Hirurehun egun baino gehiago egin ditu Ukrainan Maria Senovilla gerra korrespontsal eta argazkilariak (Cuellar, Espainia). Bilboko Sabino Arana fundazioan egon da berriki.
Gaur egun, askoz ere gerra korrespontsal gutxiago daude Ukrainan. Interes mediatikoa galdu da?
Gerra guztietan gertatzen da: lehen hilabetean, gatazkak albistegi denak zabaltzen ditu; bigarrenean, interesa lausotuz doa; hirugarrenerako, ez da ezer geratzen. Ukrainako gerraren gaineko interesak luzaroago iraun du, gaur egun ere igartzen ditugulako haren ondorioak: argiaren fakturan, inflazioan...
Nor ari da informatzen orain?
Gerretan esperientzia daukagun informatzaileak ari gara. Inbasioaren hasieran, hedabideek ia edozer erosten zuten: gerran esperientziarik ez zuen kazetari asko joan zen.
Freelancea zara. Enkarguek baldintzatzen dute zenbat denbora egon zaitezkeen gatazka batean?
Bidaia bakoitzean, hiruzpalau hilabete egiten ditut han. Enkarguek bide ematen dizutenean epe luzean geratzeko, beste modu batera heltzen diozu gatazkari: sakontzen duzu, ertzak beha ditzakezu... askoz hobeto konta dezakezu. Freelance izatearen abantaila gutxietako bat da.
Gatazka ondo konta liteke han bizpahiru astez egonda?
Erredakzio baten laguntza badaukazu, zeinak testuingurua landuko duen, eta zuk hango lekukotzak baino ez badituzu jaso behar, bai; hedabideak uste badu espezializaziorik gabeko kazetari batek gatazkaren alde guztiak konta ditzakeela bertan hiru aste emanda, bada, ez.
Argazkiak atera dizkiezu soldaduei eta tankeei, baina baita ospitaleratutako umeei ere. Zer begirada duzu gatazkaren inguruan?
Interes berezia dut alde militarrean, eta defentsaren azterketan nago espezializatua. Baina soldaduei galdetzen diet atzean utzi dutenari buruz, emozioei buruz... Jakin behar da atzegoardiari ere begiratzen, kontatzen zibilen aurkako bonbardaketa sistematikoak... Gerrak ondorioak ditu lehen lerrotik kanpo ere: umeen ospitalean, kontatu zidaten inbasioaz geroztik bikoiztu egin dela buruko nahasmenduak dituzten haurren kopurua.
Gerra krimenak ezagutarazteko bermea da zuen lana?
Ardura horrekin topo egin dugu gerra honetan. Egunero ikusten dira gerra krimenak. Ni han izan nintzen Iziumeko hobiak zabaldu zituztenean: gorpuak ateratzen hasi ziren, eta agerikoak ziren tortura zantzuak. Argazki edo kronika batek ez du gerra geldituko, baina gertatutakoaren lekukotza emango du, eta agian balio dezake etorkizunean, erreparaziorako.
Biktimen irudiaren inguruko ardura duzue, halaber?
Inoiz ez dut egiten niri egitea gustatuko ez litzaidakeen argazki bat. Ez dut teleobjektiboa erabiltzen, angularra baizik; asko hurbildu behar dut irudia egiteko, eta keinu egiten dut beti, baimena eskatzeko.
Ukrainako Gobernuak edo armadak oztoporik jarri dizute inoiz?
Armadak asko eboluzionatu du prentsarekiko harremanari dagokionez. Hasieran, hedabide handiak lehenetsi zituzten: hamargarren egunerako, TheNew York Times-ekoak batailaren lehen lerroan zeuden; nik 80 bat egun behar izan nituen horra heltzeko. Baina harreman horretan trebatu dira, profesionalizatu egin dira, eta azken bidaian askoz errazagoa egin zait kudeaketa; errusiarrengandik 500 metrora egon izan naiz, eta lubakietan lo egin izan dut. Dena den, inoiz ez naiz zentsuratua sentitu.
Gerra bukatzen denean, interesa are gehiago itzaliko da, ezta?
Eta uste dut terriblea dela, gerraostea okerragoa izan ohi baita gerra bera baino. Inbasioa hasi zenean, Ukraina barneko talkak albo batera utzi ziren, baina gerra bukatutakoan, berriro loratuko dira. Irakurleek ez badute interesik, ordea, hedabideek ez dute helaraziko.
Nabarmendu duzu gerra korrespontsal emakume gutxiago daudela gizonak baino.
Batez ere, argazkilariak. Ukrainako gerran, 17.000 profesional inguru egon gara; argazkilari milaka batzuk. Horietatik, hamar emakume argazkilarik baino ez dugu dokumentatu frontea.
ATZEKOZ AURRERA. Maria Senovilla. Gerra korrespontsala
«Ukrainan egunero ikusi ditugu gerra krimenak»
Ukrainara doan bakoitzean, hiruzpalau hilabetez geratzen da han Senovilla: lan egiteko era horrek aukera ematen dio gatazkan sakontzeko. Lehen lerroa ezagutu du, baita haragoko ondorioak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu