ATZEKOZ URRERA

Zientzia Asteak ilusioa piztu du

Zientziaren Astean, ikasleek zientziaren hainbat adar ezagutzeko aukera izan dute, baita esperimentatzeko ere. Nabarmendu dutenez, balorazio «positiboa» egin diote egitasmoari.

Zientziaren Astean, ikasleek erromatarren garaiko gertaerak bizitzeko aukera izan dute. JUANAN RUIZ / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Gasteizko Aiztogile kalean giro goibela dago, euritsua. Banatzaileen autoez gain, inor gutxi dabil kalean gora eta behera. Bestelakoa da egoera, ordea, Bibat Arabako arkeologia museoan. Eraikinaren sarrerara iritsi orduko, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Zientziaren Astea iragartzen duen kartel bat ikus daiteke. Kolorez betetako panel bat da, zientziak dituen adar guztien adierazle diren koloreen aniztasuna. Egitasmoak zientziarekiko ilusioa piztea du helburuetako bat.

Museora sartu bezain laster, hainbat eskolatatik etorritako ikasleak dabiltza bueltaka. Eraikinean hainbat txoko daude; horietako bakoitzean, gazteek zientziaren arlo jakin bat ezagutzeko aukera dute. Lehen solairuaren eskuinaldean, automobilgintzaren arloa dago. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle talde bat Gasteizko Ingeniaritza Eskolako ikerketa talde baten proiektua ezagutzen dabil. 1 Formulako auto bat erakutsi diete telebista batean, irudi dinamikoen bitartez. Gero, MotoGP mailan erabiltzen den zuri eta laranja koloreko moto bat aurkeztu diete. Publizitate markaz josia dago. «Halako kontuak gustuko baldin badituzue, ikasi ingeniaritza», esan du ikerketa taldeko kideetako batek.

Ezkerraldean, berriz, hiru txoko daude. Lehen bietan ikasleak hizkuntzekin jolasean dabiltza, ingeleseko esaldien forma egokia nork asmatuko. Han da Domingo Jimenez Gasteizko Sansomendi ikastetxeko ikaslea, ikaskideekin batera. Asko gustatu zaio egitasmoa, azalpenetatik harago hainbat material ezagutzeko eta ukitzeko aukera ere izan baitu: «Asko gustatu zait hemen egiten ari garena».

Hizkuntzalarien alboan, berriz, osasun arloko aditu batzuk daude: erizainak. Mahai gainean eguneroko jardunean erabiltzen dituzten materialak dira nagusi. Eskatu ahala, materiala erabiltzen dute. Ikasleetako bat jada hasia da pultsua hartzen. Baina txokoz aldatzeko ordua da.

Amara Kintana da Zientziaren Astearen barnean lanean dabilenetako bat. Bertan dauden ikasleen txanda guztiak koordinatzea du arduretako bat. «Kaosik egon ez dadin, eta ikasle guztiek txoko denak ezagutzeko, eskoletatik etorritako taldeak antolatzen ditugu», azaldu du Kintanak. Hain zuzen ere, lehen solairuko postuetan hamabost minutu igarotzen dituzte postu bakoitzean, eta bigarrengoan, hamar minutu. Kintana bera ere bigarren solairuan dago, eta gaineratu du egitasmoak aukera ematen diela gazteei motibazioa «piztu» eta gustuko izan ditzaketen zientzien alorrak ezagutzeko. Jon Carreras boluntarioa ere bertan da, eta Kintanaren iritzi berekoa da: «Egitasmoa interesgarria da interesa pizteko; gainera, gauzak ukitzeko, ikusteko eta probatzeko aukera dute, esperimentatzekoa».

Historia eta arkeologia dira bigarren solairu horretako jabeak, baina bada mikro-munduari eta elebitasunari buruzko posturen bat edo beste. Mikel Gomez da txokoetan dagoen kideetako bat, eta ikasle batzuk haren txokotik atera berri dira. Haren arabera, gazteen erantzuna «oso ona» da, eta nabaritzen da gai zenbatekiko «interesa» dutela. Hain zuzen ere, historia da postu horren oinarrietako bat, eta bertaratzen direnek aukera dute zenbait gertaeratan erabilitako objektuak ezagutzeko. «Indusketa arkeologikoetatik atera ditugun materialak erakusten dizkiegu, eta horien bitartez hainbat testuingururen berreraikuntza egiten dugu», nabarmendu du Gomezek. Esate baterako, Zornotzako (Bizkaia) Manuel Mogrovejo milizianoaren historia kontatzen dute. Berriro ere txokoz aldatzeko ordua da.

Gertaerak berreraikitzen

Iker Fernando Azpeitiko (Gipuzkoa) Urola ikastolako ikaslea da, eta ia txoko guztietatik igaro da. Orain, hirugarren pisuan dago. «Ikusi ditugu zientzia teknologikoak, arkeologikoak eta historikoak; oso interesgarria izan da guztia», aitortu du Fernandok. Hala ere, nabarmendu duenez, zirrara gehien eragin diona erromatar garaiko antzezpena izan da. Izan ere, azken txokoaren helburua hori da; gertaerak berreraikitzea. Ikasleek urteetan atzera jauzi egiteko aukera dute 25 minutuz.

«Azalpen teorikoak eman ordez, ederragoa da istorioak berreraikitzea», esan du Luis Ortizek,azken txokoaren antolatzaileak. Besteak beste, ezkontza bat, hileta bat eta martxa militar bat irudikatu dituzte, arropak, armarriak eta ezpatak gainean dituztela. Ainara Tena ere Azpeititik joandako ikasle bat da, eta Zientziaren Astean ikusitako guztia «oso interesgarria» iruditu zaio: «Kontatu digute ezpatak ere haiek egin dituztela, etaederra izan da; proiektu polita da».

Beraz, hainbat alorrek,erakutsi diete gazteenei zeintzuk diren zientziak eman ditzakeen aukerak. Zientziak ilusioa piztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.