ATZEKOZ AURRERA. Jone Bilbao. EHUko ikertzailea

«Arreta gehiago jarri beharko genuke ikusten ez dugunean»

Fitoplanktona ikertzen du: mikra eskas batzuetako izaki biziduna, baina bizitzeko ezinbestekoa. Urdaibaikoa aztertu du, araztegi batek urak isurtzen zituenekoa eta gerokoa.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
jakes goikoetxea
2022ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Hiru urteko lana, tesia, sei txiotan ondo laburbiltzeko gaitasuna izan du Jone Bilbaok (Sopela, Bizkaia, 1995), UEUren Txiotesia lehiaketan. Txiolaririk ulergarrienaren saria eman diote. EHUren Landare Biologia eta Ekologia sailean ari da lanean, Ibai Ekologia ikerketa taldean, Fitoplanktoneko laborategian. Urdaibaiko estuarioko uretako fitoplanktona ikertu du: Gernikako araztegiak urak bertara isurtzen zituen garaiko fitoplanktona eta isurtzeari utzi ostekoa alderatu ditu. Uraren Agentzia, Busturialdeko Ur Partzuergoa eta AZTI izan ditu babesle. Orain tesia idatzi behar du, luzea.

Tesi bat sei txiotan?

Zaila izan zen. Nire helburua zen ikerketa mundutik kanpo dagoen edonork ulertzeko zerbait jartzea.

Bizitza guztia itsasoari begira. Zure langai ere bihurtu da.

Argi neukan. Azkenean, gustatzen zaizunak pizten dizu interesa.

Gehienek ur masa erraldoi bat baino ez dute ikusten.

Itsasoaren ehuneko oso txiki bat baino ez dugu ezagutzen. Gehienontzat aisialdirako lekua da.

Zer garrantzi du fitoplanktonak?

Kate trofikoaren oinarria da uretako ekosistemetan. Haren egoerak, konposizioak edo ugaritasunak eragin zuzena du maila trofiko altuagoetan: arrainetan, baleetan...

Uretako ekosistemen egoera neurtzeko balio du?

Askotan erabiltzen da kutsaduraren edo uraren kalitatearen adierazle moduan. Azkenean, fitoplanktonaren ugaritasuna eta konposizioa guztiz lotuta daude uretako baldintza fisiko-kimikoekin.

Fitoplankton mota aldatu egiten da?

Talde batzuk edo beste batzuk daude uretako argitasunaren, tenperaturaren, gazitasunaren eta mantenugai kopuruaren arabera.

Zer gertatzen da fitoplankton gutxiegi baldin badago?

Maila trofiko altuagoetan dauden organismoek ez dutela janaririk.

Eta gehiegi badago?

Fitoplanktona hiltzen hasten denean, uretako bakterio batzuek desegiten dute. Bakterio horiek uretan dagoen oxigenoa erabiltzen dute. Hildako fitoplankton gehiegi badago, bakterioek uretako oxigeno asko kontsumitzen dute, eta gainerako organismoek ezin dute arnastu.

Fitoplanktonak fotosintesia egiten du. Datu harrigarri bat: fitoplanktonak sortzen du atmosferara isurtzen den oxigenoaren %50 baino gehiago.

Hori da haien ezaugarri bereziena. Askotan uste dugu basoak direla, baina ez, fitoplanktona da.

Zer neurri du fitoplanktonak?

Bi mikra eta berrehun mikra artean [milimetroaren milarena da mikra].

Izaki txikiak gutxietsita daude?

Ulergarria da baleak, izurdeak... ikustea eta ulertzea garrantzitsua dela itsasoak babestea. Ikusten dugunak kezkatzen gaitu, baina arreta gehiago jarri beharko genuke ikusten ez dugunean.

Urdaibai entzunda, altxor naturala dator burura. Nola da posible 2021 arte Gernikako araztegiak urak bertara isurtzea?

Urdaibaiko eremuaren babesa Biosferaren Erreserba da, eta oreka bati eusten saiatzen dira, naturaren kontserbazioaren eta eremuaren garapen ekonomiko eta sozialaren artean. Araztegia zaharkituta zegoen, eta ez zen eraginkorra; kutsatzaile bat bihurtu zen eremu horretan.

Isurketen garaiko eta isurketarik gabeko uretako fitoplanktona ikertu duzu. Egoera nabarmen aldatu da.

Bai, ez dago ura aztertu beharrik; usaina bera ere aldatu zen. Amonioa eta fosfatoa dira fitoplanktonaren hazkundea eragiten duten mantenugai nagusiak, eta araztegiak oso kontzentrazio altuetan isurtzen zituen. Urak bertara isurtzeari utzi eta hurrengo egunean bertan ikusi genuen kontzentrazioak askoz ere apalagoak zirela.

Fitoplankton motak aldatu dira.

Lehen, mantenugaien kontzentrazio oso altuetan hazten diren espezieak ziren nagusi; oraindik badaude, baina haien nagusitasuna ez da hain nabaria, eta hasi dira beste talde batzuk agertzen. Horrek ez du esan nahi urak garbi daudenik, baizik eta orain beste talde batzuek aukera dutela haien kontra lehiatzeko. Orain arte ez dute aukerarik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.