Sanferminak Iruñean

Urduri, festaren zain

Sanferminak hastear dira Iruñean. Gaur eguerdian emanen zaio hasiera bederatzi eguneko etengabeko festari. Hiriak prestaketetan eman ditu azken egun hauek. Gogor jardun dute lanean, eta ilusioa eta gogoa nagusi dira giroan.

Iruñeko herritarrak eta kanpotik iritsitakoak prest daude sanferminen hasierarako. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Udaletxeko balkoitik jaurtiko den txupinazoak emango die hasiera, aurten ere, Iruñeko sanferminei. Iruindarrak eta kanpokoak luze egon dira festak noiz hasiko zain, eta aurreko egunetan nabaria izan da horrek dakarren urduritasuna, tentsioa eta, askorentzat, ilusioa.

Gehienek ongi baino hobeki dakite, festa giroak ez ezik, festek ere hiria nabarmen aldatuko dutela, arlo guztietan. «Lana izango duzue egun hauetan, e? Ezin izango gara sartu ere egin», esan zion atzo emakume batek billabesako gidariari. Horregatik, festen aurreko egun hauek mandatuak egiteko aprobetxatu beharrekoak izan ohi dira, ongi jakina baita zaila izanen dela erlojuak 12:00ak markatu ondoren egunerokoak normal egitea.

Kukuxumusuren Estafetako atzerako kontuak dagoeneko ez ditu egunak markatzen, orduakbaizik.Ordu horietan ikusmira berezia sortzen du erlojuak, eta, inoiz baino gehiago, bertatik pasatzen direnei ilusio berezia egiten diela dirudi une hori beren sakelakoetan jasotzeak, sare sozialetan jartzeko akaso. Azken egunotan ohiko irudia izan da hori.

Pare-parean dago Casa Juanito taberna. Iruñeko txoko askotan bezala, gaur goizean goiz ematen dituzte festa behar bezala hasteko moduko gosari edo hamarretakoak. Lagun talde batzuek fidel jarraitzen dute urtez urte eta txoko berberak aukeratzen dituzte beren gosariak egiteko. Beste batzuek, berriz, desberdinak probatzen dituzte beren gustukoenarekin topo egin arte. Casa Juaniton, beste hainbestetan bezala, aspaldi bukatu zen erreserbak egiteko aukera. Bertan egiten du lan Maitane Alduainek, eta, azaldu zuenez, Aste Santuan bertan bete zuten zerrenda. Jendeak ez du azken unera arte itxoin nahi izaten, ezustekorik egon ez dadin.

Alde Zaharreko kaleak tabernetarako hornidurak zekartzaten kamioiz beteta egon dira azken astean, bederatzi eguneko festa giro etengabean anabasa litzateke-eta produktuen falta izatea. Gelditu gabe aritu dira bai garraiolari, bai eta negozioetako langileak ere. Beroak gogortu egin du horretarako lanean aritu direnen jarduna, baina ezinbestekoak izan dira ordu horiek dena prest uzteko.

Tabernariek aski ongi dakite aurreko egunetako lan hori nolakoa den. «Oso lanpetuta ibiltzen gara. Astebete daramagu dagoeneko prestaketa lanetan», esan zuen Arrano tabernako Beñat Azkonak festen bezperan. Beren biltegiak betetzen aritu ziren atzoko egunera arte Herriko Tabernakoekin batera.

Berdin egon dira Kaldereria kaleko Alegria tabernan ere: «Urduritasunez betetako egunak dira, mila gauza ditugulako prestatzeko, eta dena ongi ateratzea nahi dugulako», adierazi zuen tabernako Saioa Etxartek. Aurtengo festei begira duen sentsazioa ere azaldu zuen: «Oso jendetsuak izango direla uste dut: kaosa, batez ere lehen egunetan». Izan ere, lana hasi baino ez da egiten suziriarekin. Asko dira lanean handik aurrera emanen dituztenak: «Egun asko dira, eta batzuetan ematen du ez direla inoiz bukatuko».

Karmen kaleko Aldapa tabernan oso prest daudela azaldu zuen Lander Perezek, eta oso pozik agertzen direla bertan izaten duten giro euskaldunarekin. Hala ere, lanak nekea dakar, eta lehendabiziko eguneko ilusioa pasatuta, badaki ere egunak «luzeegi» egiten direla.

Kanpokoen etorrera

Tabernariek beharko luketen deskantsua egin behar izaten dute festazaleek indarrik gabe gelditu ostean, eta hemengoak ez direnak horretarako tokia topatzen saiatzen dira, hala nola Natalia Epaltzaren Iruñeko Aterpean. Karmen kalean du aterpea Epaltzak, eta bete-betea du dena lehendabiziko astebururako: «5, 6 eta 7 erokeria dira, benetan, beste hiru aterpe izanen banitu, horiek ere beteko nituzke».

Katedraleko plazako aterpeko 45 oheak ere hartuta daude egun horietarako. Izan ere, urtebete da jendea erreserbak egiten hasi zela. Urteko festak amaituta, jada hurrengoari begirada botatzen diote.

Alberge eta aterpeetako okupazio handiak, ordea, ez du errealitatea bete-betean islatzen. Udaletxe plazako turismo bulegora ez da aurreko urteetan bezainbeste jende agertu. Langileak ez dira ausartzen arrazoia zein den argi adierazten, baina talde bortxaketak eragina izan duelakoan daude. Betiere, lan handia izaten dute sanferminetan. «Oso egun gogorrak izaten dira, baina behin festan sartuta, bereziak eta atseginak bihurtzen dira, nolabait», esan zuen Aitziber Imizkoz bulegoko langileak. Oraingoz, frantsesak eta euskaldunak dira, gehienbat, hainbat konturen inguruan galde egin dutenak, eta entzierroekin eta zezenketekin zer ikusia dutenak dira jakin-min handiena pizten dutenak, urtez urte. Baita kontu praktikoagoak ere.

Aurten ere O eta Errekoletenplazetan jarri dituzte txosnak. Antolatzaileek uste dute txoko aparta dela giro euskaldunean murgildu eta kontzertuez gozatzeko, eta ilusioz aritu dira muntaketan eta dekorazioa atontzen. Aurten, Arrotxapeko Gaztetxeak utzi die horretarako materiala. Astelehenean hasi ziren, eta goiz eta arratsaldez hainbat lagun bildu izan dira txosnak aurrera atera zitezen. Horien artean zebilen Xabi Gartziak egunotan egon den auzolan «erraldoi» eta «zoragarria» txalotu zuen, eta lana modu horretan egiteak asko lagundu duela esan zuen: «Estreserako egunak baino gehiago, gozamenerako egunak ere badira hauek. Ilusioz eta gogotsu gabiltza». Atzo oraindik ere festa egunetako txanda batzuk betetzeke zeuden bi gune horietan, baina denak osatuko dituztela sinetsita daude aurreko urteetako arrakasta kontuan hartuta.

Dena prest guztientzat

Zalantzarik ez dago mota guztietako jendea biltzen duten festak direla Iruñeko sanferminak. Hiriak giro desberdin asko eskaintzen ditu gozamenerako, eta adin tarte guztien gustuei erantzuten diela eskertzen dute hainbatek.Haurrentzako erraldoiak egun osoan, musika eguneko edozein ordutan... Informazio guneak dagoeneko jarri dira zentroko hainbat tokitan. Horien artean, Gazteluko plazan eraso sexisten aurkako txoko bat ireki zuten atzo goizean, festetan irekita egonen dena. Dena prest utzi zuten atzo arratsean Iruñean, deusek huts egin ez dezan. Ilusioa, eta urduritasuna nabari da giroan.

Ukaezina da egun bereziak direla uztailaren 6tik 14ra bitartekoak. Iruñea zuriz tindatuko da beste behin. Jendearen ahotan da hiriari gainera datorkiona. Horrela adierazi zuen gazte batek bezperan: «Apokalipsiaren aurreko eguna dirudi». Zirrararen seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.