ATZEKOZ AURRERA. Nirmala Jalagadugu. Vicente Ferrer fundazioko kidea

«Eskubideak aldarrikatzen ari gara, mundu osoan bezala»

Indiako landa eremuko herritar askok ezagutzen dute Jalagaduguk eta haren kideek egiten duten lana. Genero bereizketa bukatu nahi du.

JON URBE / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Indiako hegoaldean bizi da Nirmala Jalagadugu (Anantapur, India, 1988). Vicente Ferrer fundazioan egiten du lan, landa eremuetako komunitate behartsuetako kideen «bizitza hobetzeko» asmoarekin. Aurreneko aldia du bere estatutik kanpo, eta zeharo «liluratu» du Donostiako itsasoak. Atzo, 50 urtez India nekazarian lanean hitzaldia eman zuen Donostian, fundazioaren 50. urtemugaren harira.

India erraldoia da. Zein gunetan egiten duzue lan?

Fundazioak oraingoz bi estatutan egiten du lan: Andhra Pradesh eta Telanganan; India hegoaldean daude biak. Landa eremuetan ditugu proiektuak, batez ere osasun eta hezkuntza arlokoak.

Zein dira landa eremuetako herritarren behar nagusiak?

Nekazariak dira gehienak, eta gero eta euri gutxiago egiten du. Lanik gabe geratzen ari dira, eta askok emigratu egiten dute. Urtean, 540 milimetro euri izaten dira; iaz, batere ez. Horrek moztu egiten du haurren heziketa, baita emakumeen garapena ere. Denak egiten du atzera. Jendea zaindu nahi dugu, etxeak eraikitzen lagundu, eta bizitzak hobetu, ez dezaten alde egin.

Fundaziokoak iritsi berritan, izaten dute mesfidantzarik?

Estatuetan eta mugan ezagutzen gaituzte dagoeneko, eta ikusi dute zer aldaketa egon den. Baso inguruko gune batean, ordea, hiru urte behar izan genituen haiengana hurbiltzeko. Ehiztariak dira, eta bakoitzak arku bat du; ez da erraza haiengana iristea. Ezagutu gintuztenetik eta esateko genuena entzun zutenetik, errespetu handia digute.

Nola egiten dira lehen urratsak?

Hasieran, inork ez zekien zer ziren talde horiek, zer helbururekin egiten genuen lan. Orduan, elkarlanean hasi ginen, eta leku batean egindako guztia ahoz aho zabaldu da azkenean inguruko herrietara. Jendeak ikusten du egoerak hobera egiten duela, eta, orain, laguntza eske etortzen dira gugana. Egun, 3.662 herritan egiten du lan fundazioak. Lan asko dago egiteko, atzerapena ez delako ekonomikoa soilik; soziala ere bada, batez ere emakumeengan.

Emakumeei nola eragiten dizue?

Kasta eta pobrezia bereizketa bezalaxe, genero bereizketa oso agerikoa da. Horrek atzera bidaltzen du emakumea, ez dezan ezer alda. Guk emakumeak diruz laguntzen ditugu, hasteko. Sangham izeneko elkarteak sortzen ditugu: emakumeak elkartzen dira talde horietan, beren arazoez hitz egiteko. Aldagai ekonomikoa ere garrantzitsua da: dirua aurrezten dute, beharra dutenean elkar laguntzeko.

Zein lanetara jotzen dute emakumeek?

Abeltzain aritzen dira, batez ere. Bufaloak eta arkumeak erosten dituzte, eta, ondoren, esnea saltzen dute; horrela hasten dira negozioa ikasten. Laguntzen diegu bankuan dirua sartzen, ikusteko nola funtzionatzen duen horrek ere, eta arau sozialak barneratzeko, jendaurrean hitz egiten trebatzeko.

Bestelako zer lanketa egiten dira talde horietan?

Tailerrak ematen ditugu higienerako materiala hobea izan dadin. Konpresak, esaterako; oraindik askok tela erabiltzen dute. Ondoren, emakume horiek joaten dira herriz herri hitzaldiak ematen haiek bizi izan duten aldaketaz.

50 urtean, zer aldatu da?

Duela hamarkada gutxi, emakumeek familiarengan bakarrik pentsatzen zuten, etxeko kontuetan eta umeengan. Ez zekiten ezer gizarteaz, hitza ukatzen zitzaien, ez zuten ezer esaten. Orain, beren eskubideak aldarrikatzen dituzte. Kontzientzia daukate: «Ni ere gizartearen parte naiz, eskubideak ditut». Gu ere ari gara gureak aldarrikatzen, mundu osoan bezala. Lehen, ez genekien ezer ere.

Datozen 50 urteetan, zer alda daiteke?

Berdintasun osoa nahi dugu, hemen ikusten dudan berdintasun hori bera. Hasteko, hezkuntzak behar du lanketa sakona, horrek aldatuko duelako dena. Emakumeen %100 joan behar da eskolara, gazteen ezkontzekin bukatu behar dugu, eta genero indarkeriaren aurka borrokatzen jarraitu. 50 urtean, lortuko dugu, ziur nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.