ATZEKOZ AURRERA. Alex Txikon eta Unai Ormaetxea. Mendizalea eta idazlea

«Mendira joateko baino urduriago nago Durangorako»

'Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak' liburuan, Txikonen mendiko bizipenak eta gogoetak azaldu ditu Ormaetxeak.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Bilbo
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Alex Txikon (Lemoa, Bizkaia, 1981) mendizalea bihurtu du protagonista Unai Ormaetxea idazleak (Zornotza, Bizkaia, 1974) Mundu bat motxilan. Alex Txikonen menditazioak liburuan. Everestera neguan egindako espedizioa ekarri du gogora Ormaetxeak, mendizalearen burutazio eta gogoetak azalduz: «Bidea bera izango da ikasketa, ez helmuga». Nerabeei zuzendutako liburu bat da; halere, edozein adinetako pertsonak identifikatu daitezke kontakizunekin. Ez da Txikonen biografia bat, ez eta espedizioaren kronika huts bat ere: biak uztartuta egindako sorkuntza berezi bat izatea nahi dutela azaldu dute egileek.

Nola helduko da irakurlea munduko mendirik altueneko gailurrera?

UNAI ORMAETXEA: Irakurleak Txikonen eskutik bidaiatuko du Everestera, edo, hobeto esanda, lepotik. Lehenengo pertsonan eginiko bakarrizketan, bere motxilari zuzentzen dizkio hitzak protagonistak, eta, aldi berean, irakurleari. Txikonek, liburuan, irakasle batek ikasle bati hitz egiten dion moduan azaltzen ditu bere esperientziak.

ALEX TXIKON: Unaik esaten duenak garrantzi handia dauka niretzat, eta hark egindako lanarekin identifikatzen naiz.

Erreferentzia asko daude liburuan: askok zerikusia dute filosofiarekin. Liburu filosofikoa al da?

A.T.: Apur bat bai, baina ez da filosofiako liburu astunak bezalakoa. Ez dut uste zaila denik irakurtzeko.

U.O.: Bere ukitua badauka. Ez daados edo ez egoteko testu bat. Eleberri baten antza dauka, egituran behintzat. Ez da zaila, halere, eta komeni da pausaz eta lasai irakurtzea. Bertsolaritzatik nator ni, eta hitz jokoak ugariak dira liburuan. Menditazioak da bat.

Norentzako modukoa da Mundu bat motxilan liburua?

U.O.: Nerabezaroan dauden gazteei zuzendu nahi izan diegu gehienbat, baina edozein sentitu ahalko da identifikatuta. Egungo gazteen ikuspegiak aldatu egin dira, lana ulertzeko modua, familia ulertzeko modua. Dauzkaten motxilak ezberdinak dira, eta horri aurre egin nahi diogu kontakizun honekin.

A.T.: Informazio asko kontsumitzen dugu, bata bestearen atzetik, baina, liburu honekin, jendeak papera sentitzea, eskuetan hartzea lortu nahi dugu. Gazteek, esaterako, bizitzan lagundu ahal dieten gako batzuk topatuko dituzte liburuan. Gizartean, oro har, gazteen irudi txarra dago, baina kontuan hartu behar da gazteek egoera gogorrak bizi dituztela: atzerrira joan beharra, adibidez.

Zer balio transmititu nahi dizkiezue gazteei?

U.O.: Abenturarekin lotzen dugu mendizaletasuna: abentura hori garaile eta galtzaile bako aurrera jotzea da. Mendiaren eta bizitzaren arteko paralelismoa. Pedagogikoki balio handia eman nahi izan diogu.

Zelan sentitzen zara liburuarenprotagonista izanik?

A.T.: Oso urduri sentitzen naiz. Mendira espedizioan joateko baino urduriago nago Durangoko Azokara joateko. Testua ilustrazioekin batera ez dut irakurri oraindik. Prozesuan oso gustura sentitu gara. Ea orain zelan doan ondorengoa, salmentak eta jendearen iritzia.

U.O.: Protagonista izateaz gain, Alexen testu batzuk ere erabili ditugu.

Zer gustatuko litzaizueke pentsatzea liburua irakurtzen dutenek?

A.T.: Ilusio handia egiten dit liburua neraberen bati balio izateak, mendizaletasunarekin batzeko. Euskal Herrian afizio handia dago mendira joateko. Nik gogoan dut bereziki hitzaldi bat, Oiartzabal K2ra igo zenekoa. Horrek arreta piztu zidan, eta mendizale bihurtzeko arrazoi bat izan zen.

U.O.: Niri ere bertsolaritzan hasteko eskolan emandako saio batek eman zidan grina hori. Dir-dir egin zidan zer edo zerk, eta agian liburu hau horren ondorio izango da.

Proiektua liburuan geratuko da edo badago horren inguruan gaia lantzen jarraitzeko asmorik?

U.O.: Buruan daukagu honekin hitzaldi batzuk egitea ikastetxeetan. Alex Txikonen materiala eraman, eta gazteei lehenengo pertsonan hitz egitea.

A.T.: Proiektu moduan planteatzen dugu; interesgarria izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.