ATZEKOZ AURRERA

Txokolatezko sinboloa

Euskal Gozogileak federazioak bultzatuta, Euskal Herriko gozogileek Picassoren 'Gernika'-ren txokolatezko erreplika egin dute. Gernikan erakutsiko dute egunotan.

Txokolatezko Gernika egin duten gozogileetako batzuk, Lezon. Eskuinean, Miren Lukas hernaniarra. GORKA RUBIO / FOKU.
jakes goikoetxea
Lezo
2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Atetik sartu baino lehen iristen da barruko lurrin sarkor eta gozoa. Barrura sartu eta, hormari itsatsita, Pablo Picassoren Gernika, paperean, beste hainbat hormatan egon daitekeen moduan. Koadroak, ordea, hizkiak eta zenbakiak ditu barruan idatzita.

Paperezko Gernika-ren aurrean, txokolatezko Gernika. Koadroaren zati handiak. Zaldia, aurpegiak, kriseilua... Txokolate beltzez, zuriz eta esnedunez egina.

Puzzle bihurtutako sinbolo gozoaren inguruan, jaka motz zuriz jantzita, gozogileak aurrera eta atzera. Txokolatea zabaldu hemen, paperezko txantiloia jarri han, pintzelarekin marraztu harago. Aretoaren alde banatan, txokolatea isurtzen dute bi industria makinak, txokolate beltza batek, zuria besteak.

Miren Lukas da Lezoko (Gipuzkoa) 107. industrialdean, Salva Industrial enpresaren egoitzan bildutako gozogileetako bat. Maskarak ezin du ezkutatu aurpegiak islatzen duen nekea. «Nekatuta ez, jota gaude», aitortu du. «Lana uzten dugu, ez bukatu, eta hona etortzen gara». Gozogile batzuk 03:30ean hasten dira lanean beren gozotegietan, eta 13:00etarako Lezora joaten dira. «21:30-22:00ak aldera bueltatzen gara etxera. Hurrengo egunean berdin: goizaldean jaiki, lana egin, eta gero hona».

Lukas Hernaniko Oa gozotegiko gozogilea da. Gozoa Gipuzkoako gozogile artisauen elkartekoa. Baita sortu berri den Euskal Gozogileak federaziokoa ere. Duela gutxi indarberritu dute Gipuzkoako elkarte hori, eta horrek akuilatuta, Arabakoak eta Bizkaikoak ere animatuta, sortu dute Euskal Gozogileak federazioa. Ezagutarazteko, txokolatezko Gernika bat egitea erabaki dute, benetako neurrian, 7,76 metro zabal, 3,50 metro luze.

Bai Gozoak, bai Euskal Gozogileak federazioak ere, gozogileen lanaren garrantzia gizarteratu nahi dute. «Inor ez baita konturatzen hemen gaudenik», salatu du Lukasek. «Geure lana indartu behar dugu. Geu ere Euskal Herriko gastronomia gara, eta inork ez gaitu aintzat hartu orain arte».

Puzzle bihurtutako koadroa

Ideia sortu eta elkarteko kideen artean galdetu zuten. «Igande batean telefonoa hartu, eta galdezka hasi nintzen», azaldu du Lukasek. Baietz erantzun zioten. Gero, eztabaida sortu zen: ea benetakoaren neurrikoa edo txikiagoa egitea. «Egitekotan, benetako neurrian egitea erabaki genuen».

Benetako neurrian bai, baina ezin guztia pieza bakarrean egin. Txokolatezkoa da: gogorra, baina neurri bateraino. Astuna da: 500 kilo kakao erabili dituzte. Gainera, garraiatu egin behar da: kamioi batean, Gernikara (Bizkaia), naziek bonbardatu zutela 84 urte beteko baitira astelehenean.

Horregatik, koadroa hamalau zatitan banatu dute, puzzle erraldoi bihurtu. Pieza bakoitza 1,10 metro zabal, 1,86 metro luze.

Ez da lanerako eskurik eta ofiziorik faltatu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gozogileez gain, Lapurdikoek eta Nafarroakoek ere parte hartu dute: «Oporretan zegoen jendea etorri da lanera. Ikaragarria izan da».

Picassoren Gernika-ren txokolatezko erreplikak izan du oihartzuna, uste zuten baino handiagoa. Japoniako telebista batek ere egin du erreportajea. Kanpora begira lortutakoa bezain garrantzitsua izan da, ordea, barrura begira saretutakoa: «Ez genuen elkar ezagutzen, eta honek balio izan digu elkar ezagutzeko, talde sentitzeko. Hemen egin den taldeakindar handia du».

Gozogileek lanean jarraitzen dute. Egurrezko xafla bat jarri dute azpian, eta oilategietan jarri ohi den sare metalikoa gainean, gero bertara botatako txokolatea eusteko. Bi txokolate geruza, koadroaren zati bakoitzari dagokion txokolate kolorekoa. Gainean paperezko eredua jarri, eta margotzera. Marrak eta baita itzalak ere, aerografoarekin. «Ismael Sayalero zarauztarra da artista», Lukasen esanetan. Hernaniko gozogileak buruz ikasi du koadroa, baita lehen ez zekizkien xehetasunak ere: izkinako atea, leihoak, usoa, zezenaren barrabilak, denak ezkerrera begira daudela...

Arratsaldea da, eta lana bukatzen ari dira. Batzuek azkeneko xehetasunak egiten dituzten bitartean, besteak jasotzen hasi dira. Erratza pasatzen, esaterako. Lurrean ez dago hautsik, txokolatezko txirbilak baizik.

Arratsaldearen bukaeran, hamalau piezak Argitrans enpresako kamioi batean kargatuko dituzte, kaxa itxurako egitura batean, dardarak eta kolpeak saihesteko. Kamioia gaur goizean abiatuko da Gernikara. Han prest dago koadroa hartuko duen egitura, Ulma kooperatibak prestatua. Egitura etzana da, eta hala erakutsiko dute txokolatezko koadroa. Gernika eta gero, auskalo. Baionara, behintzat, eramango dute. Madrilera, Parisera eta Belfastera ere eramateko eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.