Iñigo Iriondo, 'Gatom'. Rap-reggae kantaria

«Euskaraz eta neure euskalkian abestea aukera politikoa da»

Ainize Madariaga
2022ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Hitza Hitz festibala Xiberoots eta Iñigo Iriondo Gatomek abiatuko dute bihar Maulen. Bi kontzertuen artean joko dute batera sortu duten jaialdiaren kantua. Gatom (Bermeo, Bizkaia, 1990) lorietan da. Bere ibilbidea erakutsiko du.

Zer eramanen duzu Maulerat?

Neure ibilbidean eduki ditudan gustuko abestiak eta dantzagarriak. Baita neure euskalkia eta rap eta reggae apurtxo bat ere!

Bermeotik Maulerat heltzeko, eskerrak hor dagoela euskara batua, ez dea hala?

Elkar ulertzen dugu ondo bermeotarrez eta zuberotarrez. Batua erabiltzen dugu hitz asko baitaude oso ezberdinak, elkar ulertzeko eta bat egiteko.

Hitza Hitz festibaleko kantua egin duzu Xiberootsekin batera.

Maulera joan nintzen uztailean kontzertu bat ematera Zinkan, oso zaleak baikara! [kur-kur-kur], eta bost egun pasatu genituen elkarregaz abestia grabatzen eta bideoklipa egiteko, eta gero haiek etorri ziren Txapel Reggae festibalera, Armintzara [Bizkaia].

Melodia eta hitzak elkarrekin sortu dituzue, alabakoitzak bere aldetik?

Xiberootsekoak oso musikari onak dira; musika haiei utzi diegu, eta haiek proposatu dute melodia bat eta erritmo bat, eta guk horren gainean idatzi dugu abestia: Pulpok [Jon Etxekoparrek] bere zatia, eta nik neurea.

Erdaraz hasi zinen, eta euskarara salto egin zenuen.

2011n hasi nintzen maketa batzuk ateratzen erdaraz, eta 2014. eta 2015. urteetan pasatu nintzen euskarara.

Zerk akuilatu zintuen horretara?

Euskaraz beti idatzi izan dut, baina eskolan ikasten duzun moduan, akademikoki. Baina gerohasi nintzen neure euskalkian, askoz ere neuago.

Helburu politikoa ere badaukate zure hitzek.

Euskaraz eta neure euskalkian abestea aukera politikoa da. Hortik hasita, nire musikan ikusten da hori, egoera bat azalduz edo.

Euskal Herriak nolako hip-hop paisaia dauka?

Pila bat garatu da: azken urteotan gazte asko irten da rapean aritzeko gogoagaz eta euskaraz. Euskaraz hasi nintzenean, ez zen normalizatua. Orain ikusten dut jende berri askok musika urbanoa ulertzen duela gehiago.

Nola sentiarazi zaitu euskaraz abesteak?

Esaldiak osatzeko era-eta aldatzen da. Ez da beste hizkuntzen antzekoa; beraz, besteetan erreparatu barik egin behar duzu zeurea.

Rapean, reggaean, zertan zaude artistikoki orain?

Rapean hasi nintzen abesteko mugak edukitzen nituelako lehen! [kur-kur-kur] Ikasten aritu naizen heinean, nire helburua beti izan da reggaerantz hurbiltzea gehiago, gustuko dudan musika delako, eta hor ibiltzen naiz:reggaea, dancehalla...

Hitza Hitz festibalean, zer da hutsegin ezinezkoa zuretzat?

Xiberoots! Maiteminduta nago Xiberootsegaz eta haiek geugaz! Plazer bat da festibala irekitzea! Gogotsu gaude Maulera joateko, eta hurbildu dadila jendea! Polita izango da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.