Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

«Aterkirik ez, Prudentzio!»

San Prudentzio eguna ohi bezala ospatu dute arabarrek, bi urteren ondoren. Ateri eutsi dio, eta ez dute euritakoaren beharrik izan. Berriz elkartzeko eguna izan da.
Armentiako zelaiaren inguruak, atzo, San Prudentzio egunaren ospakizunetan.
Armentiako zelaiaren inguruak, atzo, San Prudentzio egunaren ospakizunetan. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2022ko apirilak 29 - Gasteiz

«Din-dan, din-dan», kanpai hotsak lehenengo, eta Agur, jaunak-en doinuak txistuarekin eta danbolinarekin gero, ordezkari politikoei ongietorria egiteko. Bi urteko etenaren ondotik, San Prudentzio eguna ohiko formatuarekin eta egitarauarekin berreskuratu baitute arabarrek, eta kasik lehen doinuetatik nabari da ilusio hori. Hainbestekoa da festarako gogoa, ezen euriaren mehatxuari ere aldarte onarekin erantzun baitiete gehienek. «Aterkirik ez, Prudentzio!», erregu egin dio Fernando Diaz de Aldak patroiaren irudiari, barrez, urteroko argazkia egiten ari den bitartean. Santuaren ospearen jakitun, festa gosea ez zapuzteko ohartarazi dio. «Ea zeruak eusten dion; hori da garrantzitsuena. Gainontzean, erroskillarik gabe joango gara etxera», esan du.

Askok goizean goiz hasi dute eguna, halere. Aurreko eguneko erretretaren eta danborradaren biharamunik gabe, Probintzia plazan Arabako zortzikoa entzunda ekin dio Armentiarako bideari Xabier Iñigok, esaterako. «Berandu habil jada!», bota dio lagunari. Iñigok lehen orduan egin ditu erosketak, jende askorik ez zegoela aprobetxatuta. «Goizeko hamarretarako hemen nintzen», aitortu du. Euskal pastela eta erroskillak erosi ditu. «Azokara goiz etorri behar da produktu onak eskuratu nahi badituzu», azpimarratu du.

Jorgek eta Asunek ere nahiago izan dute erosketak egin aurrena, jan-edanari ekin baino. Perretxikoak erosi dituzte: «Urtean behin erosi behar dira gutxienez». Prezioak nabarmen garestitu dira alor guztietan, eta jakiei ere eragin die horrek, nola ez: 58 euro balio ditu perretxiko kiloak. «Tira, gutxi batzuk erosi ditugu; gula kentzeko baino ez».

Eguerdia baino lehen egin dituzte ekitaldi ofizialak, hain zuzen: prozesioa egin dute santuaren omenez eraikitako baselizan lehenengo, meza jarraian, eta ohorezko aurreskua dantzatu dute gero, tradizioak agintzen duen moduan. Agintari guztiak izan dira han, baina Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia izan da guztien buru. Jendetza batu da ekitaldi horiek ikusteko.

Baselizaren inguruak lepo bete dira pixkanaka. Giroa epela denez eta ateri dagoenez, errepidetik ari da jende gehiena joan-etorrian; zelaian inor gutxi dabil, hori bai. Herri kirolen ikuskizuna hasi denean soilik joan da jende gehiena soropilera, eta bat baino gehiago damutuko da akaso oinetakoak lokatzez zikinduta eramango dituelako etxera.

Baina egunak merezi du. Ilusioa eta poza dira gehien entzuten diren berbak, nola herritarren ahotan, hala saltzaileenetan. Pozik, esaterako, bi urteren ondoren azokara itzultzearekin Ane de la Cruz Bilboko erroskilla saltzailea: «Oso ondo joan da goiza: ez gara kexatuko; jendeak eskertu digu». Xabier Aizpeolea Gorbeialdeko gazta saltzaileari ilusioa piztu dio jaia berreskuratu izanak: «Gogoz geunden; hau gure festa da, arabarrona». Leire Belaustegi Goiuri gozotegiko arduradunak gustura hartu du bezeroekin berriz elkartzeko aukera: «Eguraldia, krisia... Aitzakiak aitzakia, jendetza dabil. Festa gosez dago jendea, erosketak egiteko eta disfrutatzeko gogoz. Gozamen hutsa da hau; ederra izaten ari da».

Tradizio eta usadio orok du lehen aldi bat, nolanahi ere. Eta horren adibide dira Etxaniz-Zubizarreta familiako hiru gazteenak: Asier, Eneko eta Oier. Aurreneko San Prudentzio eguna izan dute aurtengoa hirurek. «Donostiarrak gara gu izatez, eta hirurak txiki-txikiak zirenean etorri ginen Gasteizera bizitzera. Pandemia tarteko, ez dute ospakizuna ezagutu gaur arte», azaldu du Maria Zubizarreta, gaztetxoen amak.

Errenteriako (Gipuzkoa) Saldiasko talogileen salmenta postuaren aurrean dago familia, mokadu bat jateko asmoz. Taloa nondik datorren eta nola egiten den azaldu die Ander aitak hiru semeei. Probatu ere egin dute: Oierrek aurpegiarekin keinu egin du, gustatu ez zaionaren gisan; Enekok ere zalantza egin du, eta nahiago izan du txistorra bakarrik jan. «Niri bai, niri gustatu zait», esan du, aldiz, Asierrek.

Gazitik eta gozotik: denetarik dago Armentiako salmenta postuetan, hala ere. Eta egarri denak ere badu badu zerekin ase. Hori baita Armentiako gunearen eta San Prudentzio egunaren bereizgarrietako bat: inor etxera tripa hutsik joaten bada, ez dadila izan non aukeratu ez daukalako. Ez, behintzat, bazkaltzeko barraskiloak jateko ohitura dagoen herrialdean.

Egitarauari dagokionez ere, adin eta gustu guztietarako ekintzak daude ospakizunaren inguruan: musika kontzertuak, dantza saioak, kirol ikuskizunak... Eta Armentiako festa gunearen bihotzetik kanpo ere badago zertaz gozatu.

Festak ez du etenik izango datozen egunetan Araban. Igandean Estibalizko Andre Mariaren eguneko ospakizunak izango dira, eta orduan ere izango da zertan gozatu. Bi urte gehiegi baitira ospakizunik gabe, zeruari begira denbora galtzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Berdea nola berdatu

Berdea nola berdatu

Enekoitz Telleria Sarriegi

Hosto berdeko barazki eta landareak ohikoak dira entsaladetan. Gero eta aniztasun handiagoa dago: tonu, forma, testura eta propietate ezberdinak dituzte.

Rafa Gorrotxategi, Tolosako Txokolatearen Museoan. ©JON URBE / FOKU

Bisita gozoa Tolosako museoan

Iraia Irazusta Mujika

Tolosako Txokolatearen Museoa 2020tik dago zabalik. Bisita gidatu zein birtualen bidez ezagutu daiteke, eta hainbat tailer egiteko aukera ematen du, txokolatearekin jolasteko

 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Jaiak gasteiztarron topagune dira»

Unai Etxenausia

Kazetari eta parrandazale moduan ezagutu ditu Fiestrasek Andre Maria Zuriaren festak urteetan. Bizitza osoan bi urtez baino ez du huts egin, eta datozen guztiez «gozatzeko asmoa» daukala iragarri du.
2 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Jana eta edana azkenera arte

Eider Etxeberria Soria

Zeledonen igoerarekin amaitu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak. Gasteiztarrek azkenera arte zukutu dituzte festa egunak. Txorizoa eta patatak banatu dituzte kuadrillek, eta buruhandi eta erraldoien konpartsak kalejiran ibili dira. Tabernariak gustura daude jaiekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.