurrera, aplikatzea oso erraza izango dela uste dut.

Nola?

Herri baten izena bertakoek erabiltzen dute, batez ere. Gu hasten bagara izena ondo aplikatzen, kanpokoak ere bai. Liburuan ikerketa bat aipatu dut, izena aldatu duten herrialde batzuen ingurukoa. Aztertzen du nola aipatzen diren liburuetan, eta oso garbi ikusten da izen berrien erabilerak gora egin duela, eta zaharrenak, behera. Azkenean, izen berriak beti normalizatzen dira. Gainera, Baskoniak konkordantzia duenez endonimoekin, askoz hobeto ulertu eta garatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.