ATZEKOZ AURRERA. Mariana Yegros 'La Yegros'. Musikaria

«Musika ez da hilko; topatuko ditugu formula berriak»

Atlantikaldia jaialdian ariko da gaur La Yegros argentinarra. Chamambe eta cumbia doinuen altzoan dub, funky eta elektronika zipriztinak. «Dena desmuntatu, eta horrekin jolas egitea da».

BERRIA.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Ez deitu Mariana, deitu La Yegros». Montpellierretik (Okzitania) ari da Mariana Yegros (Moron, Buenos Aires). «Jaiotza data? Jarri zerorrek beharrezko ikusten duzuna».Urtebeterako joan zen hara «planik gabe», eta zazpi urte daramatza bertan. Atlantikaldian ariko da gaur, Errenterian (Gipuzkoa), jaialdiko lehen kontzertuan, Ines Osinagarekin batera (20:00). Tradizioa, sustraiak eta fusioa. Behin eta berriz aipatu eta azaltzen ditu hitzez, baina nahiago musikaz eta dantzaz.

Chamame dub, funk kopla, cumbia rap, folktronika... Ez da erraza egiten duzunari etiketaren bat jartzea. Fusio erabatekoa?

Erritmo askoren fusioak dira, bai. Nahasketa erabatekoa. Ideia da erritmoak eta abestiak desmuntatzea, eta horrekin jolas egitea.

Musika erabat modernoa da, baina abiapuntua, guztiz tradizionala.

Chamamea, Argentinan, jende helduak entzuten duen musika da, nolabait. Nire aitona-amonek eta osaba-izebek dantzatzen zuten, eta Buenos Airesen ez zen oso cool, baina nik sustraietan daramat, eta halaxe adierazten dut, jende gazteak ere entzun dezan eta dantzatu dezan. Gainera, hemen, Europan, ezagutzen ez duzuenez, ez duzue batere aurreiritzirik, eta hori oso egokia da gure arbasoek dantzatzen zuten musika bat hedatzeko.

Musika horrekin hazi zinen zu?

Chamame asko entzuten zen etxean. Kilometro 11 famatua, Transito Cocomarola... Nire amak, ordea, nahiago zuen cumbia: Los Wawanco, Cuarteto Imperial... markatu nauten taldeak dira. Gure gurasoek lagunekin egiten zituzten festetan dantzatzen zuten musika zen. Eta gu haiei begira egoten ginen mahaiaren azpitik. Misionesen jaio ziren nire gurasoak. Paraguai, Brasil... Hurbil daude, eta handik ere badator eragina. Haurtzaroko nire doinuak dira.

Eta zer dago Misiones eta Montpellier artean?

Bidaia luze bat. Baina egia da antzekotasunak ere badaudela, eta hemengo paisaiak gogorarazten didala hangoa. Maite dut mendia. Banuen han, eta badut hemen. Paris ere gustuko dut, eta hartzen diot Buenos Airesen traza, hango kafetegietan, usainetan, elkarrizketetan... Oreka bat eman dit horrek, behar-beharrezkoa dudana.

Desberdintasuna, bortxa, emakumeen kontrako indarkeria... Bada indarra zure letretan.

Bada indarra. Garrantzitsuena da emakumeok ahotsa dugula. Latinoamerikan badugu lana egiteko, baina espazioak irabazten ari gara, eta, noan tokira noala, sentitzen dut badagoela gure artean batasun bat.

Gai horiekin ere egin daitezke abesti dantzagarriak.

Nire disko guztietan agertzen dira mina, tristura... Egunerokoari buruz idazteak horixe dakar. Abesti bakoitzak istorio bat kontatzen du, eta biziarazten zaitu. Eta mugituz eta dantzatuz adieraz dezakegu hori. Musikaren indarra deitzen zaio.

Ezagutzen duzu Atlantikaldia?

Ez, baina, kultura ezberdinen arteko fusioa abiapuntu duenez, bat egiten du erabat nire filosofiarekin.

Ez da egoera erraza musikariontzat. Nola daramazue?

Gaizki. Asko zaildu dira gauzak. Kontzertu gehienak bertan behera gelditu ziren, eta gutxi batzuk baino ez zaizkigu gelditu. Musikatik bizi garenontzat, egoera benetan kezkagarria da. Egia da larre motzean ohituta gaudela, baina hau beste zerbait da. Itxialdia-eta baliatu ditut konposatzeko, baina egia da horrela kontzentratzea ez dela erraza. Halere, egingo dugu bidea; baliatuko dugu egoera hau ikasteko. Musika ez da inoiz hilko; topatuko ditugu formula berriak.

Ezinbesteko direnak eta ezinbesteko ez direnak ezberdindu dira Frantzian ere?

Eta aitzakia horrekin bertan behera utzi dituzte hainbat eta hainbat ekitaldi. Jakina kultura ezinbestekoa dela. Kultura, artea, musika... Munduaren ondare dira. Ahalik eta lasterren hartu behar dira neurriak alor horietan lanean ari zirenak berriro lanera buelta daitezen. Izango ez dira bada ezinbestekoak... Arteak nortzuk garen azaltzen du, eta hori ezin da tokiz mugitu; lehentasunezkoa izan behar du, eta ez zerrendako azkena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.