joxerra senar
Sanferminak Iruñean. ERRESPETU INSTITUZIONALETIK

Kapitain ezezagunaren balentria

2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Ehun gorri! 20-19. Pilotariak izerdi patsetan daude, bere onena ematen, eta frontoiak ikuskizunaren neurriari orroka eta emozioz erantzuten dio. Hark ez du pilota sobera atsegin, baina erakundeko presidente moduan bertan egotea egokitzen zaio. Gonbidatu egin dute, eta ezin ezetz esan. Nahiagoko luke beste toki batean egon, baina, errespetu instituzionaletik, debekatua du uko egitea. Irribarre behartua egin eta aurrera. Alboan duenak puruari zurrupada eman dio. Goiko harmailetan gin-tonic edalontzitzarrekin asetzen dute egarria. Baina hark itxura gorde behar du. Irribarre egin, ezin du besterik egin. Ai, errespetu instituzionala!

Amaitu da partida, eta Labrit ia hutsik dago. Ez daki nork irabazi duen. Gorriek. Baina ez galdetu nortzuk diren. Denak agurtu ondoren, etxerantz doa. Goibel. Ai, presidente ez balitz. Ai, inork ezagutuko ez balu... Kaleko saltzaile bat gerturatu zaio, litxarreriaz beterik besoak eta bularraldea. Kaptain dioen marinel txanoa jarri dio buruan. Ez, ez, mesedez. Ez dut nahi. Jarraian, eguzkitako merke ziztrin batzuk paratu dizkio... eta orduan jabetu da ideia ona izan daitekeela. Auto bateko ispiluari erreparatu dio, eta, bere ustea berretsi ostean, billetea eman dio saltzaileari.

Ordu batzuk geroago, egunsentiaren argiak kaleak argitzen dituela, etxera gerturatzen ari da sigi-saga. Giltza atarian sartzea mundu bat kostatu zaio. A zer gaua! Denetarik egin du. Uneren batean, parrandakide batek aurpegi arraroa jarri dio: «Zuk presidentearen itxura duzu... baina, bai zera!». Buruarekin keinu egin du, ezinezko balitz bezala. Koartada ona hori.

Kar-kar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.