ATZEKOZ AURRERA. Ibai Iturria. Mendizalea

«Pirinioetako haranetan oso txiki sentitzen zara»

Erronkak ez dira beti lehenbizikoan erdiesten. Iturriak ezin izan du GR-11 bukatu, baina hori ez zen xede bakarra: «Uste dut lortu dudala Lymeren eritasuna eta Alyme elkartea ezagutaraztea».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Huescako Pirinioetatik (Espainia) erantzun behar zituen galderak, baina Beratik (Nafarroa) egin du. Erronka ezin izan du bukatu Ibai Iturria mendizaleak (Bera, Nafarroa, 1988). GR-11 ibilbidea egiten ari zen Lymeren eritasuna dutenen elkarte Alymeren alde. Ostiralean abiatu zen Hondarribitik (Gipuzkoa), eta hilaren 23an zen Andorrara iristekoa.

Zer pasatu da?

Giharrean min hartu dut. Fisikoki ongi nindoan, baina atzoko [herenegungo] etapan, 5 kilometro faltan, ezker hankako gihar batean gainkarga nabaritu nuen. Min hori banekien zer zen, iaz Elbrus prestatzen gauza bera gertatu zitzaidalako. Banekien ezingo nuela segitu. Bertzela, etapa hagitz ongi: denboraz eta erritmoz ongi; 14:00etarako Lizarako [Huesca] aterpean nengoen.

Pentsatzekoa da ez dela erabaki erraza izanen. Penaturik zaude?

Ez da erabaki erraza izan, zerbaiten alde ari nintzelako. Aurten ez dut atzerrian mendian ibiltzeko proiekturik, eta GR-11 egiteko ilusioa nuen. Pena handia eman dit hasi eta segidan izan dela, 6. etapan. Halere, kilometro anitz izan dira, erritmo bizian, bi etapa egiten nituelako batera: sei etapak, berez, 11 izan dira.

Beti ez dira erronkak lehenbizikoan erdiesten. Atera duzu onik?

Autokritika egin behar da, eta balorazioa egin beharko dut. Orain bertze mundu batean nago, baina ikasiko dut zerbait ona ateratzen, eta datorrenean jarriko dut praktikan.

Instagramen etapen kronika egin duzu: Elizondo-Auritz ibilaldia izan da gogorrena?

Azkenean, 44 kilometroko etapa atera zitzaigun. Gogorra izan zen. Baina gurasoek sorpresa eman zidaten, eta nirekin egin zuten bidea.

Laguntza izan duzu tarteka?

Adiskide batek zati batean lagundu ninduen bigarren etapan; gurasoek, Elizondokoan [Nafarroa], eta osaba batek, Otsagabikoan [Nafarroa]. Osaba horren semeak dauka Lymeren gaixotasuna, eta ekarpen txiki bat egin nahi zuen.

Zer garrantzi dute animo horiek? Eta sare sozialetatik jasotakoek?

Pila bat. Ez nuen uste, baina GR-11 hau bizi izan dut... Gogorra da alderdi guzietatik: fisikoki, psikologikoki... Etapa bat bakarrik egiten duzunean, zu zaude zeure buruarekin: alde onak izaten ahal ditu, baina karga hori kontrolatzen jakin behar da. Nafarroako Pirinioaurrea zeharkatu dut: hor barrenean sartzen zarenean, haran batean, hurbilen dagoen herria lauzpabost ordura duzunean, eta zortzi orduan ez duzunean inor harrapatzen, gogorra da. Burua ongi behar duzu. Beraz, pila bat eskertu dut babesa, aitzinera egitera bultzatu nau.

Andorrara ez zara ailegatu, baina beste helbururen bat lortu duzu?

Bai. Nire helburuetako bat eritasuna eta elkartea ezagutaraztea zen, eta uste dut lortu dudala. Elkartea kontent dago egindako lanarekin. Ez zuten espero hainbeste zabalduko zenik sare sozialetan eta jende artean. Bertzea, Andorrara iristearena, orain ezin da, baina mendia beti hor egongo da: ez da mugituko; beraz, hobetzekoa hobetu, eta datorren urtean, aukera bada, egingo dut. Edo bertze batean.

Noizbait beteko duzu, beraz?

Dudarik gabe. Osorik egin nahiko nuke, hasieratik.

Nola prestatzen dituzu erronkak?

Lehendabizi informatu, eta gero hasten zara fisikoki prestatzen. Jakinda 22 kiloko motxila neramala, indar ariketak egin ditut, eta mendira motxilarekin joan. Mentalkiprestatzea zaila da. Pirinioetako ingurua ez da hemengo bera: haran horietan oso txiki sentitzen zara, mendi izugarriz inguratuta.

Elkartearen alde etapak diruz lagundu zitezkeen. Lortu duzue?

Elkarteak erran dit laguntza handia lortu dutela. Helburua lortu da: ez bakarrik ekonomikoa, baizik eta eritasuna, hura nola saihestu edo harekin nola jokatu zabaltzearena.

Prebentzioa sustatzea zen helburuetako bat. Nola egin duzu?

Eritasun hau kaparrek kutsatzen dute, eta horiek mendian sasi tartean ere egoten dira. Prebentzio handia da bota altuak eta galtza luzeak eramatea, baita udan ere. Ni ez nau inork ikusiko mendian galtzamotzetan. Eta gero, etxera iritsita, dutxan, gorputza aztertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.