begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Txerritxoa, serieko hiltzaileak eta gu

2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Ez dakit nik zergatik jende makina batek gorrotoa dion udazkenari, zergatikbeldurraetortzear denazaroari. Izan leike onkeriaz jota daudelako. Jota. Pozoituta. Gainezka. Itota. Izan daiteke milinga hutsak direlako. Izan daiteke argitan nahi dutelako betiereko bizi. Jakin gabe itzaletangertatu ohi direla bizitza bera muturreraino — muturreraino baino haragoere— bultzatzen duten bizi/herio/penak.

Ez dakit nik. Ziurrenik Carlota Peredaren Cerdita baino, nahiago dutelako Alors on danse komediatxo xuabea ikusi. Sekula ez dute onartuko, aldartearen arabera biak direla bateragarriak. Ziurrenik gustukoagoak dituztelako Michele Laroqueren huskeria majoak, zeluloide lasterreko pieza horiek, hartu eta jan modukoak. Take away horietakoak.

Ezer ez dut kontra. Idatzitakoa, aldartearen arabera. Askotan, pantailaren aurrean ez baikara, gauza gure barruko zein kanpoko ziurtasun- mekanismoa(k) kinka larrian jartzeko.

Horrexegatik, nik ez nizueke ez gomendatuko ez aholkatuko Halloween azkenaren eszenarik gore-enaz gozatzeko. Sekula ez. Ez zenituzkete inoiz ulertuko gure algara burlatiak. Ez, ulergarria oso zuek ez entenditzea, baina zer nahi duzue? Urteetan maitatzen ikasi dugun hiltzaileak bere biktimari lepoa moztu eta gero, suelto geratu den mingaina martxan den disko-jogailu batean jiraka ikusteak poztu zizkigun gau hartako ordu txikiak.

Ez, ez dizuet konprenitzeko eskatuko; bai, ordea, onartzeko udazkenarekin batera iritsi eta iritsiko zaizkigula hainbat opari eder. Bai, erregalu pila Olentzero, Santa Claus eta Erregeen aurretik.

Gure etxe ondoko saloietaraailegatu da, kasu, Sundancen, Argentinan eta Sitgesen sari potoloak jasota, Carlota Peredaren Cerdita. Izana da Goya saridun hau behin baino gehiagotan Donostian. Bueltatuko da martxoa aldera, hitz-aspertuinteresgarri baterako hitzordua egina duelako Cinco Lobitos miresgarriaren autorea den Alauda Ruiz de Azuarekin.Zer dela eta bilduko? Plazer hutsagatik, jakina. Baina horretaz gain, Zinemagileen arteko elkarrizketak egitasmo oparoan parte hartzen dutelako biek.

Martxorako hasita izango du Carlotak Euskal Herrian filmatu nahi duen Un regalo para Ane. Aspaldian izan zen antzezleen hautaketa. Aspaldian sortu zen Donostiako Zuatzu kalean filma aurrera ateratzen lagunduko duen Interes Ekonomikoko Taldea.

Zer dela eta errodatuko du Carlotak gurean? Berak esanda, kontatu behar duenak, inguru hau ezinbesteko duelako. Hemen, «era harrigarri batez besarkatu egiten baitira Modernitatea eta Tradizioa».

Espainiako Extremadura lurraldean gertatzen da Cerdita ipuin malapartatua. Han, hemen bezala, herri txiki... infernu handi. Han, hemen bezala, udan sargori, sapa, lanbero. Hemen, Zestoa aldean, Rural Zombies horiek izan ditugu. Han, Texasen moduan, serieko hiltzailea. Han, gurean nola, eguzkiak lehortutako landa-bideetan barna, neska politek, mutiletan ibiltzen diren horiek, barre egiten dute beraiek bezain polita izan arren, kilo asko gehiago pisatzen duen harakinaren alabaren kontura.

Ikusi beharko duzue Carlota Peredak besapean ekarri duen opari mingotsa. Beldurrezko generoan hain garrantzi handikoak diren mendeku istorioetako arauak fede osoz betetzen ditu Carlotaren filmak. Alabaina, guk, ilunabarreko kreaturok, urrutiago joan ez izanaz gaude penaz. Baina gu arras kontent bagina, zuek, Argiaren eta Onaren izakiok, ez zenukete Cerdita ikusiko, onartuko. Eta tristea litzateke. Merezi baitu. Beraz, zuek salbatzearren, gu konforme gara. Pasa den asteazkenean, Zinebi jaialdiaren esku finetik, Bilbon estreinatu, eta azaroaren 3an Donostian, Beldurrezko Astearen atzaparretatik, ikusgai izango den Alberto Vazquezen Unicorn Wars piztu arte, su-etena. Argiaren eta Ilunaren artekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.